Zeruko dohaina lortzeko bidea

Eguzki panelak ekoizteko teknika berri batek energia fotovoltaikoa merkatzeko aukera ireki dezake.

Euskal Herrian garatutako sistemak gaur egungo efizientzia mantentzen du
<b>Zezula fotovoltaikoak egiteko, titanio dioxidoa erabili ordez fulerenoa erabiltzea proposatu dute ekoizpen gastuak merkatzeko.</b>
Zezula fotovoltaikoak egiteko, titanio dioxidoa erabili ordez fulerenoa erabiltzea proposatu dute ekoizpen gastuak merkatzeko. HORUS ENERGY

Juanma Gallego -

2016ko martxoak 27
Zelula fotovoltaikoak garatzeko teknika berria eta merkeagoa aurkeztu dute Polymat, Ikerbasque eta IK4 CIDETEC erakundeetako ikertzaileek. Teknikaren asmatzaileen arabera, bide hori jorratuta, fabrikazio kostuak nabarmen jaitsiko lirateke, zelulak ekoizteko beharrezkoa den tenperatura handiko tratamendu bat saihesten delako.

Ikerketaren emaitzak ChemSusChem aldizkarian plazaratu dituzte IK4-CIDETEC fundazioko Ramon Tena-Zaera fisikariak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Polymat institutuko Juan Luis Delgado kimikariak. Oinarrizko ikerketa bat bada ere, etorkizunean metodo hori industrian txertatzea posible izango dela espero dute zientzialariek. Delgadok azaldu duenez, proposatutako zelula berri horiek gaur egun gehien erabiltzen diren materialen antzeko efizientzia dute, baina ekoizpen prozesua asko merkatzen da.

Gaur egun, titanio dioxidoa erabiltzen da plaka fotovoltaiko gehienetan. Material hori, ordea, 500 graduko tenperaturan berotu behar da plaketan txertatu ahal izateko. Delgadoren arabera, aurkeztu berri duten metodoan, titanio dioxidoa erabili ordez fulerenoak erabiltzen dituzte. Karbonoaren deribatu horiek eta perovskita izeneko materiala erabilita, energia bihurketan %22tik gorako eraginkortasun maila lortu dute ikertzaileek.

Beste abantaila bat materialen malgutasuna da, plaka horiek edozein azaletan txertatu baitaitezke. «Perovskita aspalditik ezagutzen da, baina eguzki-energiarako aplikazioa orain dela zortzi edo bederatzi urte hasi zen. Hasierako emaitzak ez ziren izan espero bezain onak, baina orain dela lau urte inguru iraultza bat egon zen, %15eko efizientziak deskribatu zirenean».

Benetako kostuak

Energiaren alorrean, eraginkortasun maila faktore garrantzitsua da teknologia bat erabilgarria ote den erabakitzeko orduan. Kasu honetan, eguzkitik jasotako energiari zenbaterainoko probetxua ateratzen zaion deskribatzeko erabiltzen dira efizientzia ehuneko horiek, eta, horregatik, ahalik eta zifrarik handiena lortu nahi da.

Ez da faktore bakarra, ordea. «Gaur egun, %20ko eta %30eko efizientzietara heltzen da; baina industrian, iraunkorra eta ekoizteko merkea den materiala bilatzen da, batez ere. Sateliteetan edota Nazioarteko Espazio Estazioan, adibidez, material garestiak erabil daitezke efizientzia maila handiak lortzeko. Oro har, baina, fabrikazio kostuak oso handiak badira, industriari berdin zaio %25eko efizientzia lortzea, eguneroko bizitzan txertatzea ezinezkoa izango delako».

Energia mota horren defentsa sutsua egin du Delgadok: «Askotan, energia fotovoltaikoari fabrikazio kostu handiak edukitzea leporatzen zaio, erregai fosil eta gainerako energia iturriekin alderatuta». Adituaren arabera, orduko kilowatt kostuak kalkulatzen dira beti, «baina ez dira aipatzen horiek dituzten beste hainbat kostu: ingurumenean izaten dituen eraginak, kutsadurak sorrarazitako gaixotasunak, edota istripuak gertatzen direnean egin beharreko garbiketa lanak, besteak beste. Horiek guztiak, ordea, ez dira sartzen orduko kilowatt kalkuluetan», nabarmendu du.

Oinarrizko ikerketan egiten diren aurrerapenek etorkizunean izango duten ibilbidea igartzea eta zehaztea zaila dela onartu du Delgadok, eta, horren harira, orain erabiltzen diren teknologiaren hastapenak ekarri ditu gogora: «Gaurko energia fotovoltaikoa silizioan oinarritzen da, baina material horren zelula bat deskribatu zuen lehen artikula 1956. urtekoa da. Ikerketa horretan, %5eko efizientzia lortu zen».

Garai hartan, beraz, silizioa ez zen energia eskuratzeko material erakargarriena; Delgadok azaldu duenez, ordea, sateliteen garapenarekin eta espazio lasterketaren bultzadarekin, %30eko efizientzietara heldu zen laborategietan. «Ikerketa asko egin eta gero lortu zen teknologia hori eguneroko bizitzan txertatzea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna