Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Neandertalei so, eta ahoa bete hortz

Publizitatea

Gizartea

Neandertalei so, eta ahoa bete hortz

Duela 50.000 urte inguru, neandertalek azido salizilikoa eta propietate antibiotikoak dituzten lizunak kontsumitzen zituzten, aste honetan jakin denez. Aurkikuntzak berretsi du uste baino askoz konplexuagoa izan zela «gizateria galdua».
Paleoanthropology Group MNCN-CSIC ikerketa taldeak hedatutako argazkia; neandertalen masailezur bat da.
Argazkia: ANTONIO ROSAS / EFE

2017-03-12 / Juanma Gallego

Adostutako orduan jo du telefonoak. «Bona tarda, Carles. Azalduko zenidake, sikiera minutu pare batean, nola berreraikitzen duzuen antzinako DNA? Badakizu, polimerasaren kate erreakzioaren kontu hori guztia… zure liburu batean irakurrita daukat». Autobusetik atera eta etxera heldu berria bada ere, Carles Lalueza Fox paleogenetistak adorez hartu du enbidoa. «Tira, hori jada ez dugu egiten, zaharkitua gelditu zara gero!».

Kazetariek egiten dituzten galdera memeloen antologiarako hautagaitza egokia izateaz gain, anekdota txiki hori genetikaren arloan dagoen abiadura biziaren erakusle ere bada.

1984an aurkitu zuten antzinako DNA «berreraikitzeko» teknika, eta benetako iraultza eragin zuen. Ordudanik, iraganera bidaiatzeko tresna bikaina bihurtu da. Horri esker, besteak beste, lehen aldiz neandertal baten material genetikoa eskuratu zuten 1997an. Aurkikuntza horren atzetik beste asko etorri dira, eta sakabanatuta zeuden puzzle erraldoi horren piezak lotzen hasiak dira adituak.

Horrez gain, baina, bigarren iraultza izan da paleogenetikan, eta, kazetari guztiak horretaz jabetu ez direnez, Lalueza Foxek teknika berria pazientziaz azaltzeko adeitasuna izan du. «Aipatu duzun polimerasaren teknika hori baliatuz, DNA eraikitzeko gai ginen, baina laginean zeuden beste DNA aztarna guztiak betiko txikitzen ziren. Ondorioz, lortu nahi genuen kate konkretua zein zen erabaki behar genuen. Normalean, gizakiaren genoma nahi genuen. Orain, ordea, bigarren belaunaldiko teknikak erabiltzen ditugu. Sekuentziazio masibo honen bitartez, posible da lagin batean dagoen informazio guzti-guztia eskuratzea».

Bartzelonako Biologia Ebolutiboko Institutuan lan egiten du Lalueza Foxek, eta paleogenetikaren alorrean ospe handiko aditua da. Ohikoa da haren izena aurkitzea antzinako materialen inguruko azterketa sonatuetan; aste honetan Nature aldizkarian agertutakoa ez da salbuespena izan.

Hortzetako lertzoa

Zenbait neandertalen hortzetan agertutako kaltzifikazioak aztertu dituzte lan horretan. Duela 42.000 eta 50.000 urte bitartean bizi izan ziren gizaki horien hortzetako plakaren barruan «harrapatuta» gelditu da jan zutenaren arrasto genetikoa. Sekuentziazio masiboa erabiliz, bertan zegoen guztia atera da argitara orain.

Zehazki, Spyko (Valonia) eta El Sidrongo (Espainia) aztarnategietako lau neandertalen laginak aztertu dituzte. Valoniako neandertalen kasuan, errinozero iletsuaren, basa ardiaren eta perretxikoen arrastoak agertu dira hortzetan. El Sidrongo gizakiek, berriz, landareetan oinarritutako elikadura omen zuten: pinaziak eta goroldioa agertu dira, eta, kasu honetan ere perretxikoen aztarnak ikusi dituzte. Kasualitatea ala ez, El Sidrongo gizakien kasuan, begetaletan oinarritutako elikadura baino ez dago, eta Valoniako neandertalen artean, berriz, haragia da nagusi.

El Sidrongo norbanako batek osasun arazoak zituela ere ondorioztatu dute. Hortzetan abzesua zeukan, eta beherako zorrotza eragiten duen hezeetako parasito baten seinalea ere ageri da analisietan. Baina, zalantza barik, deigarriena da haren hortzetan makalaren eta Penicillium lizunaren aztarnak ere ageri direla. Gaurko hitzetan esanda, eta asko sinplifikatuz, aspirina eta antibiotikoa.

Baina neandertalek benetan erabiltzen al zituzten botika horiek? Makalaren eta lizunaren arrastoak azaltzeko beste argibiderik ez dago? Ezezkoan dago Laluzeza Fox. «Beste azalpenik ez zait bururatzen. Baina ez da harritzekoa: neandertalen inguruko ideia sinpleegia dugu gehienetan. Ehiztari biltzaileak izanda, haien bizimodua gaur egun Afrikan edo Amazonas aldean dauden halako populazioen antzekoak izango zen seguruenera. Nolabaiteko ezagutza enpirikoa izan behar zuten, eta kulturaren bitartez transmitituko zuten ezagutza hori. Lagungarriak ziren landareei buruzko ezagutza bat ere bai, esaterako».

Elikadurari eta osasunari buruzko datu horiek eskuratzeaz gain, orain arte sekuentziatu den mikrobio baten genomarik zaharrena lortu dute ikerketa honetan: Methanobrevibacter oralis izenekoa. Duela 50.000 urteko zomorro baten genoma, alegia.

Adituak espero du teknika hori baliagarria izango dela museoetako eta unibertsitateetako biltegietan gordeta dauden hortz fosiletatik informazio berria lortzeko. «Ez dakit noraino jo ahal izango dugun atzera. Atapuercan, esaterako, duela 400.000 urteko hortz kalkulu baten fosila dago, eta badirudi kaltzifikazio honek ondo babesten duela informazio genetikoa. Iraganeko gizaki guztiek, noski, ez zuten kalkulua, eta aspaldi berreskuratutako fosilen kasuan, gainera, informazio mordoa galdu da, arkeologoek fosilak garbitzen zituztelako».

Lalueza Foxen arabera, ikerketak aukera berriak irekitzen ditu, elikaduraz gain, neandertalen mikrobiomaren inguruko datu gehiago lortzeko. «Erregistro fosilean aurkitu ezin den informazioa lortzeko aukera berriak zabaltzen dira, eta bide horretatik espezie horri buruzko irudi errealagoa osatu ahal izango dugu».

Neandertalen inguruko irudia gehiegi sinplifikatuta dagoela uste du Asier Gomez Olivencia EHUko paleoantropologoak ere. «Neandertalek botikak hartzen zituztela jakiteak ez ninduke harrituko. Txinpantzeen kasuan ere horrelako kasu dezente topatu dira. Bestalde, 2012ko artikulu batean proposatu zen El Sidrongo neandertal batek kamamila eta milorria kontsumitu zituela, botika gisa». Adituak adierazitakoaren arabera, artikulu hori argitaratu eta gero beste ikertzaile batzuek proposatu zuten agian neandertalek belarjaleen urdailaren barrukiak jango zituztela. «Baina bai, seguruenera landare botika bat baino gehiago ezagutu eta erabiliko zuten».

Neandertal kulturak

Adituaren ustez, paleoantropologiaren bidez eskuratutako informazioa baieztatzen dute ikerketan planteatzen diren hainbat ideiak. «Hemen berresten da, esaterako, neandertalek lekuaren eta tokiaren araberako elikadura zutela. Geografiari eta kronologiari begira, ulertzekoak dira alde horiek, klima eta biotopo desberdinak zirelako».

Neandertalek kanibalismoa praktikatzen zutela dioten azken ikerketei buruz galdetuta, albisteen testuingurua zehaztu nahi izan du Gomez Olivenciak. «Ebidentzia hori topatu dugu; nik neuk iaz parte hartu nuen ideia hori berresten zuen ikerketa batean. Baina ez dakit noraino esan ahal dugun kanibalak zirenik. Badakigu une konkretuetan hori egin zutela, baina ez dakigu orokorra zen ala ez. Gure espezieak ere hainbat garaitan kanibalismoa praktikatu du, baina, oro har, ez dugu geure burua kanibaltzat jotzen».

Horrekin lotuta, beste ideia bat nabarmendu du paleoantropologoak: gizaki modernoarena bezala, neandertalena espezie kulturala zela. «Talde desberdinek leku desberdinetan eta garai desberdinetan gauza desberdinak egin zitzaketen. Horregatik, neandertal kulturei buruz hitz egiten hasi beharko genuke, pluralean».

Hilobiratzeari dagokionez ere, zalantzak nagusitzen dira. «Ez dakigu hilobiratzea zerbait arrunta zen ala ez, baina badakigu, gutxienez, zenbait kasutan hala izan zela. Guk portaera hori zuzenean hildakoekiko begirunearekin lotzen dugu, baina ez dakigu horren zioa hori izan ote zen. Demagun gorpuak ibaietara botatzen zituztela begirune hori adierazteko. Hala izan balitz, horren aztarna fosilik ez genuke izango». Zalantzak zalantza, duela 100.000 urte inguru une erabakigarria gertatu zen, Gomez Olivenciaren arabera. «Data horren inguruan zerbait gertatu zen, bai neandertalen eta bai gizaki modernoen hezurdura osoak agertzen hasten baitira».

Ezagutza soiletik harago, iraganera hurbiltzearen balioa aldarrikatu du adituak: «Denboran zehar espezieak agertzen eta desagertzen dira, eta horrek, espezie moduan, zer pentsa eman beharko liguke».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak