Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Gorrotoak aienatzeko tresna

Publizitatea

Gizartea

Gorrotoak aienatzeko tresna

Ekialde Hurbila amaigabeko gatazkan murgilduta dago aspalditik, eta elkarren arteko gorrotoak maiz azaleratzen dira. Zientziari lotutako hainbat egitasmok, ordea, itxaropenerako bidea ireki dute.
<b>Samaria iparraldeko nekazariak, hontzekin lanean.</b>
Argazkia: HAGAI AHARON / CELL PRESS

2017-04-23 / Juanma Gallego

Zientzia eta teknologiaren garapena liskarrekin lotua egon da maiz. Ezaguna da eguneroko bizitzan erabiltzen diren hainbat teknologia gerrarako garatuak izan zirela: GPSa, Internet, radarrak, energia nuklearra... Zerrenda luzea da. Zientzialarien arteko desadostasunak ere nabariak izan dira historian. Baina kontrako bidea ere jorratu dute sarritan. Izan ere, ideologia eta jatorri ezberdineko zientzialariak lanean jartzeko aukera eman du zientziak. Are gehiago, bakea eraikitzeko tresna ere izan daiteke ezagutza.

Trends in Ecology and Evolution aldizkarian argitaratu duten artikulu batean eman dute horrelako egitasmo itxaropentsu baten azken adibidea. Artikuluaren izenburuak berak ondo zehazten du atzean dagoen filosofia: Naturak ez du mugarik: Naturaren kontserbazioaren rola bakearen eraikuntzan. Ekialde Hurbilean hontzak eta nekazariak bateratzen dituen proiektu baten berri eman dute.

Duela 35 urte inguru abiatu zen egitasmoa. Garai horretan, Tel Aviveko Unibertsitateko (Israel) Yossi Leshem ornitologoa konturatu zen nekazari israeldarrek pozoiak erabiltzen zituztela marraskariak hiltzeko. Arazoari irtenbidea emateko, nekazariekin eta Israelgo agintariekin lanean hasi zen, eta, azkenean, lortu zuen pozoiaren ordez harrapakari naturalak erabiltzea. Hontzentzako habiak jarri zituzten, marraskarien kontrola predatzaile horien esku utzita.

Denborarekin, ordea, Leshem konturatu zen marraskarien arazoa ez zela soilik israeldarren kontua, eta palestinarrek zein jordaniarrek ere arazo bera zutela. Hortaz, hiru komunitateetako nekazariekin lanean hasi zen, eta ekologiarekin lotutako proiektu soila izaten hasi zena nazioarteko kolaborazioa sustatzeko egitasmo bihurtu zen.

Lausanako Unibertsitateko (Suitza) biologo Alexandre Roulin buru-belarri murgildu da proiektuan. BERRIAri azaldu dionez, 2008an ezagutu zuen Leshem. Ornitologiari buruz Vienan (Austria) egindako kongresu batean izan zen hasierako topaketa hura, eta, ordudanik, bere egin du egitasmoa. «Israelera bisita egiteko gonbidapena egin zidan. Berehala konturatu nintzen hontzak tresna bikaina izan zitezkeela palestinarrak, jordaniarrak eta israeldarrak mahai berera eramateko. Beraz, jarduera honetan murgiltzea erabaki nuen, eta ikusi nuen giza alderdi harrigarria zegoela».

Roulinek azaldu du Suitzan dirua bilatu zuela koordinatzaile bat ordaindu ahal izateko. Ametsa pixkanaka gorpuztu da. «2016an, Genevako Bakearen Astearen barruan ekitaldi bat antolatu genuen, eta Davosen beste bat. Bestalde, Suitzako Gobernuko agintariekin harremanetan nago. Datorren astean, adibidez, Suitzako armadako kideekin bilduko naiz, bake eta naturaren kontserbazioa helburu dituen egitasmo bat antolatzen saiatzeko».

Bilera gutxi batzuk izan ondoren, komunitate ezberdinetako lagunak adiskidetu zirela azaldu du adituak: «Guztiok dugu bakearen beharra, eta bilera horiek guztiz freskagarriak dira».

Hurbiltze horren adibide ugari ondo gordeta ditu gogoan Roulinek. Adibidez, Israelen batzar bat izan zutenean, denek batera —israeldar, palestinar zein jordaniarrek— Nazareteko Natibitatearen eliza, sinagoga bat eta meskita bat bisitatu zituztenekoa. Edota errabino batek hontz jakin baten txitak musulmanak ala juduak ote ziren txantxetan galdetu zuenekoa.

Azkenik, Ammanen (Jordania) izandako afari bat bereziki gogoan du: «Bi lagun eztabaidatzen hasi ziren, baina ez genekien zeri buruzkoa zen liskarra. Hamar minutu pasatu eta gero, barrezka ikusi genituen». Gerora konturatu zenez, eztabaidaren funtsa ez zen nolanahikoa. Jordaniar bat haserrearena egiten ari zen, afari oparoaren ondoren palestinar batek ezin zuelako jan tarta zati bat. «Pasadizo horrek bi gauza erakutsi zizkidan: ez dakigula bereizten nor den palestinarra, jordaniarra edo israeldarra, eta jendeak elkar maite duela».

Ekialde Hurbilean lanean jarraituko duten arren, proiektua beste hainbat lekutan ereiteko asmoa agertu du adituak: «Ideietako bat da Rift haranaren inguruko tribu eta herrialdeak harremanetan jartzea, Mozambiketik Jordaniara. Landa eremuetan hontzen kutxak jarri nahi ditugu. Natura zaintzeaz gain, hezkuntza sustatu eta giza kultura ezberdinak lotu nahi ditugu. Hau zoragarria izango litzateke, eta sinbolismo handikoa, gizakia Rift haranean sortua zelako».

Elkarlan nuklearra

Hegaztiekin egindako lana poza pizteko modukoa bada, eskualdean bada beste egitasmo bat are harrigarriagoa dirudiena. Albistegiak jarraitzen dituen edozein pertsonari ia irudikaezina egin dakioke Israelgo eta Irango zientzialari nuklearrak mahai beraren inguruan lanean irudikatzea, baina errealitatean hala da.

Mirariak SESAME du izena, eta Ekialde Hurbileko lehen partikulen azeleragailua eraikitzea du xede. Besteak beste, Israelgo, Turkiako, Zipreko, Pakistango, Egiptoko eta Irango zientzialariek parte hartzen dute azeleragailuan.

1995ean abiatu zen egitasmoa, Egipton. Isaac Rabin Israelgo lehen ministroaren hilketa izan eta gutxira. Orduan, Palestinako eta Israelgo ikertzaileek sinkrotroi bat eraikitzeko ametsa partekatu zuten. Atzerapen ugari izan ditu egitasmoak. Ez zientzialarien arteko adostasunik ezagatik, finantzaketagatik baizik.

Besteak beste, CERN Ikerketa Nuklearrerako Europako Kontseiluaren eta Unescoren babesa dute. 2008an egoitza inauguratu zuten, Jordanian, eta bertako laborategietan lanean ari dira jada, baina sinkrotroia oraindik ez dago prest.

Mota horretako azeleragailuak bereziki argi mota bat lortzeko darabiltzate adituek. Funtsean, argiaren abiaduratik gertuko abiaduretan jartzen dituzte elektroiak, eta bertan sortzen den argia erabiltzen dute materiaren egitura ikertzeko. Besteak beste, medikuntzan, materialen ikerketan, biologian edota arkeologian erabil daiteke.

«Zientzia bakearen alde erabiltzeko ideiak ederki asko funtzionatu du SESAME egitasmoan», adierazi du Mohamed Yasser Khalil ingeniari nuklearrak. Alexandriako Unibertsitateko (Egipto) ikertzailea da Khalil, eta sinkrotroiaren administrazio zuzendaria da egun. Haren esanetan, orain arteko bidea ez da erraza izan: «Nahiko genukeen baino astiroago doa kontua, baina heldutasunera heldu gara».

Ekialde Hurbilean zientziaren alorrean «mugagabeko aukerak» irekitzen dituela azpimarratu du ikertzaileak. Eskualdeko zientzialariak bertan mantendu nahi dituzte, eta Mendebaldera joan direnak erakarri. «Ezagutzan oinarritutako ekonomia eredu bat garatu nahi dugu».

Orain arteko unerik txarrena elur ekaitz batek sabaia bertan behera bota zuenekoa izan zen. Non eta Jordanian! Urtebete eman zuten normaltasuna berreskuratzeko. Halere, Zipre eta Turkia, edo Iran eta Israel batzen dituen amets baten etsairik handiena eguraldia izan bada, argi dago esperantzarako bidea zabalduta dagoela. Mugak, funtsean, mapetan marraztutako marrak baino ez direlako.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak