DARWIN ETA GU

Durex, Dürüm & Duracell

Jose Mari Pastor -

2015eko otsailak 21
Osasun Zerbitzu Nazionalak ekimena abiarazi du Ingalaterran 13 eta 24 urte bitarteko nerabe edo gazteen arteko sexu harremanek ahalik eta arrisku txikienak izan ditzaten. Adingabe batek haurduntzeko edo transmisio sexualaren bidezko gaitzak hartzeko arriskua duela uste badu, osasun zentro batera doa, eta han aditu batek elkarrizketatzen du. Sexuari buruzko zalantzak argituta, gaztetxoak C-Card txartela hartzeko aukera du. Txartel horrekin sei kondoiko pack bat lor dezake osasun-zentro, eskola, liburu-denda eta botiketan. Doan.

Ekimena abian da jadanik. Daily Mail egunkariak asteartean hedatu zuen albistea, modu deigarrian: osasun zerbitzu publikoetako agintariak antisorgailuak banatzen ari zaizkie hamahiru urteko umeei! Gainera, kondoiak modu erakargarrian eskaintzen dira erakundeek babestutako webgunean, fruta tentagarrien eta zapore dastagarrien bidez: marrubia, banana, txokolatea, banilla, menta... Barkaezina.

Pragmatikoak dira ingelesak. Baliagarritasunaren eta eraginkortasunaren ikuspuntutik heltzen diote bizitzari. Hori dela eta, aurrez aurre begiratzen diote errealitateari, ez ikusiarena egin gabe. Konturatu dira haragi jangarria bero badago, ezpainetan irensteko prest, hobe dela ondo biltzea saltsarik ez erortzeko. Eta pilak jarri dituzte.

Neurriaren kontrakoek diotenez, umeen arteko sexua bultzatzen ari dira agintariak. Osasun zerbitzuek, aldiz, errealitatearen gordina agertu dute: umeen arteko sexu harremanak ez dira maiz gertatzen, baina izan badira. Beraz, komeni da prebentzioa, gaixotasunak eta nahi gabeko haurdunaldiak saihesteko. Legez ez da zilegi adin horretako nerabeek harreman sexualak izatea. Eta zer egin hori gertatzen bada? Gazte egoitza batean giltzapetu 13 urteko neskato bat, haurdun, eta 13 urteko mutikoa, larrutan egin dutelako? Umeak dira. Adinez eta buruz. Alabaina, gorputzak eta giza naturak ez dute legez eta moralez ulertzen.

Ederrak botako lituzkete lagun askok Osakidetzak edo Osasunbideak Condom Card Kondoi Txartela bihurtu, eta ikastetxeetan kapotak lortzeko aukera emango baliete 13 urteko neska-mutilei. Ez pentsa soilik Munilla-eta oldartuko liratekeenik. Horiek kandela piztuko lukete elizetan jainkoari eskatzeko hemezortzi urte bete arte ume eta nerabeek jaioberrien genitalak izaten segitzeko, desioak eta erreprodukzio sistema aktibatuta eduki gabe. Ez litzateke miraririk izango. Natura ateoa da. Beste batzuek debekua proposatuko lukete. Alferrik. Naturaren legebiltzarrak lehenago ezarri zituen bere arauak politikariek legeak baino.

Inork ez du pentsatzen semeak edo alabak sexu harremanak izango dituenik 13 urterekin. Garaiak aldatzen ari dira, baina. Pentsamoldea ere bai. Joan den astean inkesta baten berri jakin genuen: Hego Euskal Herriko neska-mutilek jadanik ez dute uste maiteminduta egotea ezinbestekoa denik harreman sexualak izateko. Daniel Landarten hitzak beste era batera kantatzen dituzte XXI. mendeko Laboa gazteek: zure titiek, ene maitia, badute biek dirdir eztia... Zer espero genuen? Gizartea erabat sexualizatu dugu, baina gure umeek duela mende erdi bezala jokatzea nahi dugu. Eta gero, gerria lodituz gero, gurasoen ezinbesteko baimena eskatuko diegu abortatzeko. Etxean txikitatik izandako komunikazio ezaren edo errepresioaren errudun bihurtuko ditugu nerabeak. Hobe heziketa arduratsu eta praktikoa eskaintzea. Beste modurik ez dago nerabeen gosariko esnea, Cola Cao-rekin barik, bromuroarekin nahastea ez bada. Eta horrela ere…

Fifty Shades of Grey filma 12 urte dituztenek ikus dezakete Baionan edo Maulen. Bilbon edo Iruñean, ostera, 18 urte izan behar dituzu aretoan sartzeko. Kondoiak Miarritzeko 13 urteko nerabe dragueur-dragueuse beroentzat utzi beharko ditugu. Izan ere, badirudi Donostiako 17 urteko gazteak haur txotxoloak direla oraindik, eta soilik Bob Esponja-k txoratzen dituela. Irizpide bitxi horiek fintzeko ere beharko dugu noizbait independentzia. Eta batasuna.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna