Organigrama aldatu behar da Osakidetzan

Aitor Montes - Medikua

2014ko abenduak 31
Euskaldunok hamaika ikusteko jaioak garela esaten dugu, baina, egia esan, nik ez dut hain argi ikusten. Osasungintzan behintzat euskara eta euskaldunok ikusezinak gara; ez gaituzte kontuan hartzen, eta osasun laguntza eskaintzea beti bigarren mailako kezka izan da kudeatzaileentzat. Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendariek euskararekiko eta euskaldunekiko duten jarrera ez ikusiarena izan ohi da; ez dute beharrik ikusten.

Horren guztiaren erakusgarri, erakundeko euskara zerbitzuaren kokapena litzateke. Osakidetzak badauka bere euskara zerbitzua, Gasteizko zerbitzu zentraletan bazter batean ahazturik, ia ikusezina izaterainokoan. Horrez gain, zerbitzu erakunde bakoitzean euskara teknikari bat dago gutxienez, txoko batean isolaturik; ikusezinak dira, euskaldunak osasungintzan bezala, astia alferrik galtzen ari direlakoan gogaiturik.

Osasun arreta euskaraz, ahoz eta idatziz, maila guztietan (lehen mailako arretan zein espezializatuan) lortzea dugu helburu; edonon, edonoiz, behar den moduan. Hau da kalitateko osasun zerbitzua. Baina horretarako euskaldunak ikusgai bihurtu behar dira, eta euren nahia, eskaera eta beharrei erantzun egokia eman. Hori guztia lortzeko, baina, lan astun horretan ezinbestekoa den lidergoa eskuratu behar luke euskarak eta euskara zerbitzuak erakundean. Txoko batean eskuak loturik ez dago festarik. Plazaren erdian dago festa. Euskarak, bai Gasteizen (erakunde nagusian edo zentralean), bai erakunde bakoitzean zeharkako lerro estrategikoa izan beharko luke, zerbait lortuko bada. Beste era batera esanda edo ondo ulertzeko: Osakidetzako organigrama aldatu behar da lehenbailehen. Nekez egingo dugu aurrera hau ez badugu aldatzen.

Historia klinikoa euskaraz garatzeko eta euskararen normalizazioa bultzatzeko duen garrantzia kontuan hartuz, Osakidetzako euskara zerbitzuak beste garrantzi bat beharko luke, zerbitzu sendo bat osatuz giza baliabide aldetik. Giza baliabideetako unitatetik at utzi eta Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendaritza nagusian kokatu beharko litzateke, inter pares, informatika, aholkularitza juridiko, asistentzia sanitario, kalitateko, kudeaketa ekonomiko eta giza baliabideetako unitateen zuzendaritzak bezala. Horrela balitz, aurrerantzean, edozein proposamen, antolakuntza edo berregituraketa garatzerakoan euskara ere kontuan hartuko litzateke.

Hori ez ezik euskara batzordeak ezinbestekoak dira. Esan bezala, edozein zerbitzu unitateren (dela Erakunde Sanitario Integratua, Eskualde edo ospitalea) proiektuetan parte hartzeko eskumena izan beharko luke, euskararen normalizazioan zerbait mamitsuagorik lortzeko. Gaur egun erakunde bakoitzean bost zuzendari daude: zuzendari gerentea, ekonomikoa, zuzendari medikua, giza baliabideetakoa eta erizain zuzendaria. Talde horretan euskara batzordeko zuzendaria txertatu beharko litzateke.

Proposamen hau Osakidetzako II. Euskara Planean jasota ez dagoen arren, lehentasunezkoa dela esan genezake, eta Historia Klinikoa Elebitan garatzeko batzordean gai hau jorratu dugu dagoeneko. Ildo horretan neurriak hartu behar dira. Esan gabe doa organigrama aldatzea Osasun sailburuaren eta Osakidetzako zuzendariaren esku dagoela, eta Gasteizko Legebiltzarrak ere badauka zer esan. Eusko Jaurlaritzak eta Osasun sailak euskara eta euskaldunak ikusgarri egin behar dituzte, periferiatik ateraz erakundeko erdigunera sartuz, hezur-muineraino.

Nik behintzat horrela ikusten dut. Batzuk alde eta beste batzuk aurka egongo dira: eder edo itsusi zein begik ikusi, hala izaten baita beti. Baina hauteskundeak gainean dauzkagu, denbora ez da gelditzen eta edozer gauza gerta daiteke; izan ere, hamaika ikusteko jaioak gara. Euskararen aldeko konpromisoa neurri zehatz, konkretu eta eraginkorrekin agerian uzteko aukera daukate Eusko Jaurlaritzak, Urkullu lehendakariak eta Darpon Osasun sailburuak. Osakidetzako organigrama aldatzea alegia, besteak beste. Denbora galdu barik euskara zerbitzua transbersalago jarri eta behar dituen giza baliabideez hornitu. Euskara zehar-lerro bihurtu behar dute. Egin diezaiotela euskarari entzuna eta ikusia, behar duen arreta eta tornua.

Organigrama aldatu behar da horretarako, aldatu eta kito. Eta horrela ez bada egiten, agian egun batez beste batzuk egingo dute. Urik ezean alferrik errota, baina ikusiaz gero edozein profeta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna