Noiz sortua: 2015-03-01 00:30:00

Finalaren bila, uste baino bide nahasiagoan

Manex Agirrek irabazi du Arabako Bertsolari Txapelketako azken-aurreko finalaurrekoa
Arabako Bertsolari Txapelketako azken-aurreko finalaurrekoan kantatu zuten sei lagunak, atzo, Zigoitian.
Arabako Bertsolari Txapelketako azken-aurreko finalaurrekoan kantatu zuten sei lagunak, atzo, Zigoitian. RAUL BOGAJO / ARP

Beñat Zamalloa Akizu -

2015eko martxoak 1
Gerra tonuko hasierako agurrean artean, Manex Agirrek kantatu zuen nahiago zuela norbera finalaren bila joatea, finala norberarengana etorri ordez. Bilaketa hori, baina, nahi baino nekezagoa egin zitzaion atzo, Arabako Bertsolari Txapelketako azken-aurreko finalaurrekoan, Zigoitiko kultur etxean. Dena den, Iñaki Viñaspre eta biak gainerakoen gainetik aritu ziren, puntuazioek ere erakusten duten bezala.

Bildutako puntuak kontuan hartuta, Agirre martxoaren 21eko finalean izango da: lehen itzuliko sailkapen nagusian lehen postua erdietsi zuen alde nabarmenez, eta bigarren itzulian ere sailkapenaren goialdean da, bigarren postuan. Viñasprek, aukera handia izanagatik ere, azken finalaurrekoaren zain egon beharko du finalean kantatuko duen jakiteko.

Ideiak nabarmendu ziren saio nahasian; ideietan nabarmendu ziren Felipe Zelaieta, Peru Abarrategi, Oier Arbina eta Asier Rubio ere, baina Agirre eta Viñaspre baino nekezago ibili ziren bertsoak osatzerakoan. Unai Mendibilek utzi egin zuen txapelketa, eta haren partez aritu zen Arbina.

Hamarreko handian, Aramaion baino bertso osoagoak entzun ziren atzoko saioan, oro har. Oier Suarezek aurkeztu zuen gaia: Rubio eta Viñaspreri, bikotekidearekin bizi ziren artean, babes ofizialeko etxea egokitu zitzaien. Hala ere, jabetuta zeuden jende asko zegoela etxerik gabe. Rubio estu ibili zen goitik beherako bidean, Viñaspre ez bezala. Viñasprek asmatu zuen bertsoz bertso arrazoiz gaia garatzen. «Baten zoria beti izan da / bestearen zoritxarra», amaitu zuen aurreneko bertsoa, esaterako.

Ariketa berean, Agirre eta Zelaieta guardia zibilak izan ziren. Melillako hesian zeuden etorkinak jaisteko agindua zuten, eta behetik etorkinei so kokatu zituen gai-jartzaileak. «Ez dira hortik bajatu behar; / zer uste dute garela? / Tiro egin behar al diegu / animaliei bezela?», etorri zitzaizkion galderak Agirreri aurreneko bertsoan. Bigarrenean ere, burua zalantza-dantzan zuen Agirrek: «Sekula ez da hain zaila izan / aginduak betetzea», izan zuen azken juzgua. Zelaietak estu hartu zituen errimak; ez zen, ordea, horren txukun ibili arrazoiketan.

Zortziko txikian, gairik emankorrena Zelaietari eta Abarrategiri egokitu zitzaien. Zelaieta langileak, bideo bat lagunari bidali beharrean, nahastu, eta Abarrategi nagusiari bidali zion, posta elektronikoz. Lehen bertsoa egoki betez, bideoa pornografikoa zela azaldu zuen Zelaietak. «Lanorduak, Felipe / lanerako dira / bat gehiau batuko da / gaur langabezira», erantzun zion Abarrategik.

Azkenetan, aldea handituz

Azken ofizioa izan zen ariketarik paretsuena mailari dagokionez. Agirrek ere, hamarreko txikian etekin handiagoa atera zion gaiari, zortziko txikian baino. Rubiorekin kantatu zuen. Pisukideak ziren, eta elkarren utzikeriaz nazkatuta zeuden. Gainera, egun horretan, sofan galtzontzilo batzuk agertu ziren. Errua eragotzi zuen Agirrek lehen bertsoan, umoretsu: «Nireak ez dira ez / jar zazu arreta / bi astetan berdinak / daramatzat eta». Tonu bertsuan jarraitu zuen bertsoz bertso Agirrek utzikerien ondorioekin.

Kartzelatik indartsu oholtzaratu zen Viñaspre, eta lehen puntua emanda egindako ariketan artez erantzun zuen. Bertsolariei, oro har, lehen puntuok ez zitzaizkien erraz egin errimatzerakoan, eta nekez ere ibili ziren zenbait bertsoak bukatzeko. Bakarkakoan, Viñasprek ez zion indarrari behar adina eutsi. Agirre izan zen kartzelakoan finena bi ariketetan. «Urteak joan dira, eta zuk bertan jarraitzen duzu», zuten bi bertsotarako gaia. Garoñako langilearen roletik heldu zion gaiari. Jakin zuen bertsoak janzten eta josten, Unai Agirrek azken Bertsolari Txapelketa Nagusian plazaratutako doinuarekin. Lehen bertsoan erretiratu arte bertan segituko zuela iragarri ondotik, honela osatu zuen bigarrena: «Gaur, larunbata, Gasteiz aldean / jendea biltzen ari da / hatza sartu nahi luketenak gaur / segurtasunan begira; / nahiz ta sarritan fijatzen garen / protesta hoien neurrira / inporta, ez digu asko inporta / pentsamenduen harira. / Milaka dira guztira / haien oihurik ez da entzuten / lantoki hontatik begira / zentral nuklear honen paretak / lodiegiak baitira».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Apirilaren 7an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.401 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 790 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.149 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Saltoki txikiak itxita Iruñean. ©Iñigo Uriz / Foku

Kontrolak indartuko dituzte Aste Santuan

Berria

Martxoaren 21az geroztik SARS-CoV-2 birusaren kasu berri gutxien atzeman duten eguna izan da atzokoa Euskal Herrian. Testa egin gabe ari dira sendagiria ematen gaitzak jotako osasun langileei.

Urkullu lehendakaria eta Artolazabal sailburua ©Irekia
Etxeko Leihotik: Formol

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna