Albistea entzun

Iñigo Cabacasen heriotza. Gomazko piloten erabilera

Batzuentzat soilik hasi da amaiera

Cabacasen heriotzaz geroztik, gomazko pilotak erabiltzeari utzi zion Ertzaintzak, eta 'foam'-ezko jaurtigaiak erabiltzen hasia da. Foruzaingoa datorren urtean hasiko da material berri hori erabiltzen. Frantziak eta Espainiak pilotei eusten diete.
BERRIA

Jon Ordoñez, Ekhi Erremundegi Beloki -

2016ko apirilak 3

Gomazko piloten erabilera orokorra izan da Euskal Herrian azken hamarkadetan. Ertzaintzak, ordea, ordezkatu ditu, eta Foruzaingoa bidean da. Frantziako Poliziak erabiltzen jarraitzen ditu. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak ez dio Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari buruzko informazioa eman nahi izan BERRIAri.

ERTZAINTZA

'De facto' ordezkatu ditu gomazko pilotak

Cabacasen heriotzak jomugan jarri zuen Ertzaintza 2012an. Athleticeko zalea hil berritan, Rodolfo Ares Barne sailburuak iragarri zuen 2013an hasiko zirela gomazko pilotak ordezkatzen, eta horretarako 400 arma erosiko zituztela esan zuen. EH Bilduk iaz Eusko Legebiltzarrean gomazko piloten erabilera debekatzeko eskatu zuen, baina eskaera hori ez zuten onartu, eta bai murrizketa eskatuz (gazteleraz restricción inmediata zioen eskaerak) PSEk eta UPDk adostu zutena, EAJ eta PPren babesarekin. Segurtasun Sailak BERRIAri jakinarazi dio debekurik egon ez arren gomazko pilotak de facto erabiltzeari utzi diola Ertzaintzak.

Memory foam izeneko material batez egindako munizio batekin ordezkatu dituzte gomazko pilotak. Jaurtigaiak zilindrikoak dira, eta hiru zatik osatzen dute: karkasa, sua eragiteko 9 milimetroko kartutxoa eta puntan golf pilota baten itxura duten apar biskoelastikozko atala. Hainbat desberdintasun ditu gomazko pilotekiko. Batetik, zuzenean bota dezakete poliziek errebote baten beharrik gabe. Jaurtigai horren defendatzaileek diote zehatzagoa dela horregatik. Izan ere, gomazko pilotak berez lurrerantz bota behar ziren, eta errebotatu ondoren jo. Bestetik, pilotek ez bezala jaurtigai hauek kolpearen indarra xurgatu egiten dutela diote aldekoek. Less lethal munizioaren barruan kokatzen da —ez hain hilgarria—, gomazko pilotak bezala.

«Guretzat material berria ere ez da balekoa. Ez dakigu zer ondorio fisiko utziko dituen, gutxi erabili dira. Eta ez da arma kontu bat bakarrik, baizik eta zer jarrera hartzen den, batik bat, iraganeko giza eskubideen urraketak errepikatu nahi ez badira», dio Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak. Berak aurkeztu zuen iaz gomazko pilotak debekatzeko eskaera Eusko Legebiltzarrean, eta BERRIAri adierazi dio eurei ez dietela jakinarazi gomazko pilotak de facto erretiratu dituztela.

Pilotak ordezkatzeko Ertzaintzak 40 milimetroko kalibreko munizioa erabiltzen du, Brugger&Thomet (B&T) etxe suitzarreko SIR eta SIRX modeloetako jaurtigaiak. 32 gramo pisatzen dute (gomazko pilotek, 85). Hurrenez hurren, segundoko 85 eta 105 metroko abiaduran ateratzen dira. Aldea nabarmena da gomazko pilotekiko, horiek segundoko 200 metroko abiaduran botatzen baitzituzten. Gutxienez hamabost metroko distantziatik bota behar dute ertzainek material berria, «zangoetara, zorurantz dispataratu behar dira beti», zehaztu du Segurtasun Sailak. Jaurtigaiak berrerabilgarriak dira, eta horretarako prentsez hornitu du Kataluniako EDS etxeak Ertzaintza —Espainiko Estatuan B&Tren produktuak komertzilizatzen dituen etxea da EDS—.

Jaurtigai horiek botatzeko H&K 169 granada jaurtigailua —hala izendatzen du Heckler & Koch etxeak— aukeratu zuen Ertzaintzak 2012an. Segurtasun Sailaren arabera, Frantzian, Alemanian, Suitzan, Austrian, Herbehereetan, Italian, Norvegian eta Eslovenian erabiltzen dena da. Jaurtigairik gabe ere tiro hotsa ateratzen dutela zehaztu du. Horrek aukera ematen du salbak egiteko jaurtigaiekin tiro egin aurretik.

2012ko apirilaz geroztik Ertzainak ez duela gomazko pilota gehiago bota dio Segurtasun Sailak; foam-ezko jaurtigaiak, «kasu gutxitan». Brigada Mugikorretako ertzainek soilik dituzte arma berriak eskura, eta patruilen aginte zuzena duenaren agindupean soilik erabil ditzakete. Material horren erabilera murrizteko, baina, bestelako neurri sakonagoak hartu ditu Ertzaintzak, eta istiluetan Brigada Mugikorren jarduteko modua aldatu du. «Eredu berria», dio Segurtasun Sailak. Urrutitik jardun beharrean aurrez aurrekoa hobetsi dute, «orain bi aste ikasleek antolatu zuten greba egunean ikusi zen bezala». Alemaniako eredua da, eta polizia gehiago mobilizatzea dakar. Ertzainak aurrez aurreko horietarako entrenatu dituzte, eta inbertsioak egin dira uniformeetan, adibidez, labankadetatik babesteko. «Hurbiletik aritzea lehenesten da; material berria urruneko errekurtsoa da», dio Segurtasun Saileko arduradun batek.

FORUZAINGOA

Aurten da azken urtea

Nafarroako aldaketaren alderdiek iaz akordio programatikoan jaso zuten gomazko pilotak erabiltzeko debekua. Foruzaingoari dagokion atalean laugarren puntuan dio horren jarduera arautzeko protokolo bat egitea adostu dutela, gomazko pilotak botatzeko eskopetak erabiltzea debekatuz eta jendea sakabanatzeko piloten erabilera debekatuz. Mikel Santamaria Foruzaingoaren Komunikazio inspektoreordeak BERRIAri jakinarazi dio aurten jada kenduko dituztela gomazko pilotak eta horiek botatzeko eskopetak; 2017an foam-ezko jaurtigaiak eta jaurtigailu berriak izango dituzte, «Kataluniako Poliziak eta Ertzaintzak erabiltzen dituztenen antzekoak». Une honetan frogak egiten ari dira foruzainak, ezaugarriak, prezioa eta beharrak aztertzeko. «Kolpea ematerakoan deformatu egiten dira foam-ezkoak, eta, hasiera batean, ez dira sartzen gorputzean; mina eragiten dute, ez lesio ebakidunik», azaldu dio Esku-Hartze Brigadetako arduradun batek BERRIAri. Urte bukaerarako material berria erabiltzeko foru agindua onartu beharko du Maria Jose Beaumont Lehendakaritza eta Barne kontseilariak. Komisaria bakoitzeko Esku-hartze Brigadetako eta Prebentzio eta Herritarren Harrerarako unitateek izango dituzte erabilgarri, eta formakuntza aurtengo planean dago aurreikusia.

FRANTZIAKO POLIZIA

Sarkozyren erabakia

1990eko hamarkada hasieran hasi ziren gomazko pilotak erabiltzen Frantzian. Lyongo Kriminalitatearen Kontrako Brigada izan zen lehen hornitua. Verney Carron arma enpresaren prototipo bat zen; ondoren, Flash Ball izenarekin ezagun egin zen. 1995ean interbentzio indarrak hornitu zituzten, eta 2002tik aitzina Nicolas Sarkozyk polizia zerbitzu guzietara hedatu zuen. «Parisko bazter auzo batean jazarraldiak izan ziren, eta Barne ministro bezala hartu zuen lehen erabakia izan zen», dio Louise Fessard Mediapart-eko kazetariak. Anitz ikertu du gomazko piloten erabilera: «Frantziako Estatua ezagutua da ordenaren atxikitzean duen ezagutzagatik. Frantzian ez zaie manifestariei zuzenean tiro egiten; jendea barreiatzen saiatzen da, negar gasa erabiliz, oldartuz edo beldurtzeko ezkutu gainean joz. Gomazko piloten erabilerak aldatzen duena da manifestarien gorputzak jopuntuan jartzen dituztela, zauritzeko; hori berria da ordenaren atxikitzean Frantziak duen doktrinan».

Gaur egun bi arma mota erabiltzen ditu Frantziako Poliziak: Flash Ball eta LBD 40. Flash Ball laugarren mailako arma bat da, eta 44 milimetroko diametrodun gomazko pilotak botatzen ditu. Hamar metrorainoko tiroak egin ditzake, eta 60 zentimetrorainoko zehaztasun akatsak izan ditzake. LBD 40 lehen mailako arma da —erabilera militarra—; askoz ere zehatzagoa da. 40 milimetroko gomazko pilotak botatzen ditu, eta 50 metrorainoko tiroak egin ditzake. Flash Ballarekin zazpi metroko gutxieneko muga errespetatu behar dute tiro egiteko; LBD 40rekin, 10ekoa. Bat ala bestea erabiltzeko sei orduko formakuntza jasotzen dute poliziek, bost kartutxorekin, bi urtean behin.

Arma erabiltzeko poliziari eraso egin behar zaio. Beraz, polizia aktetan batzuetan joera dute pairatu duten bortizkeria handitzeko, tiroak justifikatzeko; «zaila da gezurtatzea», Fessarden hitzetan. «2004tik 30 eta 40 artean zauritu dira larriki: erdiak, manifestaldietan, eta beste erdiak, bazter auzoetako istiluetan. Horien artean adingabeak ere bai. Lehen zaurituetako bat 14 urteko gazte bat izan zen, Paris aldean, eta joan den udan ere beste gazte bat zauritu zuten barrabiletan».

Gomazko piloten kontrako elkarteek ezohiko egiteko manerak dituzte. Poliziak erasotzea zaila denez, estatua jartzen dute auzitan epaitegi administratiboan. Orain arte bi zigor lortu dituzte, Parisen eta Nizan, eta estatuak kalte-ordainak eman behar izan dizkie zaurituak izan zirenei. Administrazio epaitegiak erabaki du arma arriskutsuak direla, eta, beraz, estatua eragindako zaurien arduradun dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

EH Bilduk kontratu txikien «klientelismoa» kritikatu du

Erredakzioa

Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkideak salatu du enpresa batzuk EAJko eta PSE-EEko kontaktuez baliatzen ari direla kontratuak lortzeko
Olatz Garamendi sailburua eta Miquel Iceta ministroa. ©J. J. Guillen / EFE

Urkulluk aste honetarako espero du eskumenen lehen blokea eskualdatzeko bilera

Jon O. Urain

Azken egunetan, EAJko buruzagi ugarik nabarmendu dute ekainerako espero dituztela lehen blokeko eskumenak.

EH Baik elkarretaratzea egin zuen atzo goizean, Euskal Hirigune Elkargoaren egoitza aitzinean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Bizilekuen Tokiko Programa onetsi du Euskal Elkargoak

Ekhi Erremundegi Beloki

Bideokonferentziaz egin dute Euskal Hirigune Elkargoko batzarra, osasun egoeraren ondorioz. 630 milioi euroko aurrekontua onartu dute hautetsiek, inbertsiorako 160 milioi euro atxikita

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.