Bizkaiak %65era igo nahi du birziklatze tasa

Bizkaiko Foru Aldundiak %65era igo nahi du birziklatze tasa, Europako Batasunak 2030erako ezarri dituen helburuak betetzeko. Iaz hondakinen %43,78 birziklatu ziren Bizkaian, diputazioaren arabera: 605.000 tona hondakin batu zituzten, horietako 247.000 gaikako bilketaren bitartez. Aldundiak jakinarazi du azken lau urteotan %3,25 «murriztu» dela hondakin nahasien bilketa.
Hain justu, hondakin «gutxiago» sortzeko eta sortzen direnen birziklatzea eta berrerabilera «sustatzeko» xedez, herritarrek kontzientzia hartzeko ekintza sorta abiatu du aldundiak; Gero Arte. Birziklatu eta atzera itzularazi da leloa. Unai Rementeria ahaldun nagusiak eta Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak «gizarte osoaren» erronka gisa planteatu zuten atzo kanpainaren helburua. Azaldu zutenez, hondakinak sorburuan bereiztea da «gakoa», birziklatzea eta berrerabilera handitzeko.
2018ko lehen hiruhilekora arte, hainbat jarduera aurreikusi ditu aldundiak: birziklatzeari buruzko informazio lantegiak, foodtruck bat jartzea hondartzetan eta herrietako jaietan, edota kafeak doan banatzea birziklatzeko eramaten diren bilgarrien truke.
Gaikako bilketari buruz, aldundiko eledunek azaldu dute iaz papera eta kartoia birziklatu zela gehien Bizkaian: 76.608 tona. Gehien batu zen bigarren gaia, berriz, beira izan zen: 25.355 tona. Ontzi arinen kasuan, 15.961 tona bildu ziren eta, horregatik, aldundiak ahalegin «berezia» egingo du arlo horretan.
Bestalde, birziklatzen ez diren hondakin kopurua «murrizteko» ahalegina ere egingo du, azken urteotako «joerari» eusteko. Diputazioaren arabera, horrelakoen bilketa %3,25 gutxitu da: 2013an, 369.252 tona bildu zituzten, eta, 2016an, 356.631 tona.
Organikoen afera
Gaika jasotako hondakinen datuei erreparatuz, Bizkaiko Zero Zabor plataforma sortu berriak organikoan ipini du arreta: «zoritxarrez», horren bilketan oso gutxi aurreratu dela salatu du. Taldearen arabera, Bizkaian iaz 6.613 tona hondakin organiko batu ziren bereizita, konposta egiteko. Gipuzkoako egoerarekin egin du alderaketa: «Gipuzkoak 42.604 tona hondakin organiko bildu zituen konpostatzeko, nahiz eta Bizkaiak baino 425.000 biztanle gutxiago dituen».
Alde horretatik, hondakinak kudeatzeko Bizkaiko eredua kritikatu du plataformak. Ohartarazi duenez, hondakinak nahasita botatzeko aukera dagoelako, «Bizkaian, zabortegietan amaitzen dute milaka kilo material birziklagarrik».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.