Komikia, pantailaratua

'Black is Beltza' pantailara ekarriko dute bihar Miarritzen estreinakoz.

Komiki animatu formako proiekzioa izanen da, soinu bandarekin
<em>Black is beltza</em> komikitik hartu marrazki baten irudia.
Black is beltza komikitik hartu marrazki baten irudia. JORGE ALDERETE

Nora Arbelbide -

2015eko martxoak 18
Zinema aretoetarako proiektua zen hasiera batean Black is Beltza. Baina helduentzako animazio film luze izan behar zuena, azkenean, Black is Beltza komiki liburu bilakatu zuen Fermin Muguruzak, Harkaitz Cano idazlearekin eta Jorge Alderete marrazkilariarekin elkarlanean. Orain, berriz, zinema aretoetako atea ireki zaie, komikiaren bidez.

Black is Beltza komikiko marrazkiak pantailara ekarriko dituzte Miarritzeko Koliseoa aretoan, bihar, ostegunean, 20:30ean. Gisa bereko animazioa publikoari erakusten dioten lehen aldia da, eta Bi Harriz Lau Xori jaialdian eginen da ekitaldia.

Komikiko irudiak dira pantailan agertuko. Nahiz mugimendua gehituko zaien, izatekoz, komiki animatua da proiektatuko dena. Jatorrizko soinu banda bat izanen du lagun, garai hartako musikek osatua zein hitzartzeek, edo baita giroan sartzeko aukera ematen duten soinuek ere. «Hots, Black is Beltza Koliseoa aretoko jarlekuetan jarririk irakurtzeko parada izanen da, komikia entzuteko aukera izateaz gain», laburbildu du Eloixa Ospital-ek, Biarritz Culture elkarteko komunikazio arduradunak. Oren bat eta laurden iraunen du saioak. Fermin Muguruza eta Harkaitz Cano bertaratuko dira.

Black is Beltza komikiaren istorioaren abiapuntua gertatua da, egiazki. Iruñeko erraldoiek, 1965ean, New Yorkeko Bosgarren Etorbidean dantza egin zuten; baina, lege arrazisten ondorioz, konpartsako erraldoi beltzek ez zuten desfilatu. Komikian, berriz, egileek eramaten dituzte erraldoi beltzak New Yorkera: «Eta ika-mika bat sortzen da haiek dantzarazi behar dituzten gazteen artean. Gazte horietako batek New Yorken gelditzea erabakitzen du: gure protagonistak. Han, neska kubatar batekin maitemindu, eta badoa Kubara. Han dagoela, 1967an misio berezi bat agintzen diote: AEBetan dagoen Black Panther bat deuseztatu nahi du CIAk, eta hura handik atera eta Kubara eramateko eskatzen diote. Baina, hori egiteko, ezkutatu egin beharko du, kubatarrek ez dutelako nahi inork jakiterik mugimendua laguntzen ari direla. «Oso bidaia luzea egingo du gure Manexek misio hori betetzeko», laburbildu zuen Muguruzak berak joan den azaroan, komikia aurkeztu zutenean.

Bi Harriz Lau Xori jaialdiaren karietara dute animazioa ekarria Miarritzera. Komikiari lotu erakusketa ere ekartzekoa dute, heldu den urtean. Aurtengo egitarauari dagokionez, barda zen hastekoa jaialdia, Loreak filmaren proiekzioarekin. Gaur, berriz, Dejabu Panpin laborategiaren Arrastoak antzerkia dute, 20:30ean; hori ere Koliseoan. «Herentzia emozionala» du gai antzerkiak, taldeko Urko Redondok laburbildu duenez, «belaunaldi batetik bestera pasatzen den herentzia».

Ostiralean, Kasse Mady Diabate artista (Kela, Mali, 1949) dute ekarriko Atabal aretora, 21:00etan. Balafon, n'goni, kora eta biolontxeloa lagun dituela, kantariak Kirike diskoa kaleratu du joan den azaroan.

Ostiral gaualdiaren lehen zatian, bestalde, Napoka Iria ariko da. Bikotearen azken grabaketa lana 2013ko urrikoa da. Arnasten ikasteko berriz izeneko diskoa kaleratu zuten orduan, Bonberenea Ekintzak zigiluarekin. Taldeak argitaratutako bigarren lan luzea da; horrez gain, beste bi maketa ere kaleratuak dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna