Noiz sortua: 2015-10-21 00:30:00

Oraingoan «gogorrago eta gordinago» datoz

The Uski's taldeak bosgarren lana dakar, taldearen izen bera emanda.

Bizitza katramilatu zaiela eta horrek euren musikan eragin duela uste dute.

Alaiak dira izatez, baina amorratuta daude
Anartz Laka eta Oier laka, atzoko aurkezpenean, Bilbon.
Anartz Laka eta Oier laka, atzoko aurkezpenean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ/ ARP

Pello A. Zuazo -

2015eko urriak 21

The Uski's taldeak lan berria kaleratu du, taldearen beraren izenpean. Eta diskoa hartu bezain laster, nabarmen sumatzen da taldean zerbait aldatu dela. Diseinu grafiko guztia beltzez, eta azalean taldearen izena besterik ez, gorriz. Liburuxka zabaldu eta taldekideen irudiak zuri-beltzean, erdi barrez, erdi serio. Eta deigarriena: itsasoko olatu arre eta ilunen argazki zabala. Bai, The Uski's belztu egin dira, gogortu, gordindu eta amorratu.

Elantxobe-Ibarrangeluko (Bizkaia) taldearen izenarekin hasiera-hasieratik egon da lotuta kostaldearen irudia, hondartzarena, surfarena, kresalarena eta festarena. Eguzki gorri erraldoi bat itsasoaren ortzimugan. Oraingo honetan, ordea, surf terminoa beren hiztegitik ezabatu nahi izan dute. Ritxi Aizpuru Baga Biga diskoetxeko arduradunak eman du azalpena: «Surflariak? Ez. Ez dugu inoiz aldarrikatu hitz hori». Atzean gelditu dira aurreko diskoetako surf taula, kalatxori, karakol, lore eta koloreak.

«Beti egin izan dugu rock zuzena, erraza eta alaia. Baina oraingo honetan, betiko esentzia horrek hor jarraitzen duen arren, igartzen da amorratu egin garela», argitu du Anartz Lakak, taldeko gitarristetako batek. Bai hitzek eta bai musikak norabide oldarkorragoa hartu dute. «Kritika soziala eta politikoa dago lan honetan, potrotaraino gaudelako egoerarekin». Eta estilo aldetik ere bulkada ber hori jarraitu dute: «Abestiak gogorragoak dira, eta soinua, zikinagoa eta gordinagoa. Ez espresuki horrela erabaki dugulako, baizik eta barrenetik irten zaigulako».

Oier Laka anaiak eta taldeko beste gitarristak hartu du hitza. «Bizitzak apur bat katramilatu egin zaizkigu. Eta ez dut esango elkarrengandik banandu garenik, baina denbora gutxiago pasatu dugu batera», azaldu du. Hori dela eta, bakoitzak bere aldetik egin du lan, eta talde guztia lokalean sartu denerako, abestiak oso garatuta zeuden. «Disko honetan igarri egiten da nork konposatu duen kanta bakoitza», azpimarratu du. Eta horren ondorio, adar askoko diskoa eratu dute, betiere rock kutsua tarteko.

Lapiko oparoa

Garaje-rock, proto-punk, hard, pop, fuzz gitarrak... eta baita Ameriketan egiten den rockaren zantzuak ere: countrya, New Orleansko doinu beltzak, soul musika... The Uski'sen lapikoak osagai oparo ditu. Baina aldi berean, ez du errezeta sekreturik ezkutatzen. «Bakoitzak lokalera eramandako abestien artean, politenak aukeratzen dira, denon artean jo eta funtzionatzen dutenak. Ez dauka sekretu gehiagorik, ez eta atzean ezer begiratu beharrik», esan du Anartz Lakak. Izan ere, hiru dira konpositoreak taldean: Laka anaiak eta Jon Zameza; hari instrumentuez arduratzen diren hirurak, hain zuzen. Zuzenekoetan eta grabazioetan eskuz aldatzen dituzte gitarra eta baxua, kantuaren arabera, eta kantuaren egilearen arabera. Dena den, abesti bakoitzak bere sortzailearen marka izan arren, taldekideen ustez, melodiak edota koruak egiteko moduak elkartzen ditu denak.

Melodietarako daukaten erraztasuna izan da beti The Uski'sen ezaugarri nagusia, baina Anartz Lakak aitortu duenez, «lan honetan koruak ez daude horren landuta, eta gitarrek presentzia handiagoa hartu dute». Iñigo Eiguren arduratzen da ahots nagusiaz, baina lau ahotsetara abestu ohi izan dute betidanik. Denak kantari. «Rock kañeroa dago, baladatxoren bat... eta ahots askoko hiru-lau abesti. Halere, oraingo honetan ikusten da diskoaren ardatza ez dela hori. Ahotsak garrantzitsuak dira, baina ez gure ahalmen bakarra», nabarmendu du Oier Lakak.

Hori guztia biltzeko, Jose Lastra teknikariarengana jo dute. Eta Urdulizko Tio Pete estudioan eman diote itxura ideia zurrunbilo horri. «Zuzenean grabatu dugu: bateria, baxua eta gitarra biak. Gero, gure lokala estudio txiki bihurtu eta bertan jaso ditugu ahots, koru, organo, perkusio eta konponketa guztiak». Inprobisazioak ere bere lekua izan duela aipatu dute: «Doinu honek zer eskatzen du? Maraka batzuk? Ba aurrera!». Jose Lastraren lana goraipatu dute, eta haren ekoizle eginkizuna. «Ideia mordoa ditu, eta aditua da zuzenean grabatzen. Horregatik aritu gara berarekin. Denok batera grabatu dugu, eta elkarrekin jotzeko eta ondo pasatzeko espiritu hori begi bistakoa da disko osoan», asebeteta agertu da Oier Laka. Hirugarren diskoa ere Katuek bezala (2009) Lastrarekin grabatu zuten modu bertsuan.

Udan kontzertu batzuk eman dituzte, eta izan dute astirik abesti berriak probatzeko. Abuztuan jarri zuten entzungai Mr. Bajoi singlea. Eta joaren joaz, beste single bat ere begiztatu dute, Izen lei izenekoa. «Abesti berriak jotzen hobeto pasatzen dugu. Zaharrak entseatu ere ez ditugu egiten jada».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Osakidetzako langile bat Txagorritxuko laborategi batean lanean. ©Gorka Rubio, Foku

Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi du Osakidetzak arriskuan jarri dituela langileak

Ainhoa Larretxea Agirre - Mikel P. Ansa

Osagileen sindikatuek jarri zuten salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa. ESK sindikatuak Nekane Murga Osasun sailburuaren eta Osakidetzako zuzendaritzaren dimisioa eskatu du. Osakidetzak, ordea, «positibotzat» jo du ebazpena, epaileak atzera bota dituelako sindikatuen «eskari gehienak».

Jendea paseoan, konfinamendua arintzeko lehen fasean. ©JON URBE/ FOKU

Jaurlaritzak ziurtatu du COVID-19aren agerraldiak «kontrolatuta» daudela

Irati Urdalleta Lete

Beste hamalau positibo eta hiru hildako daude. Jaurlaritzak pentsatu du neurriak areagotuko dituela jende pilaketak «mantenduz eta orokortuz» gero

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna