Albistea entzun

Udalen osaketa. Araba

Urtaran da Gasteizko alkate, ezkerreko alderdien babesari esker

Sozialistek zuri bozkatzea erabaki dute azken orduan.

EAJ, EH Bildu, Hemen Gaude eta Irabaziren hamalau boto izan ditu jeltzaleak.

Marotok dio bere ideien alde egingo duela oposiziotik
Javier Maroto, burumakur, atzoko udalbatzan.
Javier Maroto, burumakur, atzoko udalbatzan. R. BOGAJO/ ARP.

Edurne Begiristain -

2015eko ekainak 14 - Gasteiz

Gasteizko Udalera iritsi da aldaketa. Javier Maroto orain arte alkate izandakoa ez da karguan izango aurrerantzean, haren lekua hartu duelako Gorka Urtaran jeltzaleak. Alkate izateko nahiko boto bildu du EAJko hautagaiak—hamalau, EAJ, EH Bildu, Hemen Gaude eta Irabaziren artean—, baina aurreikusi baino babes txikiagoarekin izendatu dute alkate. Izan ere, Andoaingo (Gipuzkoa) alkatearen aukeraketan gertatutakoak giroa nahasi du, eta, udalbatza osatu baino ordubete lehenago, PSE-EEk boto zuria iragarri du inbestidura saioan.

Ostiral arratsaldean ziurra eta argia zirudiena airean egon da une batez Gasteizen. Izan ere, udalbatza hasi aurretik, asaldura eragin dute bi albistek: batetik, Irabazik iragarri du bere hautagaitzari emango diola botoa, eta ez duela Urtaran babestuko; bestetik, PSE-EEk zuri bozkatzeko erabakia hartu du azken orduan, Andoaingo gertaerengatik. Horiek hala, Urtaranek alkate izateko babes nahikoa bermatu gabe izan du osoko bilkura baino ordubete lehenago. Azkar hasi dira alderdien arteko negoziazioak, eta akordioa laster lortu dute. Udalbatza osatzeko minutu eskasera, Irabazik iragarri du atzera egiten zuela eta Urtaran babestuko zuela, «erantzukizunagatik». Maroto alkatetzatik botatzeko eta Urtaran alkate izateko, aldaketaren aldeko indarrak batu dituzte azkenean EAJk, EH Bilduk, Hemen Gaude-k eta Irabazik.

Ez da ezusteko gehiagorik izan hortik aurrera. Osoko bilkuran emandako hitza bete dute alderdiek: PPko bederatzi zinegotziek Maroto babestu dute, eta EAJ, EH Bildu, Hemen Gaude eta Irabazik, berriz, Urtaran; hamalau guztira. Zuri bozkatu dute PSEko lau zinegotziek. Horiek hala, alkate izendatu dute Urtaran.

Gasteizko alkatetzaren inguruan azken asteotan izandako tirabirek isla izan dute osoko bilkuran, eta hotza izan da Urtaranen izendapena. Zurrunak izan dira, oso, PPko zinegotzien aurpegiak, eta tentsio hori islatu egin da Marotok Urtarani aginte makila emateari uko egin dioenean. Adineko Mahaiaren presidentearen eskutik jaso behar izan du makila.

Alkate gisa egindako lehen hitzaldia euskaraz eta gazteleraz egin du Urtaranek. «Apaltasunez» jardungo duela esan du, onartuta nola lortu duen aginte makila. Alkate izateko hura babestu dutenei eskerrak eman dizkie EAJkoak, eta bereziki alderdikide ez dituenei. «Zuhurtziaz eta eskuzabaltasunez» lan egingo duela agindu du, eta «guztiontzat» gobernatuko duela zin egin du, «baita PPri botoa eman dioten 35.000 pertsonentzat ere». Elkarbizitza berreskuratzea, krisia gainditzea eta hiria eraldatzea lehentasunen artean jarri ditu.

Bilkura amaituta, atsekabetuta hitz egin du Marotok. Iragarri du oposizioan egongo dela, eta aurrerantzean ere «gauza guztien gainetik» defendatuko duela Gasteiz. Gogorrago hitz egin dute Arantza Quiroga eta Alfonso Alonso PPko buruek. Abisua igorri dio Quirogak EAJri: «Ondorioak izango ditu». Haserre aritu da Alonso: «Urtaran legezko alkatea da, baina ez da zilegia».

Pozarren mintzatu da, ordea, Miren Larrion EH Bilduko zinegotzia. Egun «historikoa» dela esan du, eta eskerrak eman dizkie aldaketa bermatu duten alderdiei eta gasteiztarrei. Horiei zuzendu zaie: «Duintasun itsaso bat sortu duzue».

Kalean, udaletxe parean, hain justu, Maroto kanporatzea ospatu dute ehunka lagunek, oihu eta txaloekin. Tentsio uneak ere izan dira, PPkoa babestera joandakoen eta aldaketaren aldekoen artean, baina liskarrik ez da egon.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

EAJk iaz ospatutako Aberri Eguna, Bilboko Plaza Barrian ©Miguel Toña / EFE

EAJk 'Gure izaera. Gure aberria' lelopean ospatuko du Aberri Eguna

Berria

Apirilaren 9an Bilbon batuko dira. Andoni Ortuzarrek eta Iñigo Urkulluk hartuko dute parte emanaldian.

'De Miguel auziko' epaiketaren saio bat, 2018an. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Jaurlaritzak iragarri du 'De Miguel auziarekin' lotutako beste langile bat kargugabetuko duela

Olatz Silva Rodrigo

Zupiriak adierazi duenez, Alfonso Arriola bere karguan mantenduko dute, sententziak ez duelako kontrakorik ezarri.

Armendariz, Zaballatik atera berri. ©Etxerat

Aske geratu da Iñaki Armendariz euskal presoa

Berria

25 urteko zigorra osorik beteta atera da Zaballako kartzelatik.

Foro Sozialak Donostian egindako azken jardunaldiaren aurreko argazki ekitaldia, atzo. ©GORKA RUBIO / FOKU

Presoen gizarteratzea «galaraziko ez duen lobbya»

Xabier Martin

Aitzol Aslak dio Auzitegi Nazionalak «moteldu» egin duela presoen prozesua. Txemi Perezen ustez, gizartea «beheko kanpalekuan» da jada

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.