HEMEROTEKA

Eskerrik asko, Maroto

Koldo Alzola - 'Hirinet'

2015eko apirilak 22
[...] Iragan larunbatean kalean erakutsi genuen Gasteiz kolore askotako hiria dela. Zenbaitek kontrakoa nahiko balute ere; atzean gelditu dira Gasteiz kolore, hizkuntza eta pentsaera bakarreko hiria zeneko garaiak. Oroitzen dut nire txikitako garaietan Gasteiz Vitoria zela. Zeruaz gain zeru azpikoa ere grisa zen hiri hartan; telebista, berriz, zuri-beltzean. [...] Oroitzen dut bizilagun zurbilen hiri hartan beste kolore bateko pertsona bakarra zegoela, Essie Hollis, orduko Baskonia saski baloi taldeko fitxajea. Eta akordatzen naiz ordura arte beltzak entziklopedietan baino ez nituela ikusiak, eta gerripekoa baino ez zeramatela jantzita, eta lantza bat eskuan. Orduan deskubritu nuen bestelako kolore batzuk ere bazirela. Eta Hollisen atzetik beste asko etorriko ziren, eta hiriko grisari koloreak ateratzen hasi zitzaizkion. Eta orduan euskara ikasteak ere ahalbidetu zidan munduari kolore askotako anteojuez begiratu dakiokeela deskubritzea. Eta batzuen eta besteen ekarpenez hiri gris hura Galeanok irudikatutako su txikien itsasoa bilakatu zen.

Larunbatean kalean erakutsi genuen posible dela ezberdinen artean elkarbizitzea, auzolanean aritzea eta festaz gozatzea. Hori eskertu behar diegu Gora Gasteiz ekimenean hilabete hauetan buru belarri lanean aritu direnei; larunbateko ospakizunean antolakuntza lanean ibili diren guztiei; eta, oro har, Gasteizko karrika eta plazei koloreak atera dizkien guztiei... baina ekarpen horien guztien gainetik Javier Marotori ere eskertu behar diogu larunbateko protesta egunaren arrakasta. Bai, Marotori berari, izan ere, berak ere erantzukizun handia izan du herri mugimenduaren garaipen horretan. Bera izan da bere hauteskunde-estrategia lizunerako baliatutako argudio arrazistez gure ezinegona piztu duena; bera izan da bere diskurtso xenofoboaz, bere gezurrez eta bere egoskorkeriaz geure onetik atera gaituena; bera izan da herri mugimendu hori antolatzera xaxatu duena. Dudarik gabe, Marotoren akuilua erabakigarria izan da banatzen gaituena gainditu eta komuneko ideia baten inguruan bat egin dezagun (denok Marotoren kontra); kolore, jatorri, pentsaera eta hizkuntza ezberdinekoek elkarlanerako zubiak eraiki ditzagun eta ordura arte ikusi gabeko dinamika bat abian jar dezagun. Horregatik guztiagatik, eskerrik asko, Javier, bihotz-bihotzez, Gasteiz koloretsu baten alde egin duzun ekarpenagatik. Sucram, Javier.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna