Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Barrutik jantzitako txapela

Publizitatea

Kultura

Barrutik jantzitako txapela

Julio Sotok laugarrengoz irabazi du Nafarroako Txapelketa. Eneko Lazkoz heldu da buruz burukora Sotorekin. Ander Fuentes 'Itturri' izan da hirugarren. Luzia Goñik jantzi dio txapela Sotori
Julio Soto eta Eneko Lazkoz pasatu ziren buruz burukora atzo. Orduantxe berotu zen gehien Anaitasuna pilotalekua.
Argazkia: IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
«Dena loturik ekarri nahi du/ gure buru karratuak;/ baina bertsorik onenak dira/ arimatik kantatuak». Hasierako agurrean kantatu zuen Julio Sotok zertara joan zen Nafarroako Txapelketako finalera, eta beretik urratutako bertsoek jarri zioten txapela buruan. Sotoren atzetik sailkatu ziren Eneko Lazkoz, Ander Fuentes Itturri, Aimar Karrika, Xabi Maia, Xabier Terreros, Eneko Fernandez eta Julen Zelaieta. Datorren Txapelketa Nagusian kantatuko dute lehen bost sailkatuek.

Aulki hutsik apenas utzi zuten bertsozaleek aretoan, eta giroa eskertu zuten bertsolariek. Zortziko handian, Soto eta Karrika bi lagunen azalean jarri zituen Alaitz Rekondo gai jartzaileak. Haien lagun batek istripua izan zuen, kartzelan zen kuadrillako beste bat bisitatzera joan zenean. Horrela amaitu zuen lehen bertsoa Karrikak: «Dispertsioa nolatan dugun/ gobernuan delitua;/ zoritxarrean istripua ez da/ herri hontan istripua». Fin segitu zion Sotok: «Nahiz oraingoan izan den susto/ ttiki ttiki bat bakarra…/ Elkarren oso lagunak dira/ zorion ta zoritxarra».

35 urteko lehengusinak izan ziren Zelaieta eta Fernandez. Familia bazkaria zuten, eta ama noiz izango ziren galdezka zituzten senideak. Zorrotz hasi zen Fernandez: «Ez dire ohartzen gu geu garela/ gure bizitzaren jabe». Bizi jarraitu zion Zelaietak: «Orain umeak nahi dituztela/ ze nolako tirabira…/ Ta izan ezkero haurren builekin/ kejatu egingo dira». Fernandezek utzi zuen alerik txukunenetakoa: «Ezkondu eta haurrak eduki,/ da eurek duten idea./ Baina beti ez da zuzena izaten/ gehiengoaren bidea».

Enpresa batentzat lanean sei hilabete daramatzaten bi gazte izan ziren Maia eta Lazkoz; astero berritzen zieten kontratua. Ez zekiten hurrengo astean lanik izango zuten. Zorrotz aritu zen Lazkoz: «Baina ETT-k 'etetetik' du/ 'segitik' baino gehiago». Horrela jarraitu zion Maiak: «Ta okerrena da deitu ezkero/ poztu egingo garela». Txukun biribildu zuen lana Lazkozek: «Ohartua naiz langileentzat/ dela bide naturala:/ egunero lan egin beharra/ azkena balitz bezala».

Zortziko txikiko bertsoaldiek berotu zuten ordurako epelduta zegoen Anaitasuna. Bikotea ziren Soto eta Itturri, guraso izan berriak. Izena adostu, eta haurra erregistratzera joan zen Itturri. Hura erregistrotik itzultzean, beste izen bat jarri ziola ohartu zen Soto. Bizi hasi zen Soto, eta barrez eskertu zuten zaleek: «Gaur ere egingo zenun/ zuk betiko berdin... / 'Bai, bai' esan ta gero,/ nahi duzuna egin». Fin segitu zion Itturrik: «Kattalin ez jarrita/ zuk egin kritika.../ Baina Garazi ere,/ ez al da polita?». Txaloz hartu zuten zaleek Sotoren azkena: «Nahiz ta pixka-pixka bat/ aldatu izena;/ behintzat jarri diote/ nire abizena».

Hamarreko txikia eztabaidarako baliatu zuten bertsolariek. Kalean zeudela, gazte batzuk etorkin bat iraintzen ari zirela ikusi zuten Itturrik eta Karrikak. Karrikak ez zien deus esan nahi, Itturrik bai: «Guri begira dago,/ guk laguntzeko zain/ ta ez dut ekintza horren/ konplize izan nahi». Ariketa ederra osatu zuten bien artean; horrela amaitu zuen Karrikak: «Gizarte hau ni bezala/ ez al dabil tira,/ behar denean beste/ aldera begira?».

Bertsolari bakoitzak gai bati kantatu behar izan zion bakarkako ariketan. Margolari baten larruan jarri zuen gaiak Terrerosek. Lau belaunalditan familiako negozioa izandakoa itxi behar zuen: «Belaunaldiz belaunaldi/ ibili gara horrela,/ ta ikusirik pertsiana/ betiko gaur jaitsi dela…/ Ez da errex onartzen orain/ garaiak aldatu direla». Bigarren bertsoan biribildu zuen ariketa: «Dena da hondartza polit,/ dena Navarra Arena,/ dena da abiaduran/ tximistan gisako trena,/ dena kanal batean/ ura bizitzan barrena,/ Wifia ta interneta…/ Nere bihotzeko pena./ Itxiko dut gaur sala hau,/ itxiko dut orain dena;/ baina atzera itzultzeko/ badaukat itxaropena».

Zorrotz eta estu

Anaitasuna lehertzear jarri zuen buruz burukoak. Bizi aritu ziren bertsolariak puntutako eta seiko motzeko ariketetan, eta dotore eta fin kartzelako lanean. Horrela kantatu zion Sotok: «Urduri zaude. Badator» gaiari: «Trena heldu da tiki ta taka/ kea zeruetan dago./ Eskuak dardarka dauzkat nola/ dauzkadan gisan bi zango./ Neure bizitza buka dezadan/ errailen gainean nago./ Barkaidazue aita ta ama,/ baina ezin dut gehiago». Hirugarren bertsoan itxi zuen bakarkakoa: «Gurasoeri hau egitea/ errex denik ez usteko,/ baina dagoeneko erabaki/ hau dut mundua utzeko./ Gogoa neukan jarraitu eta/ indarra erakusteko…/ Bai, baina gogo gehiago daukat/ zu berriro ikusteko».

Luzia Goñi 89 urteko bertsolariak jantzi zion txapela Sotori. Goñik bertsogintzaren transmisioaren alde egindako isilpeko lana goraipatu nahi izan zuten antolatzaileek. Gurasoei eskaini zien txapela Sotok: «Tú nos hacías cosquillas,/ y tú nos diste el pecho,/ izan gara maitasunez/ hazitako bi umetxo.../ Pero de un día pa otro/ todo se hizo barbecho,/ eta destinuan aurka/ ezin da egin ezertxo.../ El camino de este duelo/ es muy largo y muy ancho,/ zuek odoletan baino/ bazoazte mantso mantso.../ Os agarráis a la vida,/ aunque os falte un cacho:/ txapeldun batzuk zarete/ aitatxo eta amatxo».

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak