Albistea entzun

19. Korrika

Euskahaldun kontzientzia

Euskaltzaleek egun osoz hartu dute Gasteiz, 19. Korrikaren etorrerarekin.

Kalera irten dira herri mugimendu eta erakundeak, euskararen alde egitera.

Azken pausoak geratzen dira: gaur, Bilbo
Dozenaka lagun batu ziren atzo Korrikara Arabako lautadan.
Dozenaka lagun batu ziren atzo Korrikara Arabako lautadan. RAUL BOGAJO /ARGAZKI PRESS

Hodei Iruretagoiena, Berriemaile berezia -

2015eko martxoak 29 - Gasteiz

«Aguraingo [Araba] euskaltzaleengandik asko daukagu ikasteko: kontzientzia bat badute, korrontearen kontra ari dira». Herrian falta dutena eramatera etorri da euskaltzale talde bat Oriotik (Gipuzkoa) Agurainera. «Eta ez ezer irakastera». Hala azaldu du Jabier Zabaleta Orioko Korrika batzordeko kideak. «Oriora mezu bat eramateko etorri gara». Egoera «zailagoan» egon arren, kontzientzia erakustaldi aparta egin baitute arabarrek, 19. Korrikaren azken-aurreko egunean.

Goizean goiz sartu zen atzo Arabako Lautadan gaur Bilbora iritsiko den lekukoa. Argi utzi zuten Zalduondoko herritarrek Zeledonen herrian zegoela Korrika, errepide ondoan pankarta bat jarrita. Gasteiza handik joaten dela diote bertakoek, eta harekin batera joan ziren atzo korrikalariak ere, Agurainen barrena. Tartean zen Arabako Lautadako euskara teknikari Joseba Legarda: «Ezagutza asko igo da azken urteetan». Harro azaldu zuen %25 direla elebidunak gaur egun, eta beste hainbeste elebidun hartzaileak. Garrantzitsutzat du eskolatik kanpo ere euskara erabiltzeko eremuak eskaintzea. Inguruan ziren, hain zuzen, herriko bertso eskolako gazteak: «Horiek dira abangoardia hemen».

Goizeko lehen eguzki izpiak atera ahala egin zuten Agurainerako bidea dozenaka euskaltzalek. Han, jendetza zuten zain, txaranga eta guzti. Dulantzitik pasatuta, Arkautitik sartu zen Korrika Arabako hiriburura; Ertzaintzak ere hartu zuen kilometroa han.

Larunbat goiza, eta eguraldi bikaina egokitu zitzaien gasteiztarrei lasterka aritzeko. Kanpoaldeko auzoetatik hasita, aurreko edizioetan baino jendetsuagoa izan zela aipatu zuen batek baino gehiagok: Salburua, Florida... Bitartean, giro ederrean zebiltzan asko Alde Zaharrean, hiruzpalau ordu falta arren Korrika bertara iristeko. Basatiak blusa eta neska taldekoak 10:30erako atera ziren poteoan Aiztogile kalean. Plan ederra zuten aurretik: hamaiketakoa, karajilloa eta Korrika. «Eta gero gerokoak». Iñigo Bikuña: «Kilometro bat hartu dugu, ikusarazteko urtean zehar ere gauzak egiten ditugula, gure jarduna ez dela jaietara mugatzen».

Aihotz plazatik, zuzeneko irratsaio berezia egin zuten Hala Bedikoek. Hantxe egokitu zitzaien lekukoa hartzea; aurten, Alea astekariarekin, Gaztezulo aldizkariarekin, GEU elkartearekin eta Hirinetekin batera hartu dute. Joan-etorrian zebilen Maitane Arnaiz, elkarrizketak eginez. «Euskarazko komunikabideak loraldian dira Gasteizen: Alea sortu eta Araba osora zabaldu da; Hala Bedik euskarazko katea sortu du...». Elkarlanaren bidean ari dira: «Euskalgintza zatituta dagoela esaten da, eta halakoetan saiatzen gara batzen, euskarari indarra emateko».

Araba euskalduntzen

AEKn ere ari da Arnaiz, irakasle; azken urtean matrikulazioek behera egin dutela azaldu zuen, besteak beste, arrazoi ekonomikoengatik. Gasteizko hizkuntza eskoletako datua eman zuen, horren argigarri —merkeagoa da matrikula—: ehunka lagun geratu dira kanpoan, euskaraz ikasi nahi izan arren. «Gainera, Arabako zenbait herritan izugarrizko gorakada izan da: Argantzunen, Trebiñun, Zigoitian... %33koa aurten. Ikusten da ahalegin handia egiten ari direla tradizionalki erdaldunagoak izan diren eremuetan».

Mugimenduaren irudi izan zen atzo Gasteiz: euskara erdigunean jarrita, kalera atera ziren denak. Green Capital parkean hartu zuten lekukoa Sarekoek: «Presoen eskubideen alde egin nahi dugu Korrikan ere: euskaraz ikasi eta bizitzeko eskubidea dute».

Gaztetxekoak ere lasterka irten ziren, eta egun osoan, «ateak ireki» zizkioten Korrikari: kontzertu pare bat ere antolatu zituzten. Beren jardunean euskaraz aritzen direla nabarmendu zuen kide batek: «Lehen urteetan, erdalduna zen guztiz gaztetxea, eta 90eko hamarkadatik aurrera hasi zen euskalduntzen. Orain, euskara da hizkuntza nagusia. Gasteizko euskalduntze prozesuaren isla da hori». Orain, Oihaneder Euskararen Etxea ere badute ondoan.

Auzoz auzo, jendetza batu zuen Korrikak Gasteizen: lasterka gehienak, baina bizikletan ere asko. Euskaltzaletasuna indartsu dabilela erakutsi zuten. Erakundeetako ordezkariak ere atera ziren: Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Emakunde, EHU... Eusko Legebiltzarreko eta Gasteizko Udaleko alderdi guztiak batera irten ziren —UPD izan ezik—, baita ELA, LAB, Hiru, ESK eta Steilas sindikatuak ere.

Lakuatik 16:00 pasatxoan irtenda, 2.500. kilometrorako bidea hartu zuen 19. Korrikak. Zeanuri eta Igorre igarota, Basauri, Galdakao, Zornotza, Larrabetzu, Zamudio... Eta Bilbo. Gaur helduko da helmugara euskahaldunen lekukoa, mezu berria zabaltzeko euskararen herri osora.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Lodosa Bizirik taldeko kideak, bi kaleren izenak euskaraz jarri eta gero. ©BERRIA

'Ahobizi' izan nahi, eta ezin

Itsaso Jauregi

Aurten ez da egingo Euskaraldia Lodosan, baina Lodosa Bizirik elkartekoek lanean jarraituko dute euskara normalizatzeko asmoz
Alternatibak atzo Gasteizen antolatutako mahai ingurua. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Ez gara arrisku bat: gu gaude arriskuan»

Edurne Begiristain

Alternatibak antolatuta, Espainiako trans legeari buruzko «gezurrak» ezeztatu dituzte mahai inguru batean. Mar Cambrollek esan du transek «subjektu aktiboak» izan behar dutela

Euskarari eta teknologiari buruzko solasaldia, atzo, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Puntako teknologia euskaraz

Isabel Jaurena

Hizkuntza gutxituak eta berrikuntza uztartzeari buruz jardun dute Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta. Euskaraz funtzionatzen duten zenbait gailu aurkeztu dituzte

Ezkerretik eskuinera: Otxandiano, Otegi, Aranburu eta Tobar bileraren osteko agerraldian, atzo, Donostian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

«Konfluentzia» nahi dute EH Bilduk eta LABek, publikoen eta ikastolen «onena» hartuta

Irati Urdalleta Lete

EH Bildu eta LAB hezkuntzaz aritzeko bildu dira. Aitortza egin diete sare publikoari eta ikastolei. Grebak aipatuta, esan dute bat egiten dutela langileen eskaerekin

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...