Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Kolpeka

2016ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Aste honetan, kolpeka gabiltza. Zuk hainbeste maite duzun Gracia honetan, Martxelo. Ezagutzen ez duten irakurleentzat: Gracia garai batean udalerria izana da, eta gero Bartzelonara anexionatua, eta beti atxiki izan du bere berezitasuna. Orain ere, hiri barneko herri bat da, herri izateaz harro dagoena, eta herri gaztetua, guztiz etxekotu diren ikasle gazte asko jarri baitira bertan bizitzen. Hiriko auzo aurrerakoienetako bat da, eta denetan independentistena. Udal hauteskundeetan, Ada Colauk irabazi ez zuen auzoetako bat izan zen —CiUk irabazi zuen—, eta Kataluniako hauteskundeetan, hautesleen %62k independentziaren alde bozkatu zuten (%46k Junts Pel Siren alde, eta %14k CUPen alde; lehen indarra eta bigarrena izan ziren, hurrenez hurren).

Bada, aste honetan, sekulako borrokaldiak izan dira bertan, lokal okupatu bat hustu dutela eta. Urte batzuk baziren gazte batzuek okupatua zutela Catalunya Caixaren sukurtsal bat izanikoa. Okupazioa legez kanpokoa zen, bistan zenez, baina onartua. CiUren udalak errenta pagatzen zion jabeari, eta denek ez ikusiarena egiten zuten.

Adostasuna Ada Colauk hautsi zuen, udalera iritsi zenean, eta horrek auzi eske bat ekarri zuen; azkenean, husteko agindua iritsi zen, eta mossoek betearazi zuten, astelehenean. Hortik aurrera, anabasa. Liskar gogorrak gauero manifestarien eta polizien artean, eta giro garratza bizitza politikoan. CUP, polizien oldarren kontra protestatzeko, ez zen agertu ere egin Oriol Junquerasek aurrekontuez mintzatzeko antolaturiko bilerara. Salaketak izan dira mossoen kontra, bereizi gabe oldartzeagatik; salaketak, era berean, manifestariek eginiko kalte larriengatik; azken batean, bizikidetza hausten hasia den seinale da hori guztia. Eta, tarte honetan, Ada Colau ezer egin gabe, noiz, eta PSC udal gobernuan sartu duen astean bertan.

Tira: hemen kolpeka gabiltza, eta badirudi batzuei hala komeni zaiela. Zuk, zaindu zeure burua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.