ENBAXADA BILA
Besarkada bat Arnaldori
Sei urte behar izan dira, baina, azkenean, Joan Tarda eta David Fernandez Logroñoko espetxera joan ahal izan dira, Arnaldo Otegirekin hitz egitera. Tira, hala uste dut, gaurko espero baitzen bisita, eta, seguru asko, zuetako asko hau irakurtzen ari zaretela elkartuko dira.
Urteak dira bi politikari katalan horiek eskatua dietela Espainiako espetxe erakundeei Otegirekin hitz egin ahal izatea, preso politiko adierazgarri horrekin —inork ezin du ukatu hala dela—.
Egia esan, ez dakit zer aldatuko zen orain, azkenean, Otegik atea erdi zabalik ikusten duenean, bi politikari katalan horiek eta Jesus Egigurenek azkenean kartzelan bisitatu ahal izan dezaten, baina hobe berandu izatea inoiz ez izatea baino. Hala ere, keinu horrek kostua du. Telebista saio batean, Tardak ostegunean esan zuen Otegi bisitatzera zihoala Logroñora, Euskal Herrian bakearen alde eginiko lana eskertzeko.
Eta segituan sentitu zen Otegi defenditu beharrean, tertuliakide tematsuki espainolista bat bere onetik aterata erasoan hasi baitzitzaion. Ohi bezain sutsu defenditu zuen. Irudi desatsegina izan zela kontuan hartu gabe, liskar mediatiko hark balio izan zuen argi uzteko badaudela gai batzuk katalanek eta euskaldunek era batean ikus ditzakegunak eta espainolek eta, batez ere, espainolistek sumatu ere egiten ez dituztenak.
Alde horretatik, ezin ditut aipatu gabe utzi Juan Carlos I.ak Frantziako telebistari eginiko adierazpen batzuk: lasai asko esan zuen Francorekin hitz egin zuen azken egunean hark eskutik heldu ziola eta eskatu ziola babes zezala «Espainiaren batasuna». «Espainiaren batasuna» baino ez. Bitxia da, berriz ere, euskaldunek eta katalanek eszena horretan 1979ko erregimenaren inpugnazioa eta horren ondorioak ikusi izana, eta espainol gehienentzat anekdota hutsa izatea, eta samurra, gainera.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.