Vicent Partal.
ENBAXADA BILA

Arzalluz

2017ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Garai batean, Arzalluz gizon kementsutzat zuten nire herrian, adoretsutzat; ahoan bilorik ez zuela zioten, eta esaten zuen huraxe entzun nahi izaten zieten hemengo askok Pujoli eta Convergenciako kideei; edo hala amesten zuten. Nahiz eta begien bistakoa zen Arzalluz eta EAJ trantsizioko hitzarmenen parte zirela, askok zuritu egiten zuten esanez baietz, EAJk hura sinatu zuela eta bertan parte hartu zuela, baina aho txikiarekin, nolabait. Esaten zuten Convergencia buru-belarri sartu zela estatuaren gobernazioan, eta EAJren jokabidearekin konparatzen zuten —berriz diot: hemen eta hemengo batzuek—: hura ez omen zen hain sutsua, eta garbi omen zuen Euskal Herria zela eta dela euskaldunen nazio bakarra.

Badakit askoz ere korapilatsuagoa dela guztia, eta, batik bat, Arzalluzen irudia nire herrian baino askoz ere konplexuagoa eta polemikoagoa dela zurean. Horregatik, ez nau harritu aste honetan hemengo jendea zur eta lur ikusteak jeltzaleen ugazaba zaharrak esan duelako ziur dagoela Rajoyk galarazi egingo duela urriaren 1eko erreferenduma —dena esan dezagun: Kataluniako mugimendu independentista miresgarria iruditzen zaiola ere bota du—.

Izan ere, iruditzen zait Espainiak erreferenduma gelditzea lortuko duelako uste hori ez dela gehiengoen ustea Katalunian. Jende askok, gehienez ere, esaldi bat esaten du, niri dibertigarria iruditzen zaidana. Esaten dizute ez dagoela zentzuzko modurik hau gelditzeko, baina espainiarrak edozertarako gai direla. Begi-bistakoa da badugula nahikoa arrazoi historiko eta pisuzko ez fio izateko Madrildik zer etorriko ote zaigun. Baina mundua asko aldatu da, eta, egun, 2017an, ez dirudi, hain justu, erraza izango denik prozesu ezin demokratikoago eta pluralago bat indarrez geldiaraztea EBko inguru garrantzitsuenetako batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.