Auzitegi Nazionalak 40 urte. Euskal kazetariak
Auzitegiaren behatzaileak

Teresa Todari (Brasil, 1950) hiru erara «tokatu» zaio harremana izatea Espainiako Auzitegi Nazionalarekin: «Egin-eko kazetari modura (1984-1990), Josu Muguruzaren hilketako epaiketako lekuko modura (1993) eta 18/98 auziko auzipetu gisa (2005-2007)». Gaztetan ABC egunkarian Madrilen praktikak egin zituenean, berriz, auzitegi ondoan bizi izan zen, amonaren etxean. Jose Ioldik (Donostia, 1954) eta Amaia Etxezarretak (Andoain, Gipuzkoa, 1969) kazetari gisa soilik izan dute harremana auzitegiarekin, El País-en eta EITBn arituta, hurrenez hurren.
Han ibilbiderik luzeena Ioldik egin du: 35 urtekoa (1977-2012). Hasieran Europa Pressen aritu zen, gero El País-en. «Nolabait esanda, Auzitegi Nazionalean bizi nintzen. Hango fluoreszenteak baino urte gehiago neramatzan...». Lan handia egin zuela dio, eta «beti garbi» jokatu zuela: «Gauza garrantzitsu bat argitaratu aurretik inplikatuei deitzen nien zertara gindoazen esateko».
Todak sei urtean 700 epaiketa ingururen kronikak egin zituen, ia den-denak ETAri eta Komando Autonomo Antikapitalistei buruzkoak. «Garai hartan atxiloketa masiboak egiten zituzten, jende asko egoten zen komandoetan, eta epaiketa ugari izaten zen. Frantziako Estatuak euskal iheslarien aurka egindako estradizio masiboak ere gogoan dauzkat».
Etxezarretak 2000-2016 artean jardun zuen Madrilen kazetari lanetan; lehenik Euskadi Irratirako eta gero ETBrako. Operazio eta auzi «politiko» asko egokitu zitzaizkion: atxiloketak, epaiketak... Bi aitatu ditu: «18/98 auziko epaiketa osorik jarraitu nuen. Ia urte eta erdikoa izan zen; oso luzea. Ez zen erraza jarraitzea; hain zen handia sumarioa. Auzi saioetan epaileak funtzionarioei esaten zien tomo batzuen bila joateko eta ez zituzten aurkitzen. Bestetik, Egunkaria auzian Pello Zubiriaren kasuaren berri eman nuen, eta oso gogorra egin zitzaidan».
Arrazoi desberdinengatik, hirurek aitortu dute Madrilen ez dela erraza euskal gaiak jorratzea. «Zubiriaren egoera fisikoaz idatzi nuela eta, El País-eko zuzendariorde batek iskanbila sortu zidan», adierazi du Ioldik. «Egunkaria auzia bera astakeria bat zela idatzi nuen». Etxezarretak uste du euskal hedabideetako kazetariek Auzitegi Nazionalean «zailtasun handiagoak» dituztela iturri onak lantzeko. «Gu, gainera, beti gai beraren bueltan aritu gara han. Euskaraz aritzeak berak ere etiketa jartzen dizu. Beraz, kostatu egiten zaigu auzitegiko konfiantza sareetan sartzea». Tratua, bestela, ona izan dela esan du. Todak azaldu du pairatu zuela «presiorik»: «ETAk [1989an] Carmen Tagle Auzitegi Nazionaleko fiskala hil ostean Jose Luis Corcuera Barne ministroak esan zuen nik seinalatu nuela Tagle. Efe-koek deitu zidaten, eta adierazpen batzuk egin nizkien, baina ez zituzten argitaratu. Taglerenetik aurrera, agindu baten ondorioz edo, Espainiako hedabideek aldatu egin zuten gurekiko harremana. Guardia Zibileko eta Espainiako Poliziako buruen mehatxuak ere jaso nituen. Agustin Azkarate presoari elkarrizketa bat egin nion Carabanchelen [Madril], eta ikusi nuen tortura aztarnak zeuzkala. Argitaratu egin nuen hori, ezin bainintzen isilik geratu, eta Polizia arduradunei ez zitzaien gustatu. Behin nire aurkako diligentziak hasi zituzten, baina kasua artxibatu egin zuten».
Oztopoak ikertzeko
Ioldik «susmatzen» zuen bazirela euskal militanteen aurkako torturak, baina erantsi du kazetariek ez zutela «sarbiderik salaketen ikerketara». Toda oztopoez mintzatu da: «Gogoan dut ETAren Madril komandoaren erorketa. Poliziak auzitegitik aparte zen biltegi batera eraman zituen kazetariak, atxilotuei ustez atzeman zietena erakusteko, baina nik uste Poliziaren asmoa gu orduan auzitegian ez egotea zela».
Etxezarretaren esanetan, «oso kazetari onak» daude Auzitegi Nazionalean, «espezializatuak eta zuzenbideaz asko dakitenak. Iturri onak lortzen dituzte, eta lehen eskuko informazioa daukate». Ioldik iturriak lantzeari berebiziko garrantzia ematen dio: «Auzitegiko funtzionarioekin ere banuen harremana, humanoa. Kontu pertsonalez hitz egiten genuen, eta, horri esker, batzuetan auzietako pistak ematen zizkidaten: joateko harengana, daturen bat, gertaeraren bat… Halakoak balekoak izaten dira gaietatik tiratu eta informazioa lortzeko».
EITBkoak «izugarrizko boteregunetzat» du Auzitegi Nazionala. «Une jakinetan gauza beldurgarriak egiteko tresneria handia dauka. Gaur egun beldurraren izenean gizarteak onartu egiten du hainbat gauza, eta Auzitegi Nazionalak hori baliatzen du». Esan du han ere gauzak ondo egingo dituztela, baina dio normaltzat hartu ezin diren auziak segitzea tokatu zaiola, «gaizki egindako sumarioak, txantxa ere sorrarazten dutenak, baina gero auzibidea segitzen dute». Euskal gaiei buruz «salbuespeneko» neurriak txarretsi ditu Todak. El País-eko kazetari ohiak, berriz, 2006ko abenduan ETAk T4an egindako atentatua du jarrera aldaketa baten mugarritzat: «Horren ostean auzitegiko fiskaltzak oso ildo gogorra ezarri zuen».
Egin-eko berriemaile izandakoari atxilotuen senideak laguntzea ere egokitu zitzaion, pentsioak non dauden-eta esanez. «Harrezkero, jendea etorri izan zait laguntza eskertzera». Epaiketetan «euskal militanteen belaunaldi aldaketa» ere nabaritu zuen: «Janzkeran antzematen zen, adibidez. Hasieran alkandora koadrodunak zituzten epaituek. Gero, irudi desberdinarekin azalduz joan ziren: belarritakoarekin, elastiko lelodunekin… ».
Lanerako baliabideak
Beste aldaketa bat: auzitegiaren baliabideak eta teknologia. BERRIArekin mintzatu diren hiru kazetariek ere igarri zuten «hobekuntza». «Ni 2000n hasi nintzen hara joaten, baina artean ez zuten prentsa bulegorik. Oso zaila zen auzi bateko auto bat lortzea», dio Etxezarretak. «Gero jarri zuten komunikazio taldea, eta horrek erraztu egin zizkigun gauzak, baina, era berean, gure lana kontrolatuagoa zeukaten». Todak 1980ko hamarkadan Egin-era testuak Correoseko telexean idatzita igortzen zituen, edo premiazkoak, telefono kabinatik. «Eskola ona izan zen». Ikasketa juridiko-teknikoak jaso izana baliagarri izan zitzaien lanerako, ikasi baitute hobeto behatzen.
Halaber, hirurak bat datoz euskal abokatuek lan ona egiten dutela. Eskertu zuten «gertuko harreman profesionala».
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.