Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Absolbitu egin dituzte Ernaiko eta 'Topatu'-ko zortzi gazteak

Publizitatea

Politika

Absolbitu egin dituzte Ernaiko eta 'Topatu'-ko zortzi gazteak

«Terrorismoa goratzea» egotzi zien fiskaltzak, eta bi urte arteko espetxera zigortzeko eskatu

2015-06-30 / Hodei Iruretagoiena

Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu «terrorismoa goratzea» egotzita epaitutako zortzi gazteak: Ernai gazte antolakundeko kide Irati Sienra, Gotzon Elizburu, Maialen Etxebarria, Mikel Button, Aitor Anda, Garazi Mugertza eta Mikel Moreno, eta Topatu.info-ko kazetari Iraitz Salegi. Fiskaltzak hemezortzi hilabete eta bi urte arteko kartzela zigorrak eskatu zituen bakoitzarentzat, inhabilitazioaz gain.

Gazteak maiatzaren 28tik ekainaren 16ra bitartean epaitu zituzten Madrilen, 2013an Urduñan (Bizkaia) egindako Gazte Danbada jaialdiaren harira. Xabier Lopez Peña euskal presoa zena hil zen egun haietan, eta haren heriotza salatu zuten manifestazio batekin, eta ekitaldi nagusian. Horregatik inputatu zituzten Ernaiko zazpi kideak. Haietako batzuk gazte erakundeko zuzendaritzako kide zirela ere esan zuen fiskaltzak, eta astungarri gisa erabili zuen zigor eskaerak egiteko. Absoluzioagatik poza agertu arren, «lan politikoa» epaitu dutela gogorarazi zuen atzo Ernaik.

Topatu-ko kazetari Salegi, berriz, ekitaldi haren berri emateagatik auzipetu zuten. Agiri bat ere atera zuten kasua salatzeko, eta 500 hedabide eta kazetarik eman zioten babesa.

Zortzi gazteak ez ezik, Periko Solabarria zena ere inputatu zuten, Gazte Danbadako jaialdian parte hartu zuela eta, baina epaiketatik kanpo utzi zuten azken orduan, osasun arazoengatik. Joan den astean hil zen ezker abertzaleko kide historikoa.

Lehenengo auzi saioan, gazteek protesta egin zuten epailearen aurrean. Denak kanporatu, eta epaiketa atzeratu zuen Angela Murillo epaileak. Orain, Torrejon de Ardozeko epaitegi bati eskatu dio protesta hura ikertzeko.

Gazteak, legebiltzarrean

Segiko kide izatea egotzita Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu berri dituzten 28 gazteen izenean, Xabier Bidaurre gazteak agerraldia egin zuen atzo Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean. Bidaurrek atxiloketan eta inkomunikazio aldian pairatutako torturen berri eman zuen, eta salatu zuen «militantzia politikoa» epaitu dituztela. Kepa Manzisidor abokatuak, berriz, «legez kanpokotzat» jo zuen zazpi gazte espetxeratu izana. Epaileen aurka kereila kriminala jarri dutela jakinarazi zuen.

Publizitatea

Sortu kontua
Hodei Iruretagoiena Hodei Iruretagoiena

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak