Noiz sortua: 2017-04-19 00:30:00

Erresuma Batua. Hauteskunde deialdia

Bozek bideratuko dute 'brexit'-a

Erresuma Batuko Gobernuak ekainaren 8ra aurreratuko ditu hauteskundeak. Gehiengoa indartu eta oposizioa isilarazi nahi du Mayk, EBtik ateratzeko negoziazioei begira
ANDY RAIN / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Adrian Garcia -

2017ko apirilak 19
EB Europako Batasunetik ateratzeko prozesua bururaino eraman nahi du Erresuma Batuko lehen ministroak, Theresa Mayk, eta negoziazioei begira lidergoa indartzeko eta kritikoak isilarazteko gogor egin du apustu: hauteskundeak ekainaren 8ra aurreratzeko asmoa iragarri du. Atzo goizean egin zuen adierazpena, Pazko atsedenaldia amaitu berritan, eta ezustean harrapatu du klase politikoa. «Bide bakarra da datozen urteetarako ziurtasuna eta egonkortasuna bermatzeko».

Downing Streeteko 10. zenbakiaren kanpoaldean hitz egin du Mayk, ordu gutxi batzuk lehenago abisua emanda. Berez, parlamentuak du bozak aurreratzeko eskumena, eta lehen ministroaren mozioak diputatuen bi herenen babesa lortu beharko luke gaur. Tramite hutsa izango da, kontserbadoreek gehiengo osoa baitute, eta laboristek dagoeneko esan dute alde bozkatuko dutela.

Gobernuak behin baino gehiagotan esan du ez zituela hauteskundeak aurreratuko. Mayk berak aukera hori baztertu izan du sarritan, 2020ra arte legealdia agortzeko asmoarekin. Iritzia «gogo gaiztoz» aldatu du, ordea. Dirudienez, Alderdi Kontserbadorearen barruko presioei men egin die.

Izan ere, jokaldi arriskutsua baina trebea da Mayrena: aukera paregabea dute tory-ek gehiengo hauskorra indartzeko, laboristen gainbehera aprobetxatuz; inkestek abantaila handia ematen diete kontserbadoreei, hogei punturen aldekoa. Brexit-aren erreferendumaren ostean sortutako ziurgabetasun ekonomikoa urrundu du gobernuak, eta, orain, datu ekonomikoak alde ditu. Horrez gainera, zilegitasun demokratikoa irabaziko luke Mayk, sekula hauteskundeak irabazi gabe hartu baitu agintea, iazko erreferendumaren ondoren David Cameronek dimisioa ematean.

Lehen ministroaren arabera, bozak aurreratu gabe ere zilegitasun nahikoa izango luke brexit-a aurrera eramateko, mandatu hori jaso baitzuen galdeketan. «Erresuma Batuak EB utziko du: ez dago atzera-bueltarik». Baina oposizioaren jarrera arriskutsua zaio, eta uste du negoziazioak oztopatu ditzakeela. «Une esanguratsu honetan herrialdea batzen ari da, baina Westminster ez. Zatiketa horrek brexit-a arrakastatsua egiteko gure gaitasuna kaltetuko du, herrialdean ezegonkortasuna eta zalantzak bultzatuz».

Laboristak, deseroso

Lidergoan oinarritutako hauteskundeak izan daitezela nahi du Mayk, alderdi bakoitzak brexit-ari buruzko proposamenak egin ditzala, herritarrek gero erabakitzeko. «Interes nazionalerako lan egingo duen lidergo indartsu eta egonkor bat, ni zuen lehen ministro naizela, edo Jeremy Corbynek gidatutako gobernu koalizio ezegonkor eta ahul bat». Mayk mahaiaren gainean jarritako bi aukerak dira horiek. Apropos egin du alderaketa lehen ministroak, ongi baitaki inkestetan ongi baloratutako buruzagi politikoa dela. You Gov zundaketa etxeak galdetutako erdiek lehen ministro onena dela uste dute. %14k bakarrik babesten dute buruzagi laborista.

Hain zuzen ere, hauteskundeek ez dute Alderdi Laborista une aproposenean harrapatuko. Eta zaila izango dute datozen zazpi asteetan egoera irauli ahal izatea, barne zauriak oraindik orbaindu gabe daudelako. Edonola ere, Corbyn alderdiko buruzagiak «ongietorria» eman dio Mayren erabakiari. Hurrengo egunetan, batzar nazionalera deituko dute, hautagaiak aukeratzeko eta programa zehazteko.

Baina Erresuma Batuko prentsak argitaratu duenez, laboristek beldurrez hartu dute iragarpena, inkestak betez gero diputatu askok galduko bailukete eserlekua. Tom Blenkinsop parlamentuko kideak erabaki du ez dela bozetara aurkeztuko, eta baliteke beste batzuek berdin jokatzea.

Badaude jendaurrean hauteskundeak aurreratzeko erabakia gaitzetsi dutenak. «Antzezpen bat egiten ari da May; lotsagarria da. Oportunista izaten ari da, eta behin eta berriz gezurretan ari da», esan du Jess Phillips parlamentari laboristak. Hainbat diputatu laboristak The Guardian egunkariari kontatu diotenez, «izututa» daude alderdikideak, eta Corbyn ordezkatzea pentsatzen hasiak dira.

Liberal-demokratek, ordea, 2015eko bozetan galdutako eserlekuak berreskuratzeko aukera ikusi dute. Brexit gogorra geldiarazteko azken aukeratzat dituzte bozak, eta kontserbadoreei aurre egiteko alternatiba bakartzat jo dute euren burua. «Brexit hondamenditsua eragozteko eta Erresuma Batuari merkatu bakarrean eusteko aukera gara», esan du Tim Farron liberal-demokraten buruzagiak.

Batasunaren etorkizuna

EBk gertutik erreparatuko die hauteskundeei, horiek ebatziko baitituzte alde bateko negoziatzaileak eta haien eskariak. Halere, Europar Kontseiluak esan du hauteskundeek ez dutela «ezer aldatuko». Hilaren 29an biltzarra egingo dute 27ek, negoziatzeko irizpideak zehazteko. Maiatzaren 22rako nahi dituzte irizpide horiek guztiz finkatu. Haatik, ez dira Brusela begira egongo den hauteskunde bakarrak. Batasunaren etorkizuna moldatuko dute-eta aurten beste bi herrialdeetan hautetsontziek: Alemanian, irailean, eta Frantzian, asteburu honetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Adrian Garcia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna