Ahaztu alde handiak

Hamabost segundo atera zizkien Zumaiak sailkatze estropadan Hibaikari eta Oriori, eta hemeretzi San Juani. Asko da. Zumaiarren lana bikaina izan zen. Besteena nolakoa izan zen jakiten zailagoa da. Onena ez zuten eman beharrik ere ez zutelako, edo maila apalean aritu ziren, nahi eta ezin?
Gaur, ordea, ez du ematen halako ezberdintasunak egongo direnik. Berdintasuna aurreikusten da. Ezuste handia litzateke batek beste hirurak hain nabarmen azpiratzea. Gerta daiteke gero, baina ez du ematen halakorik izango denik.
Hala ere, lauren arteko berdintasuna egonagatik, bi dira faboritoak: San Juan eta Zumaia. Iazko garaileak Euskotren liga irabazi du aurten ere, eta zumaiarrentzat izan da, aldiz, Gipuzkoako Liga. Zerbaitegatik banatu dituzte ia bandera gehienak bi taldeen artean. Baina gizonezkoen kasuan bezala, Kontxa bakarra da, berezia, eta gaur ere egin beharko dute lan ona bi talde horiek burua hartzeko. Ez badute egiten, alferrik izango da irabazitako guztia.
Hibaika estuago ibili da, baina azkenaldian gora egin duela ematen du. Hor dago Zarauzko estropadetako bigarren jardunaldiko garaipena. Areriorik handiena bere burua dela onartu zion atzo BERRIAri Eli Pescador Hibaikako arraunlariak. «Gorabehera handiekin gabiltza. Zarautzen bertan, lehen egunean oso atzean sartu ginen, eta igandean, aldiz, aurrenak izan ginen. Ea nola moldatzen garen hemen».
Orioren kasuan, isiltasuna dute lagunik handiena. Ia inork ez ditu aintzat hartzen garaipenerako, eta bandera bi egunetan lortzeko taldea izan ez badaiteke ere, egun batean susto handiren bat emateko gai izan daiteke, erakutsi baitu horretarako gaia udan zehar. Gaur, adibidez, egin dezake lan handiren bat. Kontuak kontu, atzo Juan Mari Etxabe San Juaneko entrenatzaileak esan zuen bezala: «Estu joango da gauza. Harrituko ninduke alde handiak egoteak».
Lau taldeetako edozeinek irabazita ere, bandera Gipuzkoara joango da, eta ez da hori ohikoa izan emakumezkoen Kontxako estropadan. Izan ere, lehen bost urteetan, Galiziako taldea izan zen garaile, Rias Baixas eta Galiziaren izenean atera zen hura. Nagusi izan zen hasiera luze hartan, eta duela bi urte arte hemengoek ez zuten lortu irabaztea. Zumaia izan zen hori erdietsi zuena 2013an, eta San Juan iaz.
Berezia izan zen aurreko urtekoa, aurreneko aldiz ez baitzen sailkatu Galiziako talderik. Laurak Gipuzkoakoak izan ziren, eta aurten ere hala izango da.
Gaiak
Kinka buletina
Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.