KRITIKA. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea

Aitzindariak

Shock Value: The Movie filmeko irudi bat.
Beñat Eizagirre Indo.
2014ko azaroaren 1a
00:00
Entzun

'Shock Value: The Movie'



Zuzendaria: Charles Adair, John Carpenter, Dan O'Bannon, Terence Winkless. Aktoreak: Mary Burkin, Jerry Cox, Kathy Maynard, Andy Pahich. Herrialdea: AEB. Iraupena: 80 minutu .

Beldurrezko eta fantasiazko generoak kritikaren oniritzia lortzearekin batera, unibertsitatean hainbat adituk genero horri buruzko hausnarketa mamitsuak plazaratu dituzte azken urteotan. Noel Carroll filosofoak, esaterako, The Philosophy of Horror or Paradoxes of Heart lanean masa kulturaren aldarria egiteaz gain, izuaren arrakastaren zergatiaz galdegiten digu. Paradoxikoa badirudi ere, jende askok neurrigabeko plazera sentitzen du film bortitz, higuingarri eta nahasgarri horiei esker. Nola azal daiteke fenomeno hori? Bestalde, zenbait autorek zinemaren historia berridazteko beharra sentitu dute, generoari dagokion lekua aldarrikatzeko asmoz, eta horregatik ugaritu dira azkenaldian La última película de Jess Franco eta ¡Zarpazos! Un viaje por el Spanish Horror eta halako lanak. Nouvelle vague-k sekulako boterea eduki du mundu osoko zinemazale askoren iruditerian, baina denbora ez da alferrik igarotzen. Ikuslea liluratzeko gaitasuna ez da soilik egile zinemarena; beraz, generoaren aldeko aldarrikapenek ez dute etenik.

Izan ere, Shock Value: The Movie dokumentu interesgarria estreinatuko da gaur Antzoki Zaharrean, Scifiworld saioaren barnean. Izu modernoaren aitzindarien film laburrak osorik bildu ditu Dino Everett kontserbatzaileak ikusleari ezagutarazteko asmoz. Jakina da Romero, Friedkin eta halako egileen grinari esker beldurrezko generoak sekulako arrakasta erdietsi zuela gazteen artean, eta Hollywoodek zinema mota horren aldeko apustua egin zuen orduan. Estudio handietatik kanpo burutu ziren izua eraberritu zuten film haiek, eta egun kultuko bilakatu dira. Horrenbestez, generoaren zale amorratuenek Carpenter eta Dan O'Bannonen hastapenetako filmez gozatzeko parada izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.