Emozioen eta sentipenen indarra

Eguzki Urteaga - Soziologiako irakaslea EHUn

2017ko urriak 13
Kataluniako prozesu subiranistaren jatorria eta bilakaera aztertzerakoan, joera dago erabaki instituzionalei, ideologia politikoei ala alderdi estrategiei erreparatzeko. Kasu guztietan, arrazionaltasunari lehentasuna ematen zaio, emozioetan eta sentipenetan gehiegi arreta jarri gabe. Kontua da emozioek ala pasioek geroz eta garrantzi handiagoa dutela politikan eta geopolitikan. Hori bera erakutsi du Dominique Moisi-k La géopolitique de l'émotion liburuan. Bertan frogatzen du nola ezin litekeen gaur egungo mundua ulertu berau zeharkatzen eta gidatzen duten emozioak kontuan hartu gabe. Horrela, agerian uzten du nola Europa eta Ameriketako Estatu Batuak nortasun-krisi batean murgilduak dauden, beldurraren kultura bat elikatuz. Beldur hori ezberdina denak sortzen du, aurkari ala mehatxu bat bezala agertuz. Mundu arabiar-musulmanean, ordea, umiliazioaren kultura da nagusi, batik bat gainbehera historikoak eta frustrazio politiko, sozial eta erlijiosoek eraginda. Asian, berriz, hazkunde ekonomikoak elikatutako itxaropenaren eta norberarenganako konfiantzaren kultura bat hedatu da. Kataluniara etorriz, azken zazpi urteetan hainbat emozio nagusitu dira.

Lehen sentimendua traizioa izan zen. 2010ean, lau urteko itxaropenaren ostean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2006an onartutako Kataluniako Estatut berriko 14 artikulu bertan behera utzi zituen, horietariko batzuk nazio izaerari loturikoak. Une horretan, herritar katalandarrak traizionatuak sentitu ziren zeren espainiar legediak aurreikusten zituen bide guztiak jorratu eta errespetatu zituzten Estatut berria onartzeko. Lehenik, katalandar legebiltzarrak, adostasun zabal bezain zeharkako baten bidez, testu berria osatu eta bozkatu zuen. Ondoren, Espainiako Kongresura bidali zuen non, Alfonso Guerrak gidatutako batzorde konstituziogileak hainbat moldaketa murriztaile egin zituen, nahiz eta Jose Luis Rodriguez Zapaterok hitza eman zuen Parlament-ak adostutako idatzia aldaketarik egin gabe onartuko zuela. Azkenik, erreferenduma bidez, herritar katalandarrek Estatut moldatua berretsi zuten. Baina, Alderdi Popularrak, Soraya Saez de Santamariaren eskutik, Estatut-aren 30 artikulu errekurritu zituen. Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak katalandarrei erakutsi zien, Espainiako bi alderdi nagusien borondate politiko faltaz eta zintzotasun ezaz gain, ezin zitekeela, gaur egungo ordenamendu juridikoan, Kataluniaren autogobernua handitu.

Bigarren sentipena umiliazioa izan zen. Izan ere, 2008ko irailean finantza krisia hasi zen, lehenik, Ameriketako Estatu Batuetan eta, ondoren, mundu osoan. Finantzarioa zen krisia, laster, ekonomikoa eta soziala bilakatu zen, hazkunde ekonomikoa baretuz, langabezia goratuz eta administrazio publikoen defizita zein zorra areagotuz. Katalunia bereziki kolpatua izan zen, ekonomia esportatzailea baitauka eta, batik bat, finantzaketa eredu desorekatu bat daukalako, zeinen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Erkidego Foralak daukaten autonomia fiskala (kontzertu eta hitzarmen ekonomikoaren bitartez) ez edukitzeaz haratago, jasotzen duena baino diru gehiago ematen dion Espainiar Estatuari lurraldeen arteko elkartasunaren izenean. Horren ondorioz, defizit eta zor publikoak handitzen zihoazen mailan eta Europar Batasunak kontu publikoak orekatzeko presio egiten zuen heinean, Generalitateak Espainiako Gobernuari laguntza eskatu behar izan zion finantzaketa lortu ahal izateko. Hori bereziki mingarria izan zen katalandarrentzat, Espainia osoko aberastasunaren %20a bertan sortzen baita eta, historikoki, herrialde dinamikoa izan delako ekonomia mailan.

Hirugarren emozioa harrotasuna izan zen. Hain justu, 2012tik landa, gizarte zibil antolatuak bultzaturik, herritar katalandarrek mobilizazio jendetsuak antolatu zituzten Diadaren kari. 2012an, 2,6 milioi pertsona batu ziren Bartzelonako kaleetan eta, ondorengo urtean, 1,6 milioi herritarrek giza-kate erraldoi bat osatu zuten, munduaren zirrara sortuz. 2014an, Kataluniaren independentziari buruzko galdeketan 2,3 milioi herritarrek parte hartu zuten, loteslea ez bazen ere. Herriz herri antolatu izanak, ekitaldi horren prestakuntzan buru-belarri murgiltzeak eta elkarretaratze horien arrakastak, herritarren harrotasuna sortu zuen baita nortasun kolektiboa indartu eta subjektu politiko propioa adierazi ere.

Laugarren sentipena zapalkuntza izan da. Hain zuzen ere, Erreferenduma eta Trantsizio Legeak onartu ostean, Espainiar Estatuak bere tresna juridiko eta polizialak erabili zituen, lege eta aplikazio dekretuak bertan behera uzteko, baita erreferenduma bera oztopatzeko ere. Komunikabideak eta inprimategiak miatzeaz gain, eta bertan zeuden afixa zein bozka-paperak hartzeaz aparte, funtzionarioak zigor administratibo eta penalez mehatxatu eta Generalitateko 14 goi-kargu atxilotu zituzten. Jokabide horren adierazpen esanguratsuena urriaren 1ean gertatu zen, Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak bozkatzaileei bortizki eraso egin zietelarik. Une horretan, katalandarrak bortxatuak sentitu ziren, frankismoaren eta trantsizioaren mamuak berpiztuz.

Beraz, emozioek zein sentipenek beren biziko garrantzia dute Kataluniako prozesu subiranista ulertzerako orduan, mobilizaziorako pizgarri nagusiak baitira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna