Albistea entzun

Nafarroako gobernu akordioa. Lurraldetasuna eta ingurumena

Taldeen kezka eragin du zehaztugabetasunak

AHTaren aurkako elkarteek premiazko bilera eskatu diete Nafarroako Gobernua osatzeko akordio programatikoa sinatu duten alderdi eta koalizioei; Sustraik salatu du proiektua ez dela zalantzan jartzen.
AHTaren aurkako protesta, Cadreita ondoan.
AHTaren aurkako protesta, Cadreita ondoan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Edurne Elizondo -

2015eko uztailak 18 - Iruñea

Sei orri eta erdi hartzen ditu azpiegiturei eta ingurumenari buruz Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak sinatutako akordioak. Sei orri eta erdi, betzeak bertze, abiadura handiko trenari, Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu arteko goi tentsioko lineari, haustura hidraulikoari, Esako urtegia handitzeko lanei eta hondakinen kudeaketari buruzko asmoak jasotzeko. Zehaztugabetasuna da nagusi zenbait gaitan, hainbat eragileren hitzetan. Eperik eta lan ildo zehatzik gabeko akordioa.

Abiadura handiko trenari buruz jasotakoek eragin dute kezka gehien. Azpiegituren eta ingurumenaren arloek bat egiten dute proiektu horretan; AHTak eskatzen duen inbertsio handia eta haren bideragarritasuna zalantzan jartzen duten txostenak bazter utzi gabe, ingurumenari eragiten dion kalteak ere mugitu ditu herritarrak egitasmo horren kontra. Akordio programatikoaren sinatzaileei premiazko bilera eskatu diete jada abiadura handiko trenaren aurka ari diren hainbat taldek: AHT Gelditu Elkarlanak, Erdialdea Trenaren Alde elkarteak, Mugitu Mugimenduak, Erriberako Tren Sozialaren Aldeko eta AHTaren Aurkako Taldeak, eta Sustrai Erakuntza Fundazioak.

Azken horrek argi eta garbi erran du: «Akordioak jasotzen duena da Geroa Baik goi mailako trenaren alde egindako apustua». Akordio programatikoak dio, bertzeak bertze, sinatzaileek lan eginen dutela Nafarroa ardatz atlantiko mediterraneotik kanpo gera ez dadin. «Hori da tranparik handiena akordioak proposatutako gauza guztien artean, hain zuzen ere. Horrek erran nahi du UPNk, PPk, PSOEk eta EAJk nahi duten gauza bera babesten dutela sinatzaileek ere: abiadura handiko trenarentzat bertze bide bat egitea», salatu du fundazioak.

Campanas eta Castejon arteko zatiaz akordioak jasotakoa ezin dela onartu nabarmendu du Sustrai Erakuntza Fundazioak. Loturarik gabeko zatia da hori, gaur egun, bi herrion artean. «Akordioan, ordea, ez da Nafarroako proiektua zalantzan jartzen; lanak egiteko dirurik ez dagoelako atzeratzeko aukera jasotzen da, baina ez dute egitasmoa bertan behera uzten».

Nafarroako ubidea

Bertze hainbat gai jaso dituzte Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak sinatutako akordioan. Nafarroako ubideaz, sinatzaileek diote gobernuak «alternatibak» aztertuko dituela onartutako finantza gainkostua murrizteko; hitzarmenak aipatzen du, halaber, etorkizunera begira egitasmo estrategikorik ez dutela martxan jarriko, proiektuaren ildo ekonomiko eta soziala, eta ingurumenari dagokiona kontuan hartu gabe.

Esako urtegia handitzeko proiektuari buruz, zehatzago mintzatu dira sinatzaileak hitzarmenaren testuan. Obrak bertan behera uztea eta alternatibei buruzko eztabaida abiatzea defendatu dute, hain zuzen ere. Bardeako tiro eremua ixteko eskatuko diote, halaber, Espainiako Gobernuari.

Akordioa zehatza da haustura hidraulikoari buruz, ingurumenaren arloan. Haren kontra egin dute sinatzaileek. Ez, ordea, Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) eta Deikaztelu (Nafarroa) arteko goi tentsioko linea egiteko proiektuaren aurka. Beharrezkoa ote den aztertzeko aukera jasotzen da, eta herritarren iritzia kontuan hartuko dutela zehazten dute. Akordioaren berri zabaldu zenean, jarrera horrekin «harrituta» agertu ziren goi tentsioko linearen aurkako plataformako kideak. Herritarrek aspalditik erakutsi dutela kontrako jarrera nabarmendu zuen plataformako aholkulari Alberto Friasek. Egitasmo horri ezetz errateko denbora gehiago ez dela behar erantsi zuen.

Hondakinen kudeaketa da akordioan jaso eta aztertutako bertze gai bat. Hartutako bidearekin «kontent» agertu da Greenpeace erakundeko Ana Malon. «Errauste planta baztertu dute», nabarmendu du. Nafarroako hondakinak kudeatzeko plan berria egiteko prozesua martxan dela gogoratu du. Apustuak konposta egiteko sistemen eta atez atekoaren aldekoa behar duela izan gaineratu du Malonek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Altsasuko gazteen alde egindako mobilizazio bat, 2019ko urrian. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Estrasburgok ez du aintzat hartu Altsasuko auziko gazteek egindako salaketa

Gotzon Hermosilla

Auziak Europan izan zezakeen bide judiziala amaitu egin da. Gizarteak emandako babesa nabarmendu du Altsasu Gurasoak plataformak

<em>Mozal legearen</em> aurka egindako protesta bat, Iruñean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Mozala nola kendu

Iosu Alberdi

Kongresuko Barne Gaietarako Batzordera iritsi da 'mozal legea' erreformatzeko proposamena. Indar parlamentarioen lana izango da orain aldaketen nondik norakoak eztabaidatu eta adostea.

EH Bildu eta PSE-EE bildu dira gaur, Bilbon ©Amaya Diaz-Emparanza

Anduezak adierazi du ez duela proiekturik partekatuko EH Bildurekin, ETA gaitzetsi arte

Oihane Puertas Ramirez

Anduezak uste du bi alderdiek zenbait herritan dituzten akordioak «puntualak» eta positiboak direla, baina ez du uste egoera egokia denik «pisuzko akordioak» egiteko.

Jose Ignacio Asensio artxiboko irudi batean ©Javier Etxezarreta / EFE

Txillardegiri Gipuzkoako Urrezko Domina ematearen aurka azaldu da PSE-EE, «bakearen aurkako profil politikoa» izateagatik

Berria

PPko Juan Carlos Canok «aberrazio» gisa izendatu du. Ekinbidea datorren otsailaren 2an bozkatuko da Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.