Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Klasismoa eta arrazakeria globala/lokala

Publizitatea

Iritzia

Klasismoa eta arrazakeria globala/lokala

 

2017-08-11 / Jessica Guzman Correa eta Silvia Carrizo - Malen Etxea emakume etorkinen elkarteko kideak

Emakume populazio latinoamerikarra euskal gizartearen osasun ekonomikoaren adierazle onenetako bat da. Noiz hura hazten den, lekuko egoera ekonomikoa hobetzen edo egonkortzen den». Horixe da Euskal Behatokiaren Lan merkatua eta emakume etorkina. Bikote banaezina Euskadin 66. Immigrazioari Begirada txostenaren ondorio sendoa. Txostenak honela dio: «Lan-merkatuaren aldaketarekin lotutako datu horiek eta azken erroldak, 2017ko urtarrilaren 1ekoak, jatorri latinoamerikarreko biztanleriaren ugaritzea ziurtatu izanak ondorio hau ateratzera eraman gaitu: Latinoamerikako biztanleriaren immigrazioa berriro indartu egin denez, euskal klase ertainak oinarri sendoagoa du eta immigrazioa eskatzen du, eta, neurri handi batean, euskal biztanleriaren zati garrantzitsu bat krisiaren hasiera baino lehenagoko parametroen antzekoetara itzuli da, aurreko panoramikan —65. alea— ikusi genuen bezala».

Zalantzarik gabe, euskal gizartearen klase ertainarentzako itxaropena besterik ezin du ekarri albisteak, eta era berean, ondorioak aurkezten diren modura, inplizituki adierazten da emakume latinoamerikarren lekua etxe barruko zerbitzuetan dagoela, gizarte klase ertainak bere bizimodua garatu dezan inolako kezka etikorik eta moralik gabe emakumezko langile kanpotar horiek haien jardunean dituzten baldintzen inguruan, eta ez diezaioten beren buruari galdetu 25 urtez berdintasun politikak ezartzen aritu ostean zein rol jokatzen duten klase ertaineko gizonek familia barruko antolaketaren arduretan.

Ospatu egiten da euskal gizartearen egoera ekonomiko osasuntsua eta merkatu globalean eskulan merkea kontratatzeko aukera, menpekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzarako eta, bigarren aukera gisa, etxeak garbitzeko. Baina estatistikak ez du aipatzen «etxeko enplegu» aterkiaren azpian ezkutatzen dela atzerriko emakume langileek euskal etxeetan betetzen duten eginkizun nagusia: adinekoen zaintza.

Emakume etorkinen Malen Etxea elkartetik behin baino gehiagotan adierazi dugu kontraesan politikoa dela berdintasunean eta zuzentasunean oinarritutako gizarte bat aurkeztea kontuan hartu gabe milaka emakumek lan egiten dutela morrontza egoeran, askatasunik gabe eta enplegua eskaintzen duenaren zerbitzura 24 orduz, miseriaren pareko soldatekin, soilik justifikatu daitezkeenak baldin eta sinesten bada pertsonek funtzio jakin bat bete behar dutela beren klase eta jatorriaren arabera.

Gizartearen ikuspuntu klasista eta arrazistaren errealitatea estatistiketan islatzen da: «Etxeko lanen sektoreak jatorri atzerritarreko emakume landunen % 38,8 hartzen zituen 2010ean EAEn, eta % 50,2 izatera heldu zen 2014an. Beste era batera esanda, EAEn lanean ari ziren bi emakume etorkinetatik batek etxeko lanen sektorean egiten zuen lan».

Gizartearen pentsamolde klasistaz eta arrazistaz mintzo gara zaintza lanak eta etxe barruko lana beste edozein lan bezala hartu behar direla aldarrikatzen dugulako: lanaldi jakin batekin, langileei askatasunean bizitzea ahalbidetzeko baldintzetan. Gizarte demokratiko batek ez luke onartu behar morrontza lanik, 24 orduz eta atsedenik gabe.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak