Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Giza bizitza: edukitik izanera

Publizitatea

Iritzia

Giza bizitza: edukitik izanera

 

2017-08-13 / Julen Goñi - Filosofoa

Erich Fromm-ek idatzi zuen Izan ala eduki azkenetariko liburua gure kulturan gauza zein pertsonen edukitzearen garrantziaren adierazle da. Bertan, giza existentzia horrela ulertzea lengoaian ere islatzen denaren abisua ematen digu, eduki aditzaren erabilera areagotu egin baita izan aditzaren kaltean. Pentsalariak eduki-ren aurrean izan-en alde jotzen du eta, 80ko hamarkadan, eduki-ri emandako lehentasuna gizateriari eragiten ari zitzaion ondorio negargarriak salatzen zituen, pertsona bere ondasunen esklaboa bilakatzen ari zelako.

Bere pentsamenduaren hariari jarraituz, pertsonaren eta bizitzaren artean, inplizituki edo esplizituki, ezartzen joan den erlazioa analizatzeari ekingo diot; erlazioa, esan bezala, lengoaian ere islatzen da eta Frommen planteamenduari lotuta dago.

Adierazpen asko dago bizitza pertsonaren ondasuna dela baieztatzen dutenak; adibidez, «bizitza eman —edo kendu— dio», «bizitza zor dio», «bere bizitza zerbaiten alde eman du» eta antzekoak esaten ditugu. Kasu guztietan, bizitza edukitzen den zerbait da eta, horregatik, kendu edo eman daitekeen zerbait litzateke. Errealitatea, aitzitik, bestelakoa da; jainko edo halako izate baten sinesten badugu izan ezik; baina, kasu horretan, sinesmen hutsaren munduan sartzen gara, arrazionaltasunetik urrun. Izan ere, ez dago aurretiko pertsonarik zeinari une zehatz batean bizitza ematen edo uzten —bertsioen araberakoa da hau— zaion, bizitza bukatu eta geroko pertsona ere existitzen ez den bezalaxe. Obulua eta espermatozoidea izaki bizidunak dira eta haien loturak, gizakion kasuan, gizabanakoa edo pertsona deitzen dugun eta konplexuagoa den izaki bizidun bat jaiotzea posible egiten du. Beraz, izaki bizidunak gara, eta ez bizitza duen edozer (gorputza eduki ez, baizik eta gorputza izan izaten garen modu berean).

Bizitza eduki bai, baina gurea ez den zerbait dela dioen ikuspuntuak nabaritasun hau mozorrotu du, eta oinarri arrazionalik gabeko sinesmen horren ondorioek eragin handia dute, bizitza sozialeko arloetan zabaldu baita (moral arlotik legalitate arlora, ohituretatik eta artetik pasatuz). Zehatzago esanda: lagundutako heriotzaren kasuan —eutanasia mota bat da, baina ez bakarra—, eta erlijioaren arlotan, nahi bai baina ahal ezin duen lagunari hiltzen laguntzea, laguntzailearentzat erailketaren antzekoa eta eskatzen duenarentzat suizidioaren antzekoa dela adierazi da. Bi kasuetan, argudio berbera zen hasiera batean: bizitza dohaina da, jainkoen oparia, eta haiena denez gero, haiei dagokie hura bukatzea. Oparitua dena jaso duenarena ez izatearen kontraesanak jainkoak fidagarriak ez ziren izakiak bilakatzen zituen eta, horregatik, argudioa berregin zuten haren defendatzaileek: oparitu ez, jainkoek utzita ematen zuten bizitza, gizakiok libreki ongi edo gaizki erabiltzeko; hau da, dotrinarekin ados edo ez, honek hil eta gerorako dituen ondorioekin (betirako zigorra edo saria).

Ez dizkiot ukatu nahi —ezta ukatu behar ere— argudio horiek, ontzat jotzea erabaki duenari, baina elkarrekikotasuna espero eta desiratzen dut sinesmen horiek ez ditugunokin. Are gehiago, botere publikoei gure ondoko ideia hauek errespetatu eta errespetarazi ditzatela exijitzen diet: gizabanakoa eta bizitza ezin direla bereizi, bizitzarik gabeko gizabanakorik ezta gizabanakorik gabeko giza bizitzarik ez dagoelako.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak