Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Komunitateari gorazarre

Publizitatea

Iritzia

Komunitateari gorazarre

 

2016-02-19 / Alfonso Vazquez - Hobest-en fundatzailea, eta aholkularia

źGehienek konprometitutako gizakien komunitate gisa jardungo dutela esango nuke, ez giza baliabide solteen multzo gisa. Orain, imajina ezazu horrelako enpresek osatutako ekonomia┬╗

 (H. Mintzberg).

Henry Mintzbergek berak panfleto digital izendatutako dokumentu interesgarria argitaratu du, Rebalancing Society izenburukoa. Gure gizarteetan gertatzen ari den desoreka izugarri baten ondorio tamalgarriez ohartarazten gaitu: pribatuaren aldeko (hots, enpresa eta finantza korporazio handien aldeko) desoreka izugarriaz, alegia. Gainera, gero eta sakonagoak direla ere esaten digu. Eta zera proposatzen du: eremu ekonomikoan, sozialean, politikoan eta ingurumenari dagokionean iritsi dugun zorigaiztoko egoera gainditzeko, beharrezkoa eta premiazkoa dela gizartea berrorekatzea, hau da, hiru eremu hauen arteko oreka ezartzea: Publikoa, Pribatua eta Plurala (┬źplural┬╗ horren barruan sartzen ditu irabazi-xederik gabeko erakundeak, kooperatibak, herritarren elkarteak, etab.). Arlo publikoa pribatuaren gatibu bihurtu denez, Mintzbergek pluralean jartzen du fokoa, gizartea berroreka dezakeen indar gisa, eta, bereziki, bere garapenaren sustatzaile den komunitatearen ideian. Berak dioenez ┬źsektore pluralak lideratu dezake [...] ezinbestean behar dugun gizarte-oreka berreskuratzeko prozesua┬╗.

Diskurtso neoliberal sasizientifiko eta manipulatzaileak liluratuta gauzkan honetan, kosta egiten zaigu krisiaren jatorrian, garapenean eta hedapenean zer dagoen ikustea: hain zuzen, dimentsio komunitarioaren suntsiketa, oso azpimarratzekoa, lanak, eraikuntza kolektibo gisa, izan duen degradazioan. Komunitatea, eraikuntza komunean elkarrekin lanean jarduten duten desberdinen lankidetasun eta elkartasun gisa agertzen da. Eta, ┬źbakoitzak bere ahalmenaren arabera, bakoitzari bere beharren arabera┬╗ zioen hartan oinarritzen da, gaur egun lelo horri heresia anarko-marxistaren kutsua hartzen badiogu ere. Eta, Marxen hitzetan, ┬źGizabanakoak, besteekin batera osatzen duen komunitatearen barruan bakarrik dauzka baliabideak bere dohainak zentzu guztietan garatzeko; pertsonaren askatasuna, beraz, komunitatearen barruan bakarrik gerta daiteke┬╗.

Neomanagement-a komunitatearen ideiaren beste muturrekoa da, ordea: norbanakoan jartzen du indar guztia, beti ere lider eta zuzendariei erreferentzia eginez, ┬źeraiki zeure burua┬╗, izan ekintzaile, sortu zeure ┬źmarka pertsonala┬╗ eta antzeko leloetan. Horretarako, negozio itzela jarri da martxan: autolaguntza liburuak, adimen emozionaleko mintegiak, coaching saioak, antolaketa-konstelazio lantegiak, lidergo ikastaroak... Kolektibo ┬źusaina┬╗ duen oro susmagarri bihurtzen da nagusi diren botereentzat, hain zuzen ere, lankidetzan agertzen delako boterearen kontroletik kanpo sortzeko ahalmena.

Euskal Herrian tradizio komunitario sendoa dugu. Euskaraz auzolan hitza daukagu lan komunitarioa adierazteko, auzokoek etxeak, bideak, eta beste zenbait ondasun komun elkarrekin eraikitzeko, elkarri lagunduz. Ez da harritzekoa hementxe sortu eta garatu izana mundu osoan miresgarri eta aztergai bihurtu den mugimendu kooperatiboa. Izan ere, gero Mondragon Korporazioa deituko zenaren jatorrian eta garapenean beste zerbait zegoen: tokiko eta eskualdeko komunitateen eraketa (Fagor Arrasaten, Ulma Oñatin...). Eta komunitate horiek ez ziren soilik enpresa-eremukoak, baizik eta hezkuntza, gizarte, eta abarrekoak. Izan ere, Mondragon Taldearen lehen antolaketa-eredua ┬źeskualdeko talde┬╗ deitutakoen bidezkoa izan zen. Uztarri sozial sendoetan eta elkartasunaren jardunean oinarritutako eraikuntza komunitarioko adibidea genuen hau.

Bada garaia enpresa-mundua eta gizartea birpentsatzeko, politikatik, egiten ari garena eta egin dezakeguna. Eta Mintzbergen panfletoa lagungarri izan daiteke lan horretan.

(Maite Darcelesek itzulia)

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak