urtzirrutikoetxea
Kurdistan. Turkiaren erasoaldia. LEKU-LEKUTAN

Kurdistan

2015eko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Ezin da bake prozesurik izan gure batasun nazionala eta senidetasuna arriskuan jartzen dutenekin», esan zuen Recep Tayyip Erdogan presidenteak. Casablanca filmeko irudi horren antza izan zuen, naziek aginduta Renault kapitainak txilibitua jotzen duenean Rick's taberna ixteko, «harrituta nago hemen apustu-jokoa dagoelako», eta segituan irabaziak ematen dizkiotenean. Kurdistango mugimenduak duela urte ugari egin zion uko Turkiarekiko sezesioari eta estatu independentea eratzeari. Aitzitik, kurduak eta kurduera ere aintzat hartuko dituen herritar guztien Turkiako errepublika berri baten alde dihardu inoiz baino indar handiagoz, azken hauteskundeetan argi geratu den legez. Horrek ez du esan nahi, noski, kurdu askok eta askok Kurdistan independente baten ametsa bertan behera uztea, baina Ekialde Hurbileko testuinguruan, botere erregionalek eta nazioarteko interesek erabat baldintzatutako eremuan, demokraziaren aldeko apustu horrek oniritzi zabala ekarri dio. Joan den ekaineko hauteskundeak horren erakusle. Garaile nagusi kurduen HDP alderdia izan zen; botoen %13rekin Parlamentuan sartu eta, hala, Erdoganen AKPren hamarkada bat baino gehiagoko gehiengo osoari amaiera eman zioten.

Bere zinismo guztiarekin, egia esan izana aitortu beharko zaio Erdogani: aitortu du bake-prozesuak mugimendu kurdua indartu duela, udal hauteskundeetan lehendabizi, eta azkenik ekaineko bozetan, eta horren ifrentzuan AKP gobernuko alderdiak atzera egin duela. Beraz, AKPk gerra behar zuen eta gerrari ekin dio. Askorik ezkutatzen ez den helburua da, gerrak polarizazioa ekartzea, HDPk ekainean izan zuen babesa galtzea Kurdistandik kanpo, turkiar ezkertiarren artean, eta berriz hauteskundeetara deituta gehiengo osoa izatea Erdoganen asmoak behingoz betetzeko: errepublika presidentzialista bat, orain baino askoz botere handiagoa emango diona. Bide horretan, nonbait, edozerk balio du. Harrituta ikusi du batek baino gehiagok zelan joan den hondora Turkiaren eta Kurdistango PKK gerrillaren arteko su-etena. Hiru urteren ostean ez zegoen emaitza askorik, egia da, baina bazegoen uste osoa prozesuak ez zuela atzera bueltarik, gerrillaren desarmatzea eta Kurdistanerako —eta Turkia osorako— oinarri demokratiko bat ekarriko zuela azken buruan.

Turkian gertatzen zenak bezainbat, herrialdetik kanpo PKKrekiko pertzepzioa aldarazi du. Sirian lehen lerroan izan dira —hala daude oraindik—jihadistei aurre egiten, Estatu Batuek airez bonbardaketekin lagunduta sarri askotan. Eta azken hamar egunotan, Estatu Islamikoari erasotzeko aitzakian, haren aurkako borrokalari eraginkorrena izan diren gerrillarien aurka jo du Ankarak. Irak eta Turkiako muga menditsuan zeuden baseak bonbardatzea aski ez, eta inguruko herrixketan triskantza eragin du; atzo bertan Zergele herrixkan zortzi zibil hil zituzten armadako hegazkinek, eta beste dozena bat baino gehiago zauritu. Normala balitz legez ia aipatu ere ez da egiten, baina baseok nazioarteak oraindik Irakeko zatitzat dituen lurraldean zeuden, Kurdistango Eskualde Autonomoan. Hau da, atzerriko herrialde batera bidali ditu hegazkinak Ankarak.

Bidenabar, inor gutxi gogoratzen da estatu horretan bertan, duela urtebete, aldameneko estatutik etorritako jihadistek eragindako sarraskiez. Abuztuaren 3an eraso zion EIk Sinjar mendiari eta bertako herri eta biztanle yezidiei. Gerokoa ezaguna da: gizonezkoen hilketa sistematikoa, eta neskak gatibu hartzea sexu-esklabo bihurtzeko. Milaka daude desagertuta oraindik, jihadisten esklabo-azoketan salmentan. Eta hondamendia geldiarazteko gai izan ziren bakarrak ez ziren izan inongo armada edo AEBek armaz ondo hornitutako pexmergak. Siriako mugatik sakrifizio handiz korridorea irekitzeko gai izan ziren gerrillari haiek salbatu zituzten yezidiak. Eta AEBei begiak irekiarazi: EIren aurka aliatu eraginkorrenak gerrillari kurduak zirela ikusi zuten.

Orain oso albiste larriak datoz Kurdistandik. Askok 90eko hamarkadako sarraskiak eta herrien txikizioa ere aipatu ditu —gogoratu hiru mila herrixka baino gehiago erre zituela armadak gerrillari aurre egiteko, eta egun Turkia mendebaldeko hirietan bizi diren kurdu behartsu askok orduan ekin ziotela exodoari—. Baina ez gaude 90eko hamarkadan. Kurduek Ekialde Hurbileko mugimendu sendoenetakoa daukate, erabateko konpromisoa daukaten milaka lagun —duela 25 urte, oso gerrilla gaztea zen—, kontzientzia sakona, eta eskubideak oso ondo ezagutzen dituzte, eta gerra geldiarazteko prest daude. Gehitu horri, hamarkada askotako jardunak eta Siriako gerrak borrokalari askori emandako esperientzia. Ez du horrek esan gura, noski, Turkiako armada, NATOko bigarrena AEBetakoaren ostean, garaituko dutenik. Baina kurduek Sirian argi utzi zuten ez ziotela inori erasoko, etxea defendatu baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.