Albistea entzun

Mende laurden bat bertsotan

'Hitzetik hortzera'-k 25 urte bete ditu aurten, eta etzi saio berezia emango du ETBk. Sustrai Colinak, Saroi Jauregik eta Joxerra Gartziak programaren balorazioa egin dute.
Jon Artano aurkezlea eta Laxaro Azkune gai-jartzailea, <em>Hitzetik hortzera-</em>ko plato zaharrean.
Jon Artano aurkezlea eta Laxaro Azkune gai-jartzailea, Hitzetik hortzera-ko plato zaharrean. EITB

Saioa Alkaiza Guallar -

2014ko abenduak 26 - Donostia

Ni bakarrik nengoen, platorik gabe eta talderik gabe. Lehen urte hartako programak ikusten ditudanean, ohe azpian sartzeko gogoa sartzen zait; telebista irizpideen arabera hain ziren kaxkarrak... Eta, hala ere, funtzionatu zuen». Hitzetik hortzera saioaren lehenengo urtearekin aski ongi oroitzen da Joxerra Gartzia, hark sortu zuen-eta ikus-entzunezkoa. 1988ko abendua zen, eta orduan hilabetean behin baino ez zuten emititzen. Garai zailak izan ziren. «Dena zen traba, kexa eta oztopo». Geroztik, ordea, asko aldatu dira gauzak; jende ugarik zalantzan jarri bazuen ere bertsoa telebistara egokitu zitekeen, denborak argi utzi du badela posible. Are gehiago, ETB1eko emanaldi arrakastatsuenetako bat da. Etzi saio berezia eskainiko du kate publikoak. Mende laurdeneko gorabeherak aztertuko dituzte Maialen Lujanbiok, Andoni Egañak, Uxue Alberdik eta Xabier Amurizak.

Maldan gorakoa izan zen hastapenean bidea, baina fruituak eman zituen azkar izerdiz ereindako haziak. Hainbat faktorek eragin zuten susperraldia. Garrantzitsuena «bertsolari belaunaldi gazte bat» garai bertsuan hasi izana izan zen. 1990ean, Andoni Egaña, Jon Sarasua eta Xabier Euzkitze zebiltzan plazaz plaza, besteak beste. Bestelako bertso moldeak zituzten, eta, hala, bestelako saioa jaio zen.

Publikoa, heterogeneoa

25 urteko ibilbidean makina bat aurkezle bildu du programak. Iñigo Aiestaran, Josu Goikoetxea, Arantxa Hirigoien, Saroi Jauregi, Martin Aramendi, Amaia Uribe eta Jon Artano ibili izan dira kamera aurrean. Eta bakoitza heltzearekin batera berritzen zen emanaldia.

Gartziaren urteetan, «bertsozale peto-petoek» ikusten zuten soilik. Denborarekin, baina, denetariko publikoarengana iristea lortu zuen. Jauregik gogoan du bilakaera hori. 2005etik 2008ra aurkeztu zuen programa, eta ordurako «adin mota guztietako bertsozaleak» biltzen zituen. Egun ere hala dela uste du Sustrai Colina Bertsozale Elkarteko Sustapen Saileko arduradunak, «bertsozale nukleo egonkorra» lortu baitu emisioak azken hamarkadan.

Eta, hain zuzen ere, eraldatzen asmatu duelako erdietsi ditu saioak jarraitzaileak. Jauregik argi dauka: «Ia urtero aldatu izan da zerbait programan: aurkezlea, zuzendaria, platoa, elkarrizketa gehiago edo gutxiago, bertso gehiago edo gutxiago, atal berriak... Uste dut lan txukuna egin dela orain arte». Bat egin du Colinak iritziarekin: «Luzerako apustua da Hitzetik hortzera».

Arrakasta kalitatez josten segitu nahi dute programaren antolatzaileek; hori dela eta, irizpide jakin batzuk zorrotz betetzen dituzte. «Zazpi herrialdeetako ekitaldiak grabatzeari garrantzi handia ematen diogu; eta saioko bertsoaldi onenak ematen ditugu». Bestalde, Colinak azpimarratu duenez, «arriskutsua» da bertsoak testuingurua azaldu gabe ematea; eta, ondorioz, bertso guztiak testuinguruan kokatzen saiatzen dira. Ildo beretik, bertsoa «hauskorra» dela uste du Colinak: «Multimediak baditu ahotsa, musika, irudiak, hitzak... Bertsoa instrumentu bakana da, tempo jakina duena». Horregatik guztiarengatik, hitza ikus-entzunezkoaren neurrira egokitzeko xehetasunak zaintzen dituzte.

Funtzionatzeko moduari dagokionez, hasieratik egin bezala, bi bertso saio grabatzen dituzte astero. Bertsozale Elkarteko hedapen taldea da saioaren arduraduna; bertsoa.com webgunea ere haien esku dago. Dena dela, argi dute telebista «erreferentzia» dela. Bi plataformetan dabiltza buru-belarri, beraz.

Aurrera begira ere kalitatearen bide orriari segitzeko asmoa azaldu du Colinak: «Plazako aktualitatea eskaintzen jarraituko dugu, ahalik eta modu pedagogiko eta erakargarrienean».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Abenduaren 3ko elkarlaneko TBsaioa

Iparraldeko euskal hedabideek saio berezia egingo dute 11:00etan, Baionan

Urtzi Urkizu

Iparraldeko euskarazko bost hedabideak elkarlanean arituko dira 11:00etatik 12:00etara, 'Euskara, hedabideetatik karriketara!' izenburupean. Zuzenean ikusi ahalko da hementxe bertan

Erroiz olio enpresako kideak, Oinatz Bengoetxea pilotari ohia erdian dutela, atzo. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Urre berdearen zukua dastagai

Unai Etxenausia

Lantziegoko Erroiz olio enpresak oliba olio birjina estra berria aurkeztu du. Aurten, Bengoetxea pilotari profesional ohia gonbidatu dute Sustraiak zuku izarra dastatzera.
Txantxangorri bati eta onddo bati sakelakoarekin egindako argazkiek Merlin eta Mushtool aplikazioetan egindako bidea. ©BERRIA

Natura poltsikoan

Enekoitz Telleria Sarriegi

Geroz eta gehiago dira natura behatzen eta ulertzen laguntzen duten sakelako aplikazioak. Behatu litezke mendiak, onddoak, hegaztiak, landareak, zeruak... eta bahetu litezke ondoren behaketak. Adituek diote erabilgarriak, errazak eta herritarrak zientziara hurbiltzeko lagungarriak direla, baina tentuz erabiltzekoak ere bai, ez dutelako beti bete-betean asmatzen.

Jose Ignacio Jauregi —eskuinetik hasita bigarrena—, lankideekin, Michelin izar berdea esku artean dutela. ©IÑIGO URIZ / FOKU

«Ongi elikatutako txerriek zapore hobea dute»

Amaia Jimenez Larrea

Lekunberriko Maskarada jatetxeak Michelin izar berde bat lortu du orain gutxi. Jatetxearen jasangarritasuna saritu dute, 'euskal txerri' izeneko arraza nola tratatzen duten aintzat hartuta.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...