Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Gaueko leiho zaharberritua

Publizitatea

Bizigiro

Gaueko leiho zaharberritua

Radio Euskadiko 'Ganbara' irratsaioak 30. urteurrena ospatuko du astelehenean Bilbon. Entzule askorentzat erreferentea da informazioan, tertulietan eta analisian.
Sonia Hernando <em>Ganbara</em>-ko gidari nagusia eta Xabier Garcia Ramsden saioko tertulia politikoaren aurkezlea.
Sonia Hernando Ganbara-ko gidari nagusia eta Xabier Garcia Ramsden saioko tertulia politikoaren aurkezlea. EITB

2017-03-17 / Urtzi Urkizu

Radio Euskadiko Ganbara irratsaioa estreinatu zutenean, ez zegoen Internet, ezta sakelako telefonorik ere. Mikel Kamio zena izan zuen aurreneko zuzendaria. EITBko gaztelaniazko irratiak leiho propio bat zabaldu zuen. Urteak joan, urteak etorri, programazioan mantendu da Ganbara, eta Xabier Garcia Ramsdenek —2011tik 2016ra saioko gidaria eta egun tertulia politikoaren aurkezlea— uste du programa garrantzitsu bilakatu dela entzule askorentzat: «Eguna amaitzeko modua da haientzat: sukaldean, ohean, autoan, gaueko lanean... Entzule asko ohitu egin da gaurkotasunaren informazioa gehi analisi dosira».

Enrique Martinek 1980ko hamarkadaren amaieran hiru denboraldiz gidatu zuen saioa, eta oroitu du urte «oso gogorrak» izan zirela. Haren iritziz, programako pluraltasuna «funtsezkoa» izan da beti: «Sentsibilitate politiko guztiak ordezkatuak egon izana, ETAk politikariak hiltzen zituenean ere, argitasun handia eman diote saioko tertuliei». Ildo beretik, Ramsedeni iruditzen zaio Ganbara-koa irratiko tertulia «pluralenetakoa» dela. «Irrati publiko batean beharrezkoa da hori ondo egitea».

Egun, Sonia Hernando da programako gidari nagusia. «Ganbara erreferentzia moduan hartu dut beti». Uste du baliagarria dela goizetan lanean ari direnentzat eta ari zirenentzat: «Boulevard saioa prestatzen, Ganbara-ko elkarrizketak eta informazioa erabiltzen genituen egunero».

Saioak izan ditu aldaketak, eta zaharberrituta dago orain. «Tertulia eta informazio politikoa mantenduz, ordu berri bat zabaldu dugu Ganbara de cerca izenburupean», azaldu du Hernandok. «Ordu horretan gaiak sakontzeko aukera daukagu, eta, modu horretan, askotariko gaiek bere lekua dute programan».

Era berean, Garcia Ramsden tertuliako aurkezle moduan mantentzea —Teleberri ere aurkezten du ETB2n— erabaki egokia izan dela iruditzen zaio Hernandori: «Entzuleek ez dute erreferente hori galdu». Ramsdenek dio berarentzat «erantzukizun handia» izan zela saioa gidatzen hastea, 2011n. «Maila mantentzea eta saioa modernizatzea izan ziren nire lehentasunak. Azkeneko urteetan egokitu zaigu saioa Twitterren, Facebooken eta Whatsappen sartzea, eta horrela, entzule batzuengandik gertuago gaude». Ramsdenek eskerrak eman dizkie entzuleei emandako konfiantzagatik: «Konpetentzia gero eta handiagoa da. Jakitea entzule fidelak kateatuak ditugula, saioak behar duen gasolina onena da gauero lan egiteko».

Martinek nabarmendu du irratsaioa «koherentea» izan dela sortu zuten oinarriekin: «Gaurkotasunaz hausnartzea, ikuspuntu guztietatik. Uste dut Ganbara-ko zuzendarien independentziak, ondo kostata lortuta, balio izan duela garai bateko alderdi politikoen presioei aurre egiteko».

Etorkizunari begira, saioak urteak betetzen joateko itxaropena du Hernandok: «Gure gizartearen aldaketak laguntzen aritu, eta gu ere aldaketak arnasteko gai izan behar dugu». Martinek uste du Ganbara bezalako saio bat «funtsezkoa» dela edozein irrati publikorentzat.

Jaia, Kafe Antzokian

Astelehenean, irratsaioak 30. urteurrena ospatuko du Bilboko Kafe Antzokian, 20:00etatik 23:15era. Gonbidatu ugari izango dira, tartean programak izan dituen zuzendarietako batzuk: Gotzon Toral, Iñaki Berazategi, Nicolas del Val, Jose Luis Fonseca, Ainara Torre eta Dani Alvarez. Solaskideen artean izango dira, besteak beste, Andoni Ortuzar (EAJ), Arnaldo Otegi (Sortu), Nagua Alba (Ahal Dugu) eta Idoia Mendia (PSE-EE). Herritarrek irratsaioa nola egiten duten zuzenean ikusteko aukera izango dute. Aurretik, Whatsapp bidez Ganbara hitza bidali behar da honako zenbaki honetara: 688-84 08 40. EITB.eus webguneak streaming bidez emango du festa.

Publizitatea

Sortu kontua
Urtzi Urkizu Urtzi Urkizu

Publizitatea