ETB1ek Euskal Herrian egindako filmak emango ditu urte osoan

Zinemaren leiho bat zabaldu dute 'Zinez' saioarekin.

Datorren astelehenetik aurrera, atzerriko film bat ere emango dute astero
Alvar Gordejuela eta Itziar Atienza, <em>Txarriboda</em> filmeko eszena batean. Astelehenean estreinatuko dute ETB1en.
Alvar Gordejuela eta Itziar Atienza, Txarriboda filmeko eszena batean. Astelehenean estreinatuko dute ETB1en. BERRIA

Urtzi Urkizu -

2016ko urtarrilak 23
ETB1en boladaka iristen da zinema. Egin izan dituzte zikloak. Eman izan dituzte pelikulak saio baten babesean. Eta izan dira aste luzeetako hutsuneak ere, euskarazko film bakar bat eman gabe. 2016. urtean astero ikusi ahalko da film bat ETB1en, Zinez saioan. Pelikula bakoitzaren aurretik, aurkezpen labur bat egiten du Fermin Etxegoienek. Urtarrilaren 4an hasi zen saioa, Lasa eta Zabala filmarekin, eta datozen hilabeteetan astelehenero emango dituzte pelikulak eta dokumentalak.

Datorren astelehenetik aurrera, gainera, saio bikoitza izango da: lehenbizi, Euskal Herrian ekoitzitako lan bat izango da ikusgai, eta, gero, atzerriko zinta bat euskarara bikoiztuta. Etzi, Javier Rebollok eta Alvar Gordejuelak zuzendutako Txarriboda estreinatuko dute —euskaraz da jatorrizkoa—. Gero, Ben Affleckek zuzendutako eta protagonizatutako The Town (2010) emango dute.

Joselu Blanco ETBko programazio zuzendariak gogoratu du azkeneko urteetan Euskal Telebistak asko inbertitu duela zineman. «Badauzkagu hainbat film estreinatzeko, eta duen balioa eman nahi diogu hemen egiten den zinemari». Blancok iragarri du 2016. urte osoan mantendu nahi dutela Zinez saioa. Tartean izango dira telebistan aurrenekoz ikusiko diren pelikulak eta bigarren aldiz emango direnak —esate baterako, Loreak—. Programazio arduradunak azaldu duenez, litekeena da udan saioa asteko beste egun batean ematea. ETB1en aurten ikusi ahalko diren filmen artean, bestalde, Peio Cachenautek zuzendutako Xora dago, zubereraz egindako lehen pelikula.

Zinemak ETB1en ikusle datu apalak izan ditu beti. Saiakerak egin izan ditu ETBk, baina nabaria da ikusle asko bereganatzeko zailtasuna. Blancok uste du zinema euskaraz ikusteko ohitura faltak duela horretan eragina. «Baina ohitura falta ez da soilik telebistakoa, baizik eta filmen bizitza osoan. Euskal Herrian ez dago ohiturarik zinema aretoetan filmak euskaraz ikusteko. Telebistan euskaraz estreinatzen direnerako, jendeak gaztelaniazko ahotsak ditu buruan, eta zaila egiten da. Ikusleei kosta egiten zaie pelikula bat euskaraz ikustea».

ETBk badu bere ardura herritarrek zinema euskaraz ikusteko ohitura har dezaten. «Saiakerak mila izan dira, eta emaitzak ez dira inoiz onak izan», aitortu du Blancok. Haren irudikoz, ardura ez da bakarrik telebistarena. «Ziklo oso bat dago, eta gurea katearen azkeneko partea da. Aurreko etapetan euskarak ez badu espaziorik, azkenekoan oso zaila da arrakasta lortzea».

Urtarrilaren 13an, Fermin Etxegoienek BERRIAn esan zuen euskarri bakoitzean «beren-beregi» aztertu beharko litzatekeela zein den bultzatu beharreko itzulpen eta bikoizketa eredu linguistikoa. Blancoren iritziz, «oso txukunak» dira egiten diren euskarazko bikoizketak. «Baina erreferentetzat gaztelaniazko bikoizketa dugu, eta hori munduan dagoen onenetarikoa da».

Zinez saioan, fikzioaz aparte, Euskal Herrian egindako dokumentalak emango dituzte datozen hilabeteetan —aste honetan, adibidez, Aldana 1980. Isiltasun eztanda eman dute—. Programatuko dituzten dokumentalak «bereziak» izan beharko dutela adierazi du Blancok. Horietako bat Ander Iriarteren Echeverriatik Etxeberriara izango da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: