Albistea entzun

Rockaren zirku iluna

Martin Scorseseren eta Mick Jaggerren 'Vinyl' telesaila estreinatu berri du HBO AEBetako kateak. New Yorkeko 1970eko hamarkadako musika eta droga munduan girotuta dago.
<em>Vinyl</em> telesailean, Richie Finestra (Bobby Cannavale aktorea) diskoetxe bateko burua da 1973. urtean.
Vinyl telesailean, Richie Finestra (Bobby Cannavale aktorea) diskoetxe bateko burua da 1973. urtean. BERRIA

Edu Lartzanguren -

2016ko otsailak 16

Baina zer da hau? 1970eko hamarkadako rock-and-roll munduan giroturiko telesail bat, eta protagonistak, musikariak izan beharrean, diskoaren industriako exekutiboak dira?». Galdera hori egingo zioten igande gauean ikusle askok euren buruei Vinyl telesailaren probako atala ikustean. Martin Scorsese zinema zuzendariak eta Mick Jagger Rolling Stones taldeko abeslariak sortu dute Vinyl, eta HBO katean estreinatu zuten.

Jagger eta Scorseseren apustuak badu logika: rockaren izarren inguruko filmak egitea jende guztiaren erdeinua irabazteko modu segurua da. Izarron zale ez direnek mitomanian erortzea leporatu ohi diete zinemagileei. Eta zaleek ez diete inoiz barkatzen euren idoloak hilkor arrunt bilakatzea. Beraz, Michael Winterbottomek 24 Hour Party People filmean arrakastaz egin zuen bezala, apusturik seguruena Scorsesek eta Jaggerrek egin dutena da: musika industria ustelaren exekutibo baten bitartez kontatu, eta rock izarrak atrezzoren parte izatera kondenatu.

Duela hogei urte izan zuten ideia zinemagileak eta musikariak. Biek gertutik ezagutu zuten 1970eko hamarkadako New York; hiria leku zikin, drogazale, gaizto eta interesgarria zen garaia.

1970eko hamarkada «ikuspegi artistikotik izugarri interesgarria» izan zela adierazi du Jaggerrek. «Niretzat, garai izugarria izan zen». «Rockaren munduko istorioak kontatzen dituzunean, alde bitxiena hau da: benetako gertakizunak asma nitzakeenak baino eroagoak dira», esan du Terence Winter ekoizleak, «eta askotan esaten diozu zeure buruari: inork ez du hau sinetsiko».

Telesaila sortzeko prozesuan ibili diren gehienak giro hura zuzenean bizitakoak dira. Eta, halere, igandeko bi orduko atalean anakronismo ugari topatu dituzte ikusleek, besteak beste, New Yorkeko metroko aulki garaikideak.

'Mad Men' gogora

Vinyl telesailaren istorioa 1973. urtean hasi da: Richie Finestra protagonista (Bobby Cannavale aktoreak antzeztua) autoan dago. American Century izeneko disko konpainiako burua da, baina porrot egitera doa. Etsita, mozkortzen ari da autoan, eta kokaina erosten saiatzen ari da, hiriko kale ilun batean.

Scorseseren ukitua da telesaileko droga, sexu eta ustelkeria giroa. Mad Men-ekin parekatu dute askok, baina haren zorroztasun psikologiko eta dotoreziarik gabekoa da. «Jendea izerditan eta elkarri garrasika 11 orduz», horrela deskribatu du Vinyl New Yorkeko QC moda eta kultura hilabetekariko Maggie Lange zutabegileak.

Lehen atalaren gailurra kontzertu areto batean gertatzen da. Kokaina lortu ondoren, gazte batzuen atzetik haraino iritsi da Finestra, eta, han, punkaren aitzindarietako bat —New York Dolls— deskubritu du exekutiboak. Bere diskoetxea salbatzeko bidearen errebelazioa izango du orduan, kontzertu aretoa hondoratzen denean. Egiazko bi gertaera nahastu dituzte hor gidoilariek: taldeak 1973an argitaratu zuen lehen diskoa, eta eraikin hori benetan erori zen, nahiz eta ez gertatu kontzertu baten erdian.

Nola ez, musika oso garrantzitsua da telesailean. Lehenengo atalean, gutxienez hemezortzi talde edo musikariren doinuak entzun dira; tartean, The Stooges, The Arcs, Royal Blood... Atal bakoitzeko kantuekin disko bana argitaratu nahi dute.

Agertzen diren rock izarren «karikatura» salatu dute kritikariek, besteak beste, Robert Plantena, eta telesaila finago dabilela fikziozko musikariak asmatzen dituenean: lehen atalean, The Nasty Bits. Horko abeslariarena James Jaggerrek egiten du, Mick Jaggerren semeak. «Hori da rock-and-rolla: azkarra, zikina, buruan jotzen zaitu!», esaten die Finestrak diskoetxeko lankideei, aro berriaren ebanjelistarena egiten.

HBO etxeak Game of Thrones eta bestelako telesailetan arrakasta handiz ustiatu dituen osagaiak ditu Vinyl-ek: odolaren eta borroken lekua, drogek eta kontzertuek hartzen dute, eta sexua zein gorpu biluziak ezinbesteko apaingarri gisa erabiltzen dituzte honetan ere. Garaiaren «gehiegikeriak fideltasun handiz irudikatu dugu, ezer bigundu gabe», esan du Scorsesek. Hark zuzendu du lehen atala. Lehen sasoiak hamar atal izango ditu, eta beste atal batzuk zuzentzeko asmoa duela adierazi du Scorsesek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Isabelle Dupont Baionako txokolatearen bisita gidaria, atzo, txokolate harria nola erabiltzen zen azaltzen. ©GUILLAUME FAUVEAU

Txokolateak bahitu zuen hiria

Ainize Madariaga

Bisita gidatu batek Baionan barrena txokolateari esker urtzeko parada ematen du, bederatzi txokolategiek josten baitute hiria. Lau mendeko historiak eraiki dion fama ona elikatzen dute.
 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Betirako gelditu zitzaidan 'Hambre' etxeko umetako kultura»

Zihara Jainaga Larrinaga

Abade izatea zen Zelaietaren patua, baina uste baino azkarrago utzi zuen. Ostean, 'Anaitasuna'-ko zuzendari, Verdesko langile eta Lauro ikastolako irakasle izan zen, besteak beste. Gabriel Arestiren lagun hurko izanak itzalean ezagun egin zuen.
Pele, 1.301 gol sartu eta hiru Munduko Kopa irabazi zituen futbolaria. Ez du inork historian halakorik errepikatu. ©NETFLIX

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.