Preso batek bere burua hil du Baionako kartzelan

Igandean aurkitu zuten urkatuta ziegan, kartzelan zeraman hirugarren egunean. Aurten beste bi preso hil dira Baionan; bat, bere burua hilda
SYLVAIN SENCRISTO / IPARLA

Erredakzioa -

2016ko azaroak 17
Bere buruaz beste egin zuen preso batek igandean Baionako kartzelan. Espetxeen Nazioarteko Behatokiak eman du horren berri. Haren arabera, gizon bat da hildakoa, eta hiru egun zeramatzan preso. Aurten Baionan zendutako hirugarren presoa da; beste biak maiatzean hil ziren, eta horietako bat behintzat suizidioa izan zen.

Haur pornografiagatik zegoen preso gizona, eta lehenago ere zigortua zuten adingabe bat bortxatzeagatik. Samuel Vuelta Baionako fiskalaren arabera, ez zioten arriskurik sumatu ziegan sartu aurreko azterketa psikologikoan. Beste preso batekin jarri zuten, eta hura ziegatik at zegoela bere burua urkatu zuen igandean.

Beste bi preso ere hil dira aurten Baionako espetxean; biak, maiatzean. Horietako batek bere burua urkatu zuen; bortxaketagatik eta familia barruan sexu abusuak egiteagatik zigortua zuten. Haren aurkako beste auzibide bat irekia zuten. Hil hartan bertan 45 urteko preso bat ere zendu zen Baionako espetxean; droga trafikoagatik zegoen preso, eta «substantzia batzuk» hartuta hil zela esan zuten. Ikerketaren arabera, «heriotza naturala» izan zen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna