Albistea entzun

KRITIKA. Zirkua / dantza / antzerkia

Uda-gau batzuetako ametsak

Trapu Zaharra (goian) eta Kukai & Broda Bros (behean) konpainiak.
Trapu Zaharra (goian) eta Kukai & Broda Bros (behean) konpainiak. BERRIA

Agus Perez -

2017ko abuztuak 30

Bilboko Aste Nagusiko kale emanaldiak

Konpainiak: Circ Bivouac, Chipolatas, Fekat Circus, Kukai & Brodas Bros+DZ, Pas & Company, Trapu Zaharra. Lekua: Bilboko Arriaga plaza. Egunak: Abuztuak 20, 22, 24, 25 eta 27.

Bilboko uda-antzerki programazio gero eta konbentzionalagoan haize freskoa ekartzen dute Arriaga plazako emanaldiek. Eguerdiro eta gauero izaten dira eta aurten ikusi ditudanak komentatuko ditut jarraian, Kalitate Penagarria saria Madrilgo Pas & Company-ren Juguete roto emanaldiari neure kabuz eta tribuna honetatik eman ostean. Beste emanaldi batzuk besterik gabe igaro dira: Frantziako Circ Bivouac-ek hango artisten aktore-prestakuntza eta baliabide teknikoen ugaritasuna erakutsi bai, baina hutsaltasunean eta erritmo faltan ito zen. Ordea, Chipolatas izeneko Galizia eta Erresuma Batuko hirukoteak umore, musika eta magia eszenikoaren jabe direla erakutsi zuen berrogei minutuko emanaldian, oso elementu urrirekin gainera.

Etiopiako Fekat Circusek espero handiak piztu zizkidan, Arabako Azala espazioan 2015ean ikusi ostean. Afrikatik etorritako zirku-konpainiak beste parametro batzuetan mugitzen dira, freskoagoak dira eta beren kulturetako ezaugarri nabarmenak txertatzen dituzte, guretzat hain ezezaguna den mundu hori baikortasunez eta itxaropenez erakutsiz. Zoritxarrez, artista gazte haietariko baten ama hil berria zen Addis Abeban ikuskizuna hastekotan zegoela, konpainiako ordezkari batek azaldu zuen bezala. Ikusleek txalo zaparrada sentitua eskaini zioten artistari, eta, normala denez, berak ez zuen emanaldian parte hartu, baina besteek bai, espero zitezkeen deskontzentrazio arazoek beren eragina izan zuten arren. Hala ere, bizi-biziak izan ziren diaboloekin, aroekin eta sonbreiruekin egindako ariketak, eta amaierako dantza pasarte koloretsuek herioak mindutako emanaldia alaitu zuten.

Kukai dantza taldea ere ikusi dugu egunotan Topa izeneko lan estreinatu berrian. Konpainia aspaldi hasi zen arlo eszenikoetako beste artista batzuekin mestizajeak bilatzen eta bidea oso emankorra suertatu da. Esate baterako, gogoan izan Cesc Gelabert handiarekin sortutako Gelajauziak edota Marcos Moraurekin izandako kolaboraziotik irten zen Oskara, Espainiako Max Saria eta guzti eskuratu zuena. Eskertuta gaude, bide batez esanda, taldekoen deklarazio duin eta adoretsuengatik saria jasotzeko ekitaldian.

Topa honetarako Jean Philipe Barrios disko jartzailearekin eta Brodas Bros konpainiarekin elkartu da Kukai, eta Lluc Fruitos izan da koreografo kidea Jon Maiarekin batera. Hasierako pasarteetan Maiaren betiko dotoreziaz eta ofizioaz gozatu genuen, eta apurka-apurka bera desagertu eta formazio bakoitzeko bina dantzari hasi ziren protagonismoa hartzen, DJaren gidaritzapean eta dramaturgia leun baina eraginkor bati jarraituta. Ganoraz erabili ziren elementu eszeniko apalak —egur takoak, zurezko maletak…— eta inguruetako egitura fisikoak, baina beste ezeren gainetik, harrigarria izan ziren talde katalanekoen keinu-zehaztasuna eta Kukaikoen gaitasuna haien maila bera emateko. Oso ondo dimentsionatuta izan zen guztia, aratza eta aurreratua, talde bien aldetik espero zitekeen lez.

Aurten sortutako Sefiní! proposamena aurkeztu du Trapu Zaharra talde beteranoak Aste Nagusiko azken egunean: La Vampiresa S. L. exclusivas teatrales delako konpainia fantasma porrot eginda dago eta orain bere ondasun apurrak saltzen eta saltxitxak erretzen ateratzen du bizimodua. Jardunean geratzen den bikoteak bere bizitza artistikoko pasarterik nabarmenenak birpasatuko ditu, eskailera tolesgarri bat Sinai mendia bihurtuta, pilotarik gabeko malabareak eta aiztorik gabeko jaurtiketak zehaztasun osoz eginez eta Club de la Comedia delako emanaldi plastifikatuak parodiatuz. Kaleko giroa menperatu, ikusleak berehala poltsikoratu, umeak buruargi eta umore sanoz toreatu, gizarte honetako gaitzetan murgildu, bizimodu apalekoen duintasuna samur aldarrikatu… Haiek guztiak dira gure Trapu Zaharraren bertuteak eta haiengatik egin beharko diegu egunen batean monumentu bat, herri guztietan kale edo plaza bat haien izenekin bataiatu, kale-arteen Oscar bat eman, edo bestela Oteizaren diseinuko cromlech bat eraiki Euskal Herriko erdigune emozionalean, hau da, gure bihotzetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eñaut Zubizarreta musikaria, atzo, Ahotsenea gunean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Bat, bi, bat, bi, hiru, lau

Iñigo Astiz

Murrizketekin ere, aurten Durangoko Azokako guneek berreskuratu egin dituzte beren programak, eta, murrizketak murrizketa, poza azaldu dute arduradunek, berriz ere jendeari aurrez aurreko saioak eskaini ahal izateagatik.
Maia Iribarne eta Paxkal Irigoien musikariak eta <em>Bañolet</em> websailaren egileak, atzo, Durangoko 56. Azokan. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Heldu bilakatzearen konkista

Itziar Ugarte Irizar

Maia Iribarnek eta Paxkal Irigoienek 'Bañolet' websailaren aurrerapena aurkeztu dute, iaz sormen beka irabazi ondotik. Bederatzi kantuko diskoa ere kaleratu dute: 'Bañolet kantuz'
Kurdistango ordezkariak eta haien kideak, atzo, Irudienean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Hondakinen gainetik, liburuak

Andoni Imaz

Kobaneko liburutegiaren istorioa kontatzen du 'Hala ere' dokumentalak. Kurdistango zenbait ordezkarik aurkeztu dute, Durangoko Azokan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.