Albistea entzun

KRITIKA. Dantza

Afrikako bi aurpegi

Faizal Zeghoudi taldearen ikuskizuna.
Faizal Zeghoudi taldearen ikuskizuna. STEVE APPEL

Agus Perez -

2015eko irailak 17

'La perte de soi' eta 'Clameur des arenes'

Lekuak: Miarritzeko Kasinoa eta Gare du Midi aretoak. Egunak: Irailak 14 eta 15a.

Ohikoa den bezala, Afrikako konpainia garaikideek beren maila erakutsi dute Miarritzeko Maitaldian. Faizal Zeghoudik bere alde magrebtarra eskaini digu La perte de soi (Nork bere baitakoa galtzea) lan artegagarriarekin eta Salia Sanouk Afrika beltzaren oihartzuna ekarri digu.

Zeghoudi aljeriarra gaztetan errotu zen Frantzian, eta nagusitan aberrira itzultzean alde handia antzeman zuen txikitako bizipenekin alderatuta: haurra zelarik emakumeen munduan bizi zen, eta heldutasunean beste arau batzuk gorde behar zituen. Talka horretatik sortu zuen nork bere baitakoa galtzeari buruzko koreografia, haurtzaroko bizipenen oroimenez eta emakumeen edertasunaren omenez, betiere gogoratuz gorputza borroka eremurik behinena dela, eta haren aurrean hartzen dugun jarrera esangura politiko handikoa dela. Zeghoudiren aburuz, «bitxia da gizonentzat hain garrantzitsua izatea gorputzaren leku politiko horren betikotzea, edozein preziotan ere, eta ikustea zer gertatuko litzatekeen arauak apurtuz gero».

Ideia horretan oinarrituta, Zeghoudik atalka banatu du koreografia: hasiera batean bost gizonek oztopatu eta bideratu dute neska gazte baten ibilera librea, leun baina fermuki aldi berean. Bigarrenean, koreografoaren zaletasuna diren borroka-arteetan jardun dute gizonek, eta hirugarrenetik aurrera benetako auzian sartu gara, argi berde lerro batek iluna behin eta berriro zeharkatu eta emakumea zein gizon baten figurak ausaz aurkitu dituenean.

Hortik aurrera, bost gizonak negar-kantari bihurtu dira neska hilaren aurrean eta goitik eskegitako oihal bertikaletan Koraneko bertsetak proiektatu dira. Handik sortu den emakumea biluzik agertu da, burua eta sorbaldak txador batekin estalita, horrela nabarmenduz gorputzaren gainontzeko atalak, eta gisa berean dantzatu du solo kementsu bat, auhendarien salmodia gero eta indartsuagoa bilakatzen zelarik. Azken atalean gizon eder batekin elkartu da, indar handiko musika inguratzailean eta argi-efektu psikodelikoetan bilduta. Sentsualtasun itzeleko duo pausatu, indartsu eta oniriko horretan estasira heldu da bikotea, eta gu ere izan gara harrapatuak bien arteko harreman mistikoan.

Biharamunean Clameur des arènes (Hondarretako burrunba) ekarri du Burkina Fasoko Mouvements perpétuels konpainiak. Salia Sanou Afrika beltzeko koreografo handiak dantza garaikidea aldarrikatzen du bere herriko sustraiei uko egin gabe, eta Maitaldira ekarritako lanak bere herrian oso herrikoia omen den borroka mota bat hartu du oinarri.

Taula gaineko zortzi dantzari/borrokalariek gerripeko gorri bana jantzi dute, beren gorpuzkera eta giharren edertasuna agerian utziz. Eszenatokiaren atzeko aldea zaku handi gorri askorekin osatu dute, nekazarien lan mardulak subliminalki gogoraraziz, eta zakuen artean sartu dira dantzariak noizean behin ere emanaldian, ideia horri erreferentzia eginez. Gainerako denboretan, eta hasiera zein amaiera geldo-geldoak kenduta, etengabeko jardunean ibili dira denak, erritu primitiboetatik edanez eta arte mailara eramanez beren gizon-indarretik etorritako ahalmena.

 Zelata, beldurrarazte eta eraso jarrerak izan dira koreografiaren osagai nagusiak, betiere jai kolektibo baten giroan, eta herri bereko rock talde bikain batek girotu ditu egoerak zuzenean, baina koreografoak alferrik galdu ditu amaiera posible eder asko, eta horrek nabarmen makaldu du lan interesgarri honen azken emaitza.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JOSEPH PHILLIPS

BIZITZAK DANTZAN

Ainhoa Sarasola

Dantzaren sektoreko profesionalen prekaritatea agerian jarri du ikerketa batek. Aldizkakotasun handia, ordain apalak eta beste lan batzuetan jardun beharra nabarmentzen dira, besteak beste, datuen artean. Aurrera egiteko bide malkarra azaldu dute profil desberdineko hiru dantzarik.
 ©BERRIA
The Arcs taldeko kideak Richard Swiftekin (eskuinean, zutik) batera. ©BERRIA

Dezibelak eta epika

Urko Ansa

Argitaratzailea: egilea editore.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.