Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika Ia aho batez hautatu dute Iñaki Oiarzabal Arabako PPko presidente izateko

Publizitatea

Politika

Ia aho batez hautatu dute Iñaki Oiarzabal Arabako PPko presidente izateko

«Aurrean» izango dituztela ohartarazi die Oiarzabalek «bizikidetza esparruak hautsi nahi dituztenei». XIV. Kongresua egin du Arabako PPk
Arabako PPren kongresua, atzo, Gasteizen.
Argazkia: JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS

2017-06-18 / Erredakzioa

Bizkaian ez bezala, hautagaitza bakarra zuten Gipuzkoako eta Arabako PPko militanteek lurralde horietako zuzendaritzetarako. Ekainaren 3an ekin zien EAEko PPk lurraldekako kongresuei, eta atzo amaitu zuten fase hori, Arabakoa eginda. Ia aho batez, Iñaki Oiarzabal hautatu dute presidente konpromisarioek —botoen %98,7 jaso zituen—. Urtarriletik dago karguan, Javier de Andresen lekua hartu baitzuen azken hori Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari izendatu zutenean. Atzo arte, ordea, izendapena berretsi gabe zuten militanteek. Oiarzabalen taldean izango dira Ara Salazar idazkari nagusia eta Leticia Comeron, alderdiaren Arabako bozeramailea.

XIV. Kongresua zuten atzokoa Arabako PPkoek, eta, amaierako hitzaldian, «oposizio eraikitzailea» egiten jarraitu nahi dutela adierazi zuen Oiarzabalek. Ohartarazpena ere egin zien, ordea, «bizikidetza esparruak hautsi» nahi dituztenei. «Aurrean» izango dituztela esan zien. Bizikidetza esanda zer ulertzen duten ere azaldu zuen: «[Espainiako] Konstituzioa eta [Gernikako] Estatutua defendatzen ditugu. PPk izan behar du moderazioaren eta egonkortasunaren berme».

Oiarzabalek bide luzea du egina alderdiaren barne karguetan. Ramon Rabanera eta Alfonso Alonso presidente ziren garaian, Arabako idazkari nagusi izan zen, eta EAE mailan ere bete zuen zeregin hori, 2008 eta 2014 artean.

Gasteizko udala helburu

Azken urteetan, EAEko instituzioetan zituen gobernu bakanak galdu ditu PPk; hain zuzen, Araban. Horregatik, hurrengo udal eta foru hauteskundeetan jarri zuen begirada, helburu argia jarrita: Gasteizko Udaleko eta Arabako Foru Aldundiko gobernuetara itzultzea. Bide horretan, Gorka Urtaran Gasteizko alkate izatea ahalbidetu zuen «galtzaileen ituna» kritikatu zuen Oiarzabalek.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak