Albistea entzun

«Zorigaitza» ekar diezaiekete emakumeei

Gaurko soldatak baldintzatzen du biharko pentsioa. Kotizatutako denboraren arabera finkatzen da erretiro pentsioa. Emakumeentzat panorama beltza ekarriko dute, beraz, lanaldi partzialek.
Tamaina handiagoan ikusi

Miren Garate -

2015eko martxoak 8

Sara de la Rica ekonomistak «genero arrakala» handitzeko arriskuaz ohartarazi berri du lanaldi partzialen gorakadaren harira. Euskal Herrian, halako kontratuak dituztenen hamarretik zortzi emakumeak dira. Lanaldi osoko enplegurik topatu ez izana, hori da orduka aritzearen arrazoi nagusia —gizonena bezala—. Esan nahi du horrek gainerakoak hautu pertsonal bat egin dutelako ari direla hala? Ez ezinbestean.

Borondatezko lanaldi partzialtzat hartzen den multzo horren baitan, haur, heldu edo urritasunen bat duen norbaiten zaintza lanak egitea da emakumeek gehien aipatutako arrazoia. Eurostatek emandako datuen arabera, Europako Batasunean, %27,6k dute ordu batzutako lana zaintza lanak egite aldera; soilik gizonen %3,9k. Hain zuzen, gizonek azkena aipatzen duten arrazoia da. Ikasten jarraitu nahi dutelako, norbere ezintasun batengatik edo bestelako arrazoiren batengatik aritzen dira borondatez lanaldi partzialean.

«Saltzen dute emakumeentzat egokiak direla, baina zergatik egin behar dituzte zaintza lanak emakumeek? Egokiak balira ere, interesgarria litzateke borondatezkoak izatea, gizonen eta emakumeen tasetan halako alderik ez egotea, eta enplegu partzial horiek baldintza duinak izatea, gaur egun ez baita hala», azaldu du Mertxe Larrañaga EHUko irakasleak.

Kontziliaziorako tresna?

Borondatezkoak izanda ere, lanaldi partzialak dira lana eta bizitza pertsonala uztartzeko konponbiderik egokiena? Seguru asko estatistiketako emaitzak ezberdinak lirateke, besteak beste, lana eta bizitza pertsonala uztartzeko malgutasun gehiago balu langileak. «Lan merkatuaren berrantolaketak ez dauka inolako zerikusirik kontziliazioaren benetako beharrekin», azaldu du Nekane Jurado ekonomialariak.

Haren esanetan, benetan egongo balitz kontziliazioa sustatzeko interesa, honakoa egin behar litzateke: bultzatu neurriak bateragarri izateko lan ordutegiak eta sektore publikoak eskaintzen dituen ordutegiak —ikastoletakoak, haurtzaindegietakoak, eguneko zentroetakoak...—. Hala, egun osoko lanaldiak eduki ahal izatea errazagoa litzatekeela dio. Juradok zehaztu du ordutegi horiek «modu ez inposatuan» hitzartu behar direla.

Izan ere, bat datoz Jurado eta Larrañaga: errealitateak berak gezurtatzen du lanaldi partzialak oinarrizko giltza direla kontziliaziorako, sarri kontratu horietan eskatzen diren ordutegietan etxean daudelako haurrak edota adinekoak.

Lan merkatuaren baitan, ezberdintasun handia suposatzen du lanaldi osoko kontratua izateak edo ordu batzutakoa izateak, ez bakarrik soldatari dagokionean. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak egindako txosten baten arabera, egonkortasun handiagoa izaten dute lanaldi osoan aritzen direnek, prestakuntza eskaintza gehiago, lan sindikala egiteko modua, ardura gehiagoko lanpostuetan aritzeko aukera... «Lan karreren genero dualtasunean agerian geratzen da lanaldi partzialak oztopo direla emakumeek euren lanpostuak hobetzeko; baina kontratu partzialen ondorio tragikoena da langile txiroen multzoan ari direla pilatzen adin guztietako emakumeak eta gizonezko gazteak; alegia, enplegua izateak ez zaituela babesten pobreziatik». OCDEren esanetan, osasunean irabazten dute lanaldi partzialean ari direnek, hortik aurrera, ezertan gutxitan.

Kalte gehien, luzera

Baina lan merkatuan aldea badago kontratu mota bat edo bestea izatearen artean, zer esanik ez handik kanpo. Hain zuzen, gizarte babesa da lanaldi partzialen desabantaila handienetako bat. «Dena lan merkatuko parte-hartzeari lotuta dagoenez, lan partziala izateak ekartzen du langabezian geratuz gero babes txikiagoa izatea eta denbora gutxian kotizatuz gero, erretiro pentsio txikiagoa. Gaurko ongizate egoerak baldintzatzen du etorkizunekoa», azaldu du Larrañagak.

«Gainera soilik kotizatu daiteke kontraturen bat baduzu edo jarduera baten titular bazara. Gutxieneko kotizaziorik egin ez baduzu, ez duzu inolako eskubide ekonomikorik gaixotasun edo amatasun kasuetarako, edo erretirorako. Horregatik prestaziorik baxuenek emakume aurpegia dute», zehaztu du Juradok. Haren esanetan, babes sozialak ez luke penalizatu behar haur edo adinekoak zaintzeko lanaldia murrizten duen jendea.

OCDEk ohartarazi du «zorigaiztoko ondorioak» ekar ditzakeela epe luzean lanaldi partzialean aritzeak, prestazioen eskubide galera horren eraginez gehienbat. 35-39 urte arteko emakumeen artean da ohikoena lanaldi partziala. Eta datuek diote behin halako kontratuarekin hasten den emakumea nekez itzultzen dela lanaldi osora, baita seme-alabak hazi eta familiako lan kargak gutxitu zaizkionean ere.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Trafikoa Donostiako erdigunean. ©Jon Urbe / Foku

Euro 7 urardotu bat onartu dute EBko gobernuek

Iker Aranburu

Proposamenak ez ditu behartuko autogileak beren ibilgailuen motorren CO2 eta NOx isuriak gutxitzera, baina pneumatikoek eta galgek isuritako partikulak gutxitu beharko dituzte. Europako Parlamentuarekin negoziatu beharko dute orain.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburua, artxiboko irudi batean. ©David Aguilar / Efe

Jaurlaritzak hamarren bat igo du hazkunde iragarpena, %1,7raino

Iker Aranburu

Aurten 13.000 lanpostu sortzea espero du, eta beste 16.000 datorren urtean.

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia. ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

Langileek greba egiteko arrazoi asko dituztela salatu dute ELAk eta LABek

Iraia Vieira / Imanol Magro Eizmendi

EAJko agintariek Alderdi Egunean esanikoei erantzun diete sindikatu subiranistek, eta gizarteari bizkarra ematea leporatu.

Whatsapp mezuak, lan harremanen erdigunean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.