Albistea entzun

Ekonomia sozial eraldatzailea. Dokumentala

Sistemaren ertzak azaleratzen

Eredu kapitalistaz gaindiko alternatiba sozioekonomikoen isla da 'Gure kabuz ala hil' dokumentala. Gazte mugimenduko eztabaidan sakontzeko bokazioz ondu dute elkarlanean Topatu gazte proiektu komunikatiboak eta Ernai antolakundeak. Bihar jendarteratuko dute hilabetetako lanaren emaitza.
<em>Gure kabuz ala hil</em> ikus-entzunezkoaren ekoizpenean aritu den lantaldea, ezkerretik eskuinera: Onintza Rojas, Itsaso Zubiria, Eneritz Arzallus, Lander Arretxea, Xalba Ramirez eta Iraitz Salegi.
Gure kabuz ala hil ikus-entzunezkoaren ekoizpenean aritu den lantaldea, ezkerretik eskuinera: Onintza Rojas, Itsaso Zubiria, Eneritz Arzallus, Lander Arretxea, Xalba Ramirez eta Iraitz Salegi. GORKA RUBIO / ARP Tamaina handiagoan ikusi

Oihan Vitoria -

2015eko azaroak 26 - Andoain

Iparrorratz bat. Itsasoratu ezinean dabilen barkuarentzat. Edo labirintoan nora ezean galduta dagoen horrentzat. Edo tunelaren bukaeran argia ikusten ez duenarentzat. Edo, zergatik ez, denborale lazgarri batetik ihes egin guran ari denarentzat. Edo kapitalismoaren atzaparretatik burua altxatu ezinda dauden gazteentzat, azken boladan haize ufada zakarren jomuga bilakatu diren horientzat: emantzipatzeko ezintasunak direla, prekaritatea dela, frustrazioa dela, konformismoa dela... Geroari heldu ezinda, «hil edo biziko egoeran» daude ehunka lagun. Baina iluntasunean ere bada argi printzarik, bada begiak zabaltzeko betarik: kapitalismoak gazteak «pikutara» bidaltzen dituen artean, hauspotzen hasi da alternatiba sozioekonomikoen olatua; marrazten ari dira sistemaren zirrikituak. Eta horren erakusle da, justuki, Gure kabuz ala hil dokumentala; gazteen presazko oihua.

Topatu gazte proiektu komunikatiboaren eta Ernai antolakundearen abaroan sortu dute ikus-entzunezkoa sei gazte prekariok, kapitalismoaren logikatik kanpo bestelako ereduak badirela sinetsita. Onintza Rojasek, Itsaso Zubiriak, Eneritz Arzallusek, Lander Arretxeak, Xalba Ramirezek eta Iraitz Salegik jakin-minez hartu zuten joan den apirilean egitasmoari ekiteko lema. Bazeuzkaten horretarako motibo aski. «Orain arte hartutako bide ugari ez dira gai izan krisialdiari aurre egiteko, ez bizi baldintzak hobetzeko, ez eta taxuzko proposamenak egiteko ere», esplikatu du Ramirezek.

Galdera ikur horietatik abiatuta jo dute erantzun bila, erroetara, eta alderik alde zeharkatu Euskal Herri osoa, autogestioan oinarrituta bide propioa urratzen ari diren ekinbideak ezagutzeko. Eta ez dira esku-hutsik itzuli: lana, hezkuntza, etxebizitza, elikadura burujabetza, kontsumoa, artisautza, zaintza, finantzak, jaialdiak, kultura... Bizitza eredu berrien eraikuntzan parte hartzen duten orotariko proiektuen lagin batekin egin dute topo, Ramirezen hitzetan, ez dagoelakoan alternatiba bat eta bakarra. «Homogeneotasuna ez da existitzen. Autogestioa da proiektu guztiak lotzen dituen haria», ohartarazi du Ramirezek.

Alternatibak eraikitzeko gazte mugimenduak mahai gainean jarritako debatearen lekukoa hartuta ondu dute lana, eta gogoeta bultzatzeko bokazioa dauka, Ramirezek zehaztu duenez: «Gazteok egina da, gazteon ikuspegitik. Gazte mugimenduaren esku uzteko tresna gisa jaio da; behar historiko bati erantzuten dio». Eta ezin zitekeen bestela izan. «Egun, egoera ekonomikoa delako gazteon buruhaustea. Autonomia irabaztea, eta bitartekoen jabe egitea dagokigu bizitzaren alor orotan».

Iritzi politiko argi batez atondu dute ikus-entzunezkoa. «Kapitalismoak prekaritatea dakar: kolektibotasun oro desegin, eta indibidualismoa areagotzen du, kulturak akabatuta. Egungo sisteman, bizia dago jokoan». Hori gainditu eta kolektibotasuna berreskuratzeko, alternatibak abiatzeari premiazko deritzo Ramirezek. «Egin dezakegun okerrena ez da hurbildu ere egingo kapitalismoaren ekintza txikienera», dio dokumentalean elkarrizketatuetako batek. Ados dira egileak: «Bada garaia inoren zain egon gabe bide berriak urratzeko». Bideoak hondar alea jartzea espero dute. Ez soilik eztabaidarako abiapuntu gisa. «Baita proiektuak elkarrekin saretzeko ere».

Gerora lantzen den horrek aberasten du dokumentala; Ramirezek dioenez, ez baita erabat koherentea. «Badaude talkak». Gazte mugimenduak, oro har, berezkoa du dozenaka egitasmo abian jartzeko gaitasuna. Ekuazio horretan, premia pertsonalak baztertzen dira maiz, autogestioa aisialdira mugatuta. «Zenbait esparru borroka eremu kontsideratzen ez diren arren, herri mugimenduek ere alternatibak susta ditzakete».

Aurreneko saioa, Donostian

Ramirezen aburuz, gaztetxe logikak arlo denetara hedatzea da gakoa: «Klase gatazka batean bizi gara: gure eremuak sendotu behar ditugu, eta sare berriak josi, nahikoa indartsuak direnak erasoei aurre egiteko; adi egotea dagokigu». Auzolaguntza bidez finantzatu dute lana, eta espero gabeko harrera jaso ondoren, bihar aurkeztuko dute, 19:00etan, Donostiako Guardetxean: solasaldia, luntxa eta kontzertuak egongo dira. Abendutik urtarrilera, gainera, herriz herri ibiliko dira; hogei saio inguru dituzte lotuak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Dassaul enpresak Angelun duen lantegiaren aurrean sua piztu dute gaur protestariek. ©Guillaume Fauveau

Suarekin egin diote aurre hotzari Angeluko Dassault lantegiko protestariek

Berria

Lan saria 140-200 euro artean emendatzea eskatu dute langileek, eta enpresaren atarian protesta egiten ari dira.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia eta Mitxel Lakuntza ELAkoa, 2019ko mobilizazio batean ©Marisol Ramirez (Foku)

LABek greba orokorra baztertu du, ELAren «jarreragatik»

Jokin Sagarzazu

LABek taktizismoa leporatu dio ELAri: alderdi politikoek Madrilen hartzen dituzten erabakien arabera jokatzea. ELAk erantzun du ez diola grebara deitzeko aukerari «inolaz ere» uko egingo, «erreformen mehatxuak dirauen bitartean»

Istanbulgo herritar batzuk dibisak trukatzeko bulego batean, abendu hasieran. ©SEDAT SUNA / EFE

Eskuetatik ihes egiten duen dirua

Lara Villalón

Erdogan presidenteak inposatutako diru politika heterodoxoak lagunduta, Turkiako lirak bere balioaren %45 galdu du azken urtean. Debaluazioa inflazioa elikatzen ari da, eta arazo latzak eragiten dizkie herritarrei.
VW Nafarroako langileak Polo modelo berrituaren lehen alea erakusten, ekainean. ©Volkswagen

Volkswagenek bi modelo elektriko eman diezaizkioke Landabeni

Iker Aranburu

Ostegunerako espero da esatea zer modelo egingo dituzten, eta zer produkzioarekin.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.