ANALISIA

Habana eta Uriberen mamua

Adrian Garcia -

2014ko azaroak 23
Habanako bake prozesuak hasitako bidetik jarraituko du, FARC-EP Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak-Herriaren Armadak eta Kolonbiako Gobernuak Ruben Dario Alzate jenerala askatzeko baldintzak adostu ondotik. Baina Choco eskualdean jazotako gertakariak agerian utzi du bake prozesuak duen gabezia handiena: alde biko su-etenaren falta. Prozesua hastean FARCek proposatutako meniari uko egin zion Juan Manuel Santos presidenteak, eta gerrillak 2013an bukatutzat eman zuen tregoa. Santosek ez zuen su-etenik nahi, baina ondoren ez ditu onartu erabaki hark ekarri dituen ondorioak.

Menia hartatik ugariak izan dira gatazkak eragindako hildakoak. Bi aldeetan. Bartzelonako Unibertsitateko Bakearen Kulturako Eskolak zenbatu ditu aurten bakarrik hil direnak: 126, zibilak kontuan hartu gabe. Horietatik 69 dira gerrillariak (%55). Gainerakoak, estatuko segurtasun indarretako kideak.

Santosen elkarrizketak eteteko erabakiak bi aldeek prozesua hastean eginiko akordioa hankaz gora utzi du. Gerra egongo ez balitz bezala negoziatuko dugu, eta negoziaziorik egongo ez balitz bezala egingo dugu gerra leloa ezerezean geratu da; Kolonbiako eta Habanako gertakariak bereizi ezinak dira.

Choco eskualdeko gertakari misteriotsuak galdera andana utzi ditu airean, eta ez da falta bake prozesua leherrarazteko eskuin muturraren atzaparra ikusi duenik. Sinesgaitza baita armadako gisa horretako goi kargudun bat —matxinoen aurkako borrokan aditua— bizkartzainik gabe eta zibilez jantzita eremu horietan ibiltzea, aldez aurretik jakinik handia dela gerrillarien presentzia inguruan. Segurtasun protokolo guztiak urratu zituen Alzatek, hain zuzen ere, inork baino hobeto jakin behar zituen horrek.

Alvaro Uribe presidente ohiak eta haren jarraitzaileek ez dute ezkutatzen bake prozesuaren aurkako jarrera irmoa. Uriberen Twitter kontua da sektore horrek pentsatzen duenaren erakusle. Presidente ohiak azken orduko asko eman ditu sare sozialean, armadako inteligentziako informazioa baliatuz, militar goi kargudun askok Habanako elkarrizketak suntsitzeko helburua partekatzen duten seinale. Hori baita Uriberen xedea, Santosen bakerako eginahalak zapuztea.

Era berean, Kolonbiako hedabide handiek bide arriskutsua hartu dute, eta eskuin mutur horren teoriak bere egin dituzte. Esaterako, Alzate jeneralaren inguruko gertakaria deskribatzeko bahiketa hitza behin eta berriro erabili dute. Gerrillariek defendatu dute, nazioarteko legeei erreferentzia eginez, gatazka armatu baten erdian —Bogotak ere onartzen du termino hori— atxikitzen dituzten militar edo borrokalariak gerra gatibuak direla. Bestela litzateke zibilen kasuan.

Ia hiru urte dira FARCek eta gobernuak bake elkarrizketak hasi zituztela. Lehen elkarrizketetan, ezkutuan, Habanako prozesurako oinarriak ezarri zituzten. Zalantzarik gabe Kolonbian bakegintzan egin den aurrerabiderik sendoena da; akordioak lortu dituzte hainbat puntutan, nekazaritzaren, demokrazian parte hartzearen eta legez kanpoko landatzeen inguruan, kasurako.

Halere, lan nekeza dute egiteko, gai sentiberenak baitituzte mahai gainean: biktimena eta gatazkaren amaierarekin zerikusia dutenak. Azken multzo horretan eztabaidatuko dute alde biko su-etena. Negoziazio zailak izango dira, luzeak. Beste atzerapausorik gerta ez dadin, Habana indartu eta Uriberen mamua uxatu beharko luke Santosek. Horretarako, ez zaio gaizki etorriko bozen bigarren itzulian bakearen alde ezkerreko hautagaien partetik jasotako babesa gogoratzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna