Albistea entzun

Joseba Garmendia. Botanikaria

«Landaredia ez da baliabide hutsa, benetako ondarea baizik»

Aranzadi zientzia elkartean landare mehatxatuen kontserbazioaz arduratzen da Garmendia, eta izadiaren lagun isil horien garrantziaren defendatzaile sutsua da.
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Juanma Gallego -

2015eko urriak 25

Biologia ikasten zuen garaian piztu zitzaion Joseba Garmendiari (Ordizia, Gipuzkoa, 1979) landareekiko grina. 2004an Goierriko Landarlan ingurumen elkartearekin hasi zen lanean, besteak beste euskal naturazaleen artean erreferentzia izan zen Karlos Aseginolaza botanikariarekin. Hark proposatu zion Aranzadi zientzia elkartearekin batera Aizkorri-Aratzeko parke naturaleko landare espezie mehatxatuen jarraipena egitea. Horiexekin dirau.

Hil hasieran SEBiCoP izeneko kongresua egin duzue Gasteizen. Zein ondorio atera dituzue?

Landareen Kontserbazio Biologiaren VII. Biltzarra egin dugu, eta 125 bat adituk parte hartu dugu. Gai asko jorratu badira ere, nik bereziki azpimarratuko nuke ikertzaileen artean sareko lana sustatu behar dugula. Krisiak arlo honetan ere eragina izan du, eta ikerketa gehienak diru publikoaz finantzatzen dira. Baliabideak eskasak izanda ere, modu bateratu eta koordinatu batean lan egin behar dugu.

Zaila egiten zaigu botanikarien lana irudikatzea. Nolakoa da?

Funtsean, botanika klasikoan betidanik egin den lanaren antzekoa da gurea, baina teknologia berriek asko erraztu dute zeregina. Besteak beste, GPS gailuak eta tabletak sartu dira gure txangoetan, baina lupa eta identifikazio gakoak ere beharrezkoak ditugu. Herbarioa, noski, oso garrantzitsua da guretzat oraindik ere.

Hain «berdea» dugun Euskal Herrian baduzue, noski, lana...

Kontuan hartu behar dugu Europa osoko bost landaretik bat Euskal Herrian dagoela eta Europako gune aberatsenetakoa dela gurea. Oso eremu geografiko txikian bioaniztasun izugarria daukagu, baina inor gutxi jabetzen da. Kosta, Pirinioak, Kantauriar mendikatea edota hegoaldeko klima mediterraneoa... Mendiei dagokienez, Pirinioek dute aberastasunik handiena, baita Gorbeia, Ordunte eta Aralar-Aizkorrik ere. Kostari dagokionez, Zarauzko Iñurritza nabarmenduko nuke, Iberiar penintsularen ikuspuntutik oso espezie arraroak edo bakanak dituelako.

Eta horri etekin bat ateratzerik ba al dago?

Bai, noski. Oro har, naturaz eta gure kasuan landarediaz hitz egiten dugunean, baliabide huts gisa ikusteari utzi eta ondare gisa ikustera ohitu behar dugu. Hegaztiei dagokienez, esaterako, bada turismo ornitologiko bat. Barneratu behar dugu natura-ondare izugarria dugula eta horri balio bat eman behar diogula.

Fraisoroko germoplasma bankuan ere ondare horren kopiak egiten dituzue, ezta?

Bai,bankuan 1.200 lagin inguru ditugu, 330 espezieren adierazle. Euskal Herriko floraren %10 da, gutxi gorabehera. Euskal Autonomia Erkidegoan desagertzeko arriskuan diren landareen %80 gordetzen ditugu bertan. Aranzadiko datu basean, berriz, Euskal Herriko floraren 220.000 erregistro baino gehiago bildu ditugu. herbariotik zein bibliografiatik bildutako datuetan. Aran izeneko herbarioan, berriz, 80.000 plegu baino gehiago kontserbatzen dira, gehienak Euskal Herrikoak.

Landare inbaditzaileak aipatzen dira maiz. Zein dira buruhauste gehien dakartenak?

Bi mota bereizi behar dira: exotikoak eta inbaditzaileak. Azken horiek benetan kalte egiten dutenak dira, eta gure artean ehun bat izango dira. Habitatak eraldatzen dituzte, eta bertako espezieei lekua kentzen diete. Bostehun bat exotikoak dira, askotan leku degradatuetan agertzen direnak, eta normalean ez dute horrenbesteko arazorik eragiten. Paduretan arazo larrienetakoa sortzen ari den landare inbaditzailea Baccharis halimifolia da. Ibarbasoetan Fallopia japonica aipatuko nuke.

2014ko neguan izandako denborale batek kinka larrian jarri zuen landare endemiko bat. Hala ere, zuek bazenuten gordeta segurtasun kopia bat.

Galium arenarium da espezie hori, eta penintsula osoan Zarautzen baino ez dago. Denboralearen ondorioz, landare horren orban bat baino ez genuen topatu. Zorionez, guk horren haziak genituen, eta horiekin ari gara orain lanean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sorionekuak egitasmoaren agerraldia, Iruñeko Basotxo kalean. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Eskura nahi dute euskara

Ion Orzaiz

Iruñea hartzera deitu du Sorionekuak egitasmoak, «euskararen etorkizunari ongietorria egiteko»
Koldo Tellitu, atzo, Hernaniko Oronan egin zioten agur ekitaldian. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Ikastolei agur esan die Tellituk

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Hamalau urteren ondoren, Ikastolen Elkarteko lehendakari postua utzi du Koldo Tellituk. Ikastolak bateratu izanari garrantzia eman dio, eta mugimenduari eskerrak eman dizkio
Maurizia proiektuko kideak, auzokide eta eragileekin, atzo. ©GUILLAUME FAUVEAU

Maurizia: «Kanporatzen bagaituzte, okupazio dinamika bat hasiko dugu»

Ekhi Erremundegi Beloki

Baionako Santa Ursula kalean eraikin bat dute okupatua Maurizia proiektuko kideek, eta edonoiz kanporatuak izateko arriskuan dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.