Albistea entzun

Durangoko 50. Azoka. Meritxel Etxagibel. Berbaro Elkarteko kidea

«Pertsona, herri eta eskola gehiagotara heldu nahi dugu webgunearekin»

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Ainhoa Sarasola -

2015eko abenduak 8 - Durango

Berbaro elkarteak ia hogeita hamar urtean dihardu Durangaldean Haur Literaturaren Aretoa proiektua eskolaz eskola eramaten. Orain, sarera jauzi egin, eta Interneteko ataria sortu dute, www.haurliteraturaretoa.eus, proiektuaren ingurukoak jaso eta are gehiago zabaltzeko asmoz. Durangoko Azokako Saguganbaran aurkeztu dute egitasmoa.

Duela 26 urte sortu zenuten Haur Literatura Aretoa proiektua. Zein helbururekin?

Ume eta gazteak euskaraz irakurzaletasunera bultzatzeko helburuz sortu zen proiektua, horretarako jarri zen martxan..

Zein jarduera eskaintzen dituzue?

Haur eta Lehen Hezkuntzara bitartekoa da proiektua; urtetik urtera gehituz joan gara, eta, egun, hainbat jarduera eskaintzen ditugu. Haur Hezkuntzako ikasleentzat erakusketa girotuak eskaintzen ditugu; gela batean liburuak ipintzen ditugu, era erakargarrian, eta haurrei aurtengo argitalpenak eta iazko liburu gomendagarriak ikusi eta irakurtzeko aukera ematen zaie. Hezitzaile batzuk ere izaten dira, hainbat dinamikaren bidez, hori sustatzeko. Halaber, ipuin antzeztuak ikusteko aukera ere izaten dute. Nagusiagotxoek ere badituzte erakusketa girotuak; etapa guztietan egiten ditugu, betiere liburuak adinera egokituta. Eta antzerkia ere izaten dute, gai zehatz bat aukeratu, eta haren inguruan antzerki bat ikusteko aukera izaten dute. Nagusienek, berriz, idazle batekin elkarrizketa bat edukitzeko aukera izaten dute; haiek liburu bat aukeratzen dute, eta egilearekin elkarrizketa edukitzen dute. Halaber, Liburu Erraldoian parte hartzen dute; izenak berak dioen moduan, liburu erraldoi batzuk dira, urtero gai bat aukeratzen da, eta gai horren inguruan liburuan zerbait idazten dute. Aurten, adibidez, Ipuin zaharrak ipuin berri izan da gaia, eta ipuin berriak sortu dituzte haurrek. Ipuin antzeztuentzako eta antzerkirako aurtengo gaiak hezkidetza eta heriotza zirenez, hezkidetzaren aldetik joateko, ipuin zaharrak ipuin berri bihurtzea nahi genuen, balio horietatik, eta hori egin dute aurten liburu erraldoietan..

Eskualdeko eskola batetik bestera zabiltzate hori egiten...

Bai, hala da, liburua eramaten dugu, epe batez uzten dugu, eta, amaitzean, bila joan eta beste ikastetxe batera eramaten dugu. Aurten bost liburu erraldoi ibili dira ikastetxeetatik bueltaka, eta oso emaitza onak eman dituzte, artista batzuk dira!

Zein harrera izaten du proiektuak eskoletan, haurrengan?

Pozik hartzen dute, erakusketa girotuan adibidez, gela batean liburu piloa ikusten dutela eta, nola aztertzen dituzten, nola irakurtzen dituzten... oso polita izaten da. Gainera, ez dugu liburutegi batean formatuan jartzen, apaletan; hemen lurretik izaten dira, kuxinen gainean, edo mahai baten gainean... Erakusketa hori motibagarri edo erakargarri bihurtzen dugu.

Orain urrats bat aurrera egin, eta webgunea sortu duzue. Zer eskaintzen duzue bertan?

Webgunea proiektu honetatik sortu da, eta haren informazioa emateaz gain egin diren ekintzak, argazkiak, noiz egingo diren, zeren inguruan egingo diren..., harago joan gara, eta liburu bilatzaile bat ipini dugu. Baliabide didaktikoak ere ipini ditugu, eta ipiniko ditugu, berriak sortzen eta webgunean txertatuz joango garelako. Webgunea ez da bakarrik proiektuan parte hartzen duten irakasle, ume edo gazteentzat; zabalik dago interesa duten guztientzat, hezitzaile, guraso, ume edo norbanakoentzat.

Orain arte eskualdean aritu zarete proiektuarekin. Zabaltzeko asmorik baduzue, ala agian webgunea izan daiteke tresna bat horretarako?

Bai, hori da, webgunea horretarako ere gura dugu, pertsona, herri edo ikastetxe gehiagorengana heltzeko. Lekeition ere egin genuen behin... Azken batean, guk proiektu hau dugu, denon eskura dago, eta interesa daukanak gurekin kontaktuan jarri eta azalduko diogu. Gero eta gehiago zabaldu, gu pozik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

«Areto txikiak maite ditut; hor, bazara edo ez zara, eta ni banaiz»

«Areto txikiak maite ditut; hor, bazara edo ez zara, eta ni banaiz»

Edurne Elizondo - Nafarroako Hitza

Aitak oparitutako gitarrak jarri zuen Aurora Beltran musikaren bidean, duela 50 urte. Tahures Zurdos taldeak markatu du bide hori, nahiz eta musikariak bakarrik grabatu dituen bere azken diskoak. Tahures 2019an itzuli zen; Beltran ez da inoiz joan.

1 ©RAUL BOGAJO / @FOKU

Artea hezkuntzari so

Aitor Biain

'Pentsatzeko leku bat. Arte eskola eta praktika esperimentalak Euskal Herrian 1957-1979' erakusketa jarri du Artiumek. Ekainaren 5era arte egongo da zabalik
<em>Zura eta ura</em> egitasmoaren sortzaile eta sustatzaileak, Aquariumeko atzoko aurkezpen agerraldian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Itsas portuen erradiografia bat

Alex Uriarte Atxikallende

Argazkilaritza eta literatura uztartzen dituen 'Zura eta ura' egitasmoa aurkeztu dute Aquariumean
Langile bat Donostiako Trueba zinema aretoak desinfektatzen. ©GORKA RUBIO / FOKU

Kulturak 2021ean emandakoaren errepasoa dakar 'Jakin' berriak

Erredakzioa

Ismael Manterolak eta Ainhoa Urienek idatzi dituzte 247. zenbakiko artikulu nagusiak. Beste hainbat sinadura ere bildu dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.