Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura «Hizkuntz komunitatean soilik ez, herrigintzan ere aldaketa ekarri zuen 'Egunkaria'-k»

Publizitatea

Kultura

Durangoko 50. Azoka. Xabier Eizagirre. 'Jakin'-eko erredakzioburua

«Hizkuntz komunitatean soilik ez, herrigintzan ere aldaketa ekarri zuen 'Egunkaria'-k»

 
Argazkia: ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

2015-12-06 / Gorka Erostarbe

Urtemugen azoka da aurtengoa. Azokak berak 50 urte egin ditu, eta Euskaldunon Egunkaria sortu zela 25 urte bete dira gaurko egunez. Jakin aldizkariak urtemuga hori baliatu du zenbaki berrian gai nagusitzat jorratzeko. Xabier Eizagirrek (Zarautz, 1966) urte asko daramatza Jakin-en lanean, eta erredakzioburu da duela bi urte taldeko egitura eta aldizkariaren formatua aldatu zutenetik.

Zergatik Egunkaria Jakin-en zenbaki berriko atal nagusian?

Batetik, urteurren biribila delako; 25 urte sortu zela. Aitzakia nahikoa iruditu zitzaigun berreskuratzeko sorreraren historia, oso esanguratsua dela iruditzen zaigulako, eta oraindik ere mezuak eman diezazkigukeelako. Mami handia dauka ikusteak zein ekarpen egin zion euskararen normalizazioari, kazetaritza ereduari, herri mugimenduen egiturari, eta, oro har, euskal kazetaritzaren ekosistemari.

Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak idatzitako artikulua 'Egunkaria'-k nola irakurri gaituen du izenburutzat. Nola irakurri gaitu euskaldunok?

Egunkaria bera itxi zutenean Anarik esan zuen ez dela garrantzitsuena guk Egunkaria nola irakurri dugun, baizik eta Egunkaria-k nola irakurri gaituen gu. Eta Loreak lantzen duen ideia hori da, alegia, hizkuntz komunitatea eraikitzen eta eratzen Egunkaria-k egindako ekarpena zein den. Hizkuntz komunitatean soilik ez, herrigintzaren ikuspegitik Egunkaria-k aldaketa ekarri zuen. Egun orokortuagoa dagoen nazioaren ikuspegia orduan ekarri zuen. Euskaldunok nola ikusi eta nola berrinterpretatu gintuen Egunkaria-k, hor dago gakoa.

Lorea Agirrek berak elkarrizketa egin dio Joan Mari Torrealdairi. Nekez pertsona egokiagorik sorreraz eta bilakaeraz hitz egiteko.

Dudarik gabe. Neurri batean bere aurpegiarekin identifikatzen dugu Egunkaria-ren historia. Karlos Santamariarekin, Martin Ugalderekin eta Joxemi Zumalaberekin batera ernamuinaren garaiko talde nagusia osatu zuen. Eta, tamalez, gero Egunkaria-ren itxiera ere bertatik bertara bizi izan zuen, epaiketa eta abar. Barru-barrutik ezagutu du istorioa, eta istorio hori kontatu du, herriaren bihotzetik eta hizkuntza komunitatetik sortutako proiektu hau nola garatu den.

Duela bizpahiru urte gogoeta prozesu bat abiatu zuen Jakin-ek, eta bi urte badaramatzazue formatu berriarekin. Zein balorazio egiten duzue?

Oso balorazio positiboa egiten dugu, batetik hausturarik ez delako egon proiektuan. Talde historikoak oraindik hor jarraitzen du, Torrealdaik berak, Joxe Azurmendik, Joseba Intxaustik... eta euren esperientzia oso baliagarria zaigu. Talde berriak ekarri duena ere, Lorea Agirre zuzendari dela, oso positibotzat dugu. Dinamika berriarekin oso gustura gaude.

Eduki aldetik ere egon da jauzi bat.

Bai, uste dut zenbaki indartsu eta interesgarriak argitaratzen ari garela. Eta ikusten dugu, pixkanaka-pixkanaka, webguneari —www.jakin.eus— eta Udako Euskal Unibertsitatearekin batera egin genuen ikastaroari esker, ari garela jende gehiagorengana iristen, jende gaztearengana ere bai, eta ez bakarrik publiko gisa baizik eta kolaboratzaile eta idazle modura ere hurreratzen ari zaizkigula. Oihartzun handiagoa izaten ari garela, alegia.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak