Berria.eus

Kultura Bideak bi, zalantzak ugari

Publizitatea

Kultura

Liburu digitala. Euskarazko eskaintza

Bideak bi, zalantzak ugari

Irakurgailu elektronikoetarako liburuak eskaintzeko sortutako webguneak hastapenetan daude; deskarga gutxi daude oraindik, eta etorkizunean egin beharreko urratsak guztiz definitu gabe dauzkate.
Irakurgailu elektroniko bat, Liburu-eren eskaintzako liburu batzuekin.
Irakurgailu elektroniko bat, Liburu-eren eskaintzako liburu batzuekin. JON URBE / ARGAZKI PRESS

2011-03-30 / Juan Luis Zabala

Euskarazko liburu digitalen zabalkunderako bi gune sortu dira oso denbora gutxian: komertziala bata, Gurebook denda digitala; doakoa bestea, Liburu-e bilduma. Baina eskaintza oso urria da oraindik ere. Euskal Herriko argitaletxeek azken urteetan ekoitzitako 312 liburu ditu salgai Gurebookek, gehienak euskarazkoak baina gaztelaniazkoak ere ez gutxi; Liburu-ek euskarazko 249 liburu eskaintzen ditu doan, nahiko zaharrak denak, dagoeneko paperezko liburuen merkatuaren ohiko zirkuituetatik kanpo geratutakoak.

Gurebookek ez du salmenten kopuru zehatzik eman, eta Liburu-ek ez du doako deskargen kontaketarik egiten. Baina, zantzu guztien arabera, kopuruak oso txikiak dira oraingoz. Gurebook nahiz Liburu-e liburu digitalen zabalkundearen eta merkaturatzearen panorama orokorrean lekua hartuz joateko sortu dira, proba gisa eta etorkizunean hartu beharreko jokabideen inguruko zalantza handiekin. Mugimendu handiak, halakorik izanez gero, gero etorriko direlakoan.

Gurebook izaten ari den erantzunarekin pozik dago Ixiar Uria, denda digitalaren arduraduna; hala ere aitortu du «geldoa» izaten ari dela aurrerako bidea. «Ohiturak aldatzea zaila da, eta jendea begira dago oraindik ea zer datorren mundu digitalean. Horregatik, esango nuke erantzuna oso ona izaten ari dela». Salmentetatik landa, Gurebooken helburuetako bat «jendeari zerbitzua eskaintzea da, jendearekin komunikazio zuzena izatea», eta bloga ere badu horretarako. «Jendeak jakin-mina eta gogoa badu, eta irudipena da badagoela mugimendua, ez gaudela geldirik». Argitaletxeko arduradunek ere baieztatu dute oraingoz fakturazioak oso urriak dela.

Hala eskaintzan, nola gerorako asmoetan, alde handiak daude Gurebooken eta Liburu-eren artean. Liburu elektronikoaren inguruko sakoneko planteamenduak ezberdinak izatearen ondorio dira alde horiek. Ikusteko dago, ordea, planteamendu horiek etorkizunean zer jokabide eratortzen dituzten, arduradunak ez baitaude etorkizunak liburu digitalen arloan ekarriko duenaz oso seguru. Ezta eskatuko dituen jokabideez ere.

Gurebookek egun eta hemengo liburuak saltzen ditu, paperezko liburuaren merkatuan bizirik daudenak, irakurgailu elektronikorako formatuetan, hau da, e-pub edo pdf. Alberdania, Elkar, Erein, Ttarttalo eta Txertoa argitaletxeek hartu zuten parte egitasmoaren hasieran, eta orain, bost argitaletxe horietakoez gain, beste bosten liburuak ere eskaintzen ditu: Arrain, Desclee, Mezulari, Pamiela eta Sua. Euskal Herriko argitaletxeen liburu digitalen erosketarako erakusleiho erreferentziala izateko bokazioz sortua da Gurebook.

Liburu-ek, aldiz, paperezko liburuen merkatutik kanpo dauden liburuak eskaintzen ditu, doan, Gurebooken eskaintzako bi formatuetan, hau da, e-pub eta pdf. Euskal literaturako klasikoak dira liburu gehienak, XVI. mendetik hasi eta XX. mendearen hasiera arte, eta 36ko gerraren ondorengo zenbait autoreren lan bakan batzuk ere bai. Horretaz gain, Literatura Unibertsala bildumako lehen ehun liburuen artetik aukeratutako 50 ere badaude. Susa argitaletxearen inguruko idazle, editore eta eragileek sortu dute Liburu-e, Armiarma atariaren barruan. Atari horrek euskarazko 3.000tik gora liburu eskaintzen ditu sarean —baina irakurgailu elektronikorako prestatu gabe—, Liburu-e atalean bildutako 249ez gain.

Salneurria, argitaletxeen esku

Denda gisa egiten duen salmenta lanarengatik, Gurebookek erosleak liburu bakoitzarengatik ordaindutakoaren %20tik %25era bitarte jasotzen du, baina liburuaren salneurria ez du Gurebookek erabakitzen. «Gurebook denda bat da, eta guk argitaletxe bakoitzak eraman nahi duen prezio politika errespetatzen dugu», dio Ixiar Uria Gurebookeko arduradunak. «Alde horretatik, askatasuna dute. Batzuek paperezkoa baino askoz merkeago jar ditzakete liburu digitalak, beste batzuek paperezko liburuaren neurritik gertu». Idazleari egile eskubideengatik zenbat ordaindu ere argitaletxe bakoitzaren erabakia da.

Batez beste, paperezko liburuak baino %25 edo %30 merkeago eskaintzen ditu Gurebookek formatu digitalekoak, argitaletxe gehienek salneurri horren alde egin dutelako. «Kanpoko denda digital gehienetan, jaitsiera berdintsua egiten dute, paperezkoarekin alderatuta, eta %30 merkeagoa ematen dira liburu digitalak batez beste», Uriak dioenez. «Eta gurean ere batez bestekoa inguru horretan dabil».

Egile eskubideen aldetik, ale digital bakoitzeko salmentan idazleak paperezkoarekin adina edo gehiago irabaz dezan ahalegintzen ari dira Gurebookeko argitaletxean. Horretarako, liburu digitalak paperezkoak baino merkeago saltzen direnez —eta, gainera, ordaindu beharreko BEZa handiagoa denez—, bezeroak ordaintzen duen diruaren portzentaje handiagoa bideratzen da egilearengana liburu digitalen kasuan.

Paperezkoetan egileak liburuaren salneurriaren %10 jaso ohi badu, digitaletan gaur egun %15 edo %17 inguru jaso ohi du kasurik gehienetan. «Paperean 10 euro balio duen liburuaren kasuan, saltzen denean %10 da egilearentzat, euro bat», azaldu du, adibide argigarri bat jartzeko asmoz, Jorge Gimenez Bechek, Alberdania argitaletxeko arduradun eta Euskal Editoreen Elkarteko lehendakariak. «Formatu digitalean, 7 euro (%30 gutxiago) balio du liburuak. Guk deskargako euro bat emango diogu egileari, eta horrek esan nahi du portzentaje handiagoa jasoko duela. Kopuru bera, baina salmentaren portzentaje handiagoa». Elkarrek eta Ereinek ere Alberdaniaren antzeko kopuruekin egiten dituzte kontratuak.

Liburu-en ez da oraingoz diru mugimendurik, egile eskubideen ordainketa beharrik ez duten liburuak direlako eskaintzen direnak, eta doan ematen direlako. Eduki hori aberasteko eta bestelako liburuak eskaintzeko asmoa dute arduradunek, baita merkatuan dauden liburu berriak ere. Ez dakite, ordea, merkatuan dauden paperezko liburuen bertsio digitalak eskaintzen hasiz gero nola jokatuko duten. «Oraindik ez dakigu liburua erabat doakoa izango den, dohaintza bat egiteko aukera izango den, nola bermatu egile eskubideak, egileak hala nahi duenean behintzat…», azaldu du Mikel Elorzak, Liburu-eren sortzaile eta arduradunetako batek. «Bazkideekin, lagunekin eta idazleekin gogoeta fasean gaude, hori nola egin pentsatu eta erabakitzeko».