Katalunia. Kontsulta eztabaidagai Madrilen

Espainiako Konstituzioa parean

Auzitegi Konstituzionalak 2008an debekatu egin zuen EAEko Galdeketa Legea, eta, berriki, Kataluniako subiranotasun adierazpena. Orain, erabakitzeko eskubideaz dator ñabardura.

Enekoitz Esnaola -

2014ko apirilak 8
Guztira 22 epaile izan dira —2008an hamar, orain hamabi; denak desberdinak—, aho batez erabaki bat hartzeko: EAEko Galdeketa Legea Espainiako Konstituzioaren aurkakoa zen; Kataluniako Parlamentuaren subiranotasun aitorpena ere bai.

1. Subjektu politikoa

2008 epaia (EAE). EAEko Galdeketa Legea baliorik gabe uztean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak zioen estatuko erkidego «denen gainetik» dagoela «espainol Herriaren borondatea», eta hura dela «nazio subiranotasunaren jabe bakarra». Konstituzioko 2. artikuluak dioena gogoratu zuen: «Nazio espainolaren batasuna zatiezina da».

2014 epaia (Katalunia). Kataluniako Parlamentuaren subiranotasun adierazpena Konstituzioaren aurkakoa dela ebatzi zuen duela bi aste auzitegiak, 1.2 eta 2. artikuluak urratzen dituela argudiatuta: Katalunia ez dela, subiranotasun adierazpenak dioen moduan «subjektu politiko eta juridiko burujabea»; «espainol Herria da burujabea».

2. Konstituzioaren pean

2008. «Indarrean den antolamendua aldatzeko proiektuak» baldin badituzte erkidegoek, eta «batez ere, subiranotasunaren jabe bakarraren izaeraren funtsari eragiten diotenak» baldin badira horiek, zernahi egiteko «Konstituzioa errespetatu beharra» dagoela zioen Espainiako auzitegiak. «Ez erkidegoek eta ez estatuko inolako organok ezin dute erabili bestelako biderik».

2014. «Konstituzioaren erreforma» egin nahi bada, prozeduran «Konstituzioarekiko eta ordenamendu juridikoarekiko menpekotasuna» behar da, epaitegiaren arabera. «Asmo politikoak zilegitasun demokratiko, plural eta legezkoa duten printzipioak» erabilita «defenditu» daitezke, eta beti, «Konstituzioaren baitan». Bestelako «eremu librerik edo esparru inmunerik» ez dago, ebatzi du.

3. Erkidegoek eskumenik ez

2008. «Nabarmena da Eusko Legebiltzarraren [Galdeketa] legeak hautesleei egiten dien deialdiak ez duela inolako eskumenen euskarririk», zioen duela sei urteko epaiak. Konstituzionaleko epaimahaiaren iritziz, «espainol Herriaren subiranotasunari» eragingo lioke EAEko galdeketak eta, beraz, «prozedura honetan eztabaidagai den eskumena estatuarena da, eta estatuarena bakarrik». Kontsultara deitzeko kasuetarako «herri subiranoaren ordezkariaren —Gorte Nagusiak— edo ganberetako baten baimena behar da». Epaimahaiak erantsi zuen herri galdeketaren emaitza loteslea ez zela izango adieraztea ez zela aitzakia hura baimentzeko. Horrez gain, Eusko Legebiltzarrak onartutako Galdeketa Legea debekatzeko, auzitegiaren epaiak zekarren argi zegoela «erreferendum bat» antolatu nahi zela, «eztabaidaezinak baitira galdeketaren edukia eta eragiten dion borondatea».

2014. «Konstituzioaren esparruaren baitan, erkidego batek ezin du aldebakartasunez autodeterminazio erreferendum bat deitu Espainiako bere integrazioari buruz erabakitzeko», jartzen du epaian. «Konstituzioaren erreformareko prozesu bat» baldin badago estatuko erkidegoren batean, honek ez du hori aurrera eraman bere kabuz soilik; izan ere, «Espainiako Parlamentuak aztertzera sartu beharra du».

4. Erabaki eskubidea

2008. Hauek ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2008ko urriaren 25ean egin nahi zen kontsultako galderak: «1. Ados zaude indarkeriari elkarrizketa bidez amaiera emateko prozesu bat bultzatzearekin, baldin eta ETAk aldez aurretik erakusten badu zalantzarik gabeko moduan indarkeriari behin eta betiko amaiera emateko borondatea? 2. Ados zaude euskal alderdiek, bazterketarik gabe, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea gauzatzeari buruz Akordio Demokratiko bat lortzeko negoziazio prozesu bati ekitearekin, eta Akordio hori 2010. urtea bukatu baino lehen erreferendumean jartzearekin?». Konstituzionalak 34 orrialdeko ebazpenean ez zuen aipatu erabakitzeko eskubidea terminoa.

2014. Kataluniako aurtengo azaroaren 9ko kontsultako galderak: «1. Nahi al duzu Katalunia Estatu bihurtzea? 2. Baiezkoan bazaude, nahi al duzu Estatu hori independentea izatea?». 2008koan ez bezala, Konstituzionalak 36 orrialdeko epaian aipatzen da erabaki eskubidea, behin baino gehiagotan. Hain zuzen, «erabaki eskubideaz interpretazio konstituzional bat» egin daitekeela dio epaiak; esaten du «asmo politiko bat» adierazten duela erabaki eskubideak. Gero datoz mugak, ordea: hura beti Espainiako Konstituzioaren barruan defenditu behar da, eta gauzatzeko orduan «legedi konstituzionalera egokitutako prozesua» behar da.