Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa

Primo de Riveraren zale bat PPren alkategai Azpeitian

Yago Mendez Prieto galiziar gazteak falangismoaren sortzailea goretsiz iruzkin batzuk dauzka Interneten. Francoren irudi bat ere badu. Europako hauteskundeetan, Vox alderdi ultraeskuindarraren alde bozkatu zuen iaz.

Enekoitz Esnaola -

2015eko maiatzak 9

Azpeitian PPren alkategaia ez da bertako bat; galiziar bat da, Coruñakoa. Yago Mendez Prieto du izena, 20 urte dauzka, Kazetaritza eta Historia ikaslea Madrilen, eta Jose Antonio Primo de Rivera (1903-1936) falangismoaren sortzailearen zalea. Hala aitortzen du berak, bere Facebook orrian eta blogean. «Heroi» gisa joa du, eta uste du hil ondoren bilakatu zela hura «mito». «Handia adjektiboa benetan txiki geratzen da». Plataforma batek falangistaren aldeko bideo bat egina du YouTuben, eta Mendezek «oso ona» nota jarria dio Facebook-en —zazpiehun jarraitzaile pasa dauzka—.

Jose Antonio Primo de Riverak 1933an sortu zuen Espainiako falangea. Madrilgo antzoki batean egindako eratze hitzaldiaren pasarte bat dakar PPren Azpeitiko zerrendaburuak. «Zoragarrizko hitzak dira Jose Antonio handiarenak». Espainiazale eredugarritzat dauka.

Hauteskunde Batzordeak duela bi aste aldarrikatu zituen bozetako zerrendak, eta Mendez harrezkero ale batzuk ezabatuz dabil. Iruzkin batean, Espainiako banderaren historia izenpean, ikurraren eredu batzuk ditu, frankismokoa tartean, eta dio beretzat «arrotza» gaur egungo bandera konstituzionala dela, ez frankista. Guardia Zibilaren kuartel batera egindako bisita bateko irudiak ere baditu; kuartelean Francisco Franco diktadorearen busto bat dago, eta horren argazki bat du sarean Mendezek.

Idatzi izan du «asko defenditzen» duela Espainia. «Baina ez ditut beste nazioak gorrotatzen, ez naiz gehiago sentitzen edo ez naiz arrazista. Saiatzen naiz abertzale sentitzen, baina parametro moderatu batzuetan, pasio handiarekin, baina muturreko ankerkerietatik urruti». Ordea, beste sarrera batean Jose Ortega y Gasset «jakintsu eta handiaren» pasarte bat dakar, Espainiarekiko «maitasuna» demokraziaren aurretik jartzen duena: «Askatasuna baino lehenago, errepublika baino lehenago, federazioa baino lehenago, demokrazia baino lehenago, miresten dudan nire Espainiakoa naiz».

«Patuaren produktu handi» eta «Jainkoaren sekulako sormentzat» jotzen du PPko kideak Espainia. Aipatu du «aberri» haren «proiektu desiragarrian» parte hartzea erabaki zuela Nafarroak XVI. mendean, eta «bat egitea zorionekoa» izan zela. «Abertzale separatisten» aurka ere idatzi du, «nazioak gizabanakoak ez ziren historiatik edaten baitute. Gaztela, Aragoi edota Nafarroa erresumak entitate patrimonialak besterik ez ziren, erregeen jabetzakoak».

Europako Legebiltzarrerako iazko maiatzeko hauteskundeetan bozkatu zuen lehen aldiz Mendezek, ezabatua duen iruzkin batean zioenez. Vox alderdi ultraeskuindarrari eman zion botoa. «Lehen aldiz bozkatu dut, eta uste dut ez dudala hutsik egin», idatzi zuen, ondoko argazkian Vox-ekoak zeudela. Sareko jarraitzaileen galderei erantzunez azaldu zuen ez zaiola gaizki iruditzen erkidegoak desagertzea. PPko militantea da aurtendik. Apirilean Alderdi Popularrak Madrilen egindako ekitaldi bateko argazki batean ageri da, entzuleen artean eserita, bi lerro aurrerago Javier Arenas, Carlos Floriano eta Esteban Gonzalez Pons zuzendaritzakideak dituela eta hizketan Maria Dolores de Cospedal idazkari nagusia ageri dela.

PPk Azpeitian behin baino ez du eduki zinegotzi bat: 2003-2007 legealdian —Julia Tercero Donostiako bizilaguna—, ezker abertzalearen legez kanporatzeari esker lortutakoa.

Badira Yago Mendezen antzeko kasu gehiago gurean. Juan Jose Gaztañatorre Durangoko PPko kidea Tenerifeko (Espainia) inauterietan nazi militar gisa mozorrotu zen, eta maiatzeko bozetan hirugarren doa PPtik. Antsoainen UPNk 11. tokian kokatu du Oscar Rodriguez Manjon PPko kide ohia; sare sozialetan argazki bat baino gehiagotan azaltzen da nazien agurra egiten.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

COVID-19aren uste ustelak

Mikel P. Ansa

COVID-19aren pandemia ukatzen duten joera batzuek indarra hartu dute uda honetan. Haiek zabaldutako uste batzuk zeinen okerrak diren azaldu dute Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoek artikulu sorta honetan. Gaur, koronabirusaren larritasuna.

Santos Indurain Osasun kontseilariaren agerraldia, artxiboko irudi batean. ©Jesus Diges, EFE

Nafarroako egoera «egonkortzen» ari dela esan du gobernuak

Uxue Rey Gorraiz

Azken egunean, 223 positibo atzeman dituzte foru erkidegoan. Kutsatuen kopuruak behera egin du bigarren egunez jarraian.

EHUko ikasle batzuk, artxiboko irudian ©Luis Jauregialtzo / Foku

EHUk espedientea ireki dio irakasle bati, eskolak maskararik gabe ematen zituelakoan

Irati Urdalleta Lete

Farmazia Fakultateko irakasleak positibo eman du PCR proban. Hamabost eguneko epean ebatziko dute espedientea.

PCR probak, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo

Ia ehun kasu gutxiago atzeman dituzte egun bakarrean

Uxue Rey Gorraiz

Azken egunean, 608 kasu detektatu dituzte Hego Euskal Herrian. Positiboek behera egin dute Nafarroan, Bizkaian eta Araban; Gipuzkoan ugaritu egin dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna