Informazioa euskaraz, labur

Ez da gaurko kontua. Urteak dira ETBn gaztelaniazko albistegiak euskarazkoak baino luzeagoak direla. ETB1eko eta ETB2ko albistegi nagusien arteko aldea, dena den, asko handitzen da larunbat eta igande gauean. Joan den asteburuko albistegien iraupenak aldea erakusten du: larunbatean, iluntzeko Gaur egun-ek hamahiru minutu eta 37 segundoko iraupena izan zuen —Estepan Aldamiz-Etxeberriak aurkeztu zuen, eta albiste nagusia kiroletakoa izan zen: Garbiñe Muguruzaren garaipena Wimbledonen—. Gaueko Teleberri-k Gaur egun-ek baino 23 minutu eta 18 segundo gehiago iraun zuen: 36 minutu eta 55 segundo. Igande gauean ere aldea oso nabarmena izan zen: euskarazko albisteek hamabost minutu eta 25 segundo bete zituzten, eta gaztelaniazkoek 40 minutu eta 21 segundo. Horri kirolen tartea gehitu behar zaio: igande gauean, kirolek hamar minutu bete zituzten gaztelaniazko katean, eta, euskarazkoan, bost. Erdia, beraz.
Asteburuan, eguerdi parteko albistegietan aldea ez da hain handia: larunbat eguerdian, parekoak dira euskarazko eta gaztelaniazko albistegiak, eta, igande eguerdian, lau minutu luzeagoak gaztelaniazkoak.
Denboan atzera joz, 2013ko urtarrilean, igande gaueko ETB1eko albistegiak hamalau minutuko iraupena zuen, eta ETB2koak 65 minutukoa —gaztelaniazkoan, kirolek denboraren erdia betetzen zuten—. Informazio orokorreko berriek 32 minutuko iraupena zuten gaztelaniaz orduan, euskarazkoek halako bi. Gaur egun ere, tankerakoa da informazio orokorreko albisteen aldea larunbat eta igande gauean.
Maite Zurikarai ETBko albistegietako zuzendariak —martxoaren 1etik dago karguan— gaiaz esan du egoera horrelakoa izan dela azkeneko 15-20 urteetan. «Euskarazko albistegiak laburrak dira, baina oso beteak. Eguneko informazio osoa ematen dugu denbora horretan. Eguneko albiste garrantzitsuak sartzen dira, betelanekoak ez direnak». Zurikaraik esan du asteburuan gauez euskarazko albistegiak laburragoak «ordutegiaren eraginez» direla, «programazioan Gaur egun albistegia 20:30ean delako».
Asteburuan ez ezik, astegunetan ere luzeagoak dira ETBko gaztelaniazko albistegiak euskarazkoak baino: eguerdian, Gaur egun-ek 40 minutu inguruko iraupena du, eta Teleberri-k 46-47 minutu baino gehiago. Gauean, Gaur egun-ek 36-37 minutu inguru irauten du, eta Teleberri-k 46-47 minutu inguru.
2010. urtean, ETB1 berriz diseinatzeko asmoz, lantalde bat osatu zuten, Joseba Arruti ETBko euskara arduradun ohiak gidatuta. Txosten bat landu, eta egileek ondorioztatu zuten ETB1eko albistegiak ETB2koen menpeko bihurtu zirela. «Lehentasuna bigarren kateko albistegiek dute, eta horien mesedetan lantzen dira edukiak», zioten duela zazpi urte. ETB1entzat propio diseinatutako albistegi berriak lantzeko eskatu zuten. Zazpi urteren ostean, hutsean gelditu da eskaera hura.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.