Albistea entzun

Arautzeak ekar ditzake hegoak

AEBetako Gobernuaren baimenarekin, CNN droneak erabiltzen hasiko da. BBCk bideo bat egin du Auschwitzen, droneekin. Euskal Herrian legeak oztopatzen du praktika hori.
Droneen erabilera arautzea nahi dute adituek.
Droneen erabilera arautzea nahi dute adituek. BERND VON JUTRCZEN / EFE

Urtzi Urkizu -

2015eko urtarrilak 30 - Donostia

Tresna merkea da, erabilgarria, airetik plano ederrak har ditzakeena. Droneak —piloturik gabeko hegazkinak— ez dira gaur asmatuak, baina duela gutxi hasi dira haiek telebista munduan erabiltzen. Ameriketako Estatu Batuetan CNN kateak iragarri du droneak erabiliko dituela «kazetaritza ikerketak» egiteko, behin hango gobernuaren baimen berezia lortuz gero. «Gure helburua harago joatea da, goi mailako bideoak ekoiztean zer aukera dauden ikustea», esan du CNNko presidenteorde David Vigilantek. AEBetako Espazio Aireko Sistema Nazionalak orain arte mugatu egin du droneak erabiltzea, hegazkinekin talka egin dezaketelako edo istripuak sorraraz ditzaketelako. Agentzia horrek, baina, jenderik bizi ez den eremuetan baimendu izan du droneak helburu komertzialekin erabiltzea.

Aste honetan BBCk droneak erabili ditu, Auschwitzeko kontzentrazio esparruaren inguruko bideo bat egiteko: Auschwitz: Drone Video of Nazi Concentration Camp (Youtuben ikusgai).

Euskal Herrian droneak erabili nahi dituztenek legearen muga dute aurrez aurre. Espainiako Gobernuak iaz gogorarazi zuen droneak ezin direla erabili helburu komertzialetarako. Are gogorragoa da Frantziako legedia; Baionako polizia etxean, esaterako, talde bat dago propio droneen erabilera zelatatzeko. Debekua erabatekoa da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.

Istripuak, protestak, kirola

Drone School enpresa droneak erabiltzeko ikastaroak ematen ari da —Bilbon daude egunotan, eta martxoan Donostian eskainiko dute ikastaroa—. Eskolako zuzendari Aitor Goikoetxeak azaldu duenez, gobernuek beldurra diote droneen erabilerari, segurtasun kontuengatik: «Dela trafikatzaileak, terrorismoa, eta abar... Horregatik, droneen erabilera telebistan iritsiko da, bai, baina etorkizun urrunean».

Juantxo Sardon Pixel ekoizpen etxeko teknikariak ezagutzen ditu droneak. Haren iritziz, Espainiako Gobernuaren legeek muga handiak ezartzen dituzte. «CNNk esan du kazetaritza ikerketak egiteko erabiliko dituela droneak, baina, azken finean, edozein berri airetik grabatzeko aukera emango die baimenak: istripu bat, manifestazio bat edo kirol emanaldi bat. CNN enpresa handia da, botere handia dauka, eta errazago izan dezake baimenak lortzeko».

Badaude zenbait erabiltzaile talde PPren gobernuari presio egiten ari zaizkionak, erabilera normaliza dezan eta arau batzuk jartzeko.

Sardonek onartzen du droneen erabilera arautu beharra dagoela: «Edozein ezin da ibili edonon holako aparatu batekin, tresna airetik eror daitekeelako eta istripu bat eragin dezakeelako». Egun, Hego Euskal Herrian, soilik droneen erabilera ludiko bat egin daiteke, toki baimenduetan —aerodromoetan—. «Film batzuetarako ari dira baimen bereziak ematen, eremu kontrolatuetan. Baina salbuespenak dira», esan du Sardonek. «Egoera kili-kolo dago».

Araudi berria iritsi bitartean, herritar dezente ari dira droneak nola erabili ikasten. Drone School eskolan ikastaroa egiten dutenek, esaterako, operadore izateko agiri ofiziala lortzen dute. «Hortik aurrera, eremu zehatz batean dronea erabil ditzakete, aurrez abisua eman eta gero». Hiriguneetan, oraingoz, ezin da legez halakorik egin. Hendaian ere (Lapurdi) bada droneen eskola bat.

Etorkizunean kirol emanaldi batzuetan droneek aukera «politak» emango dituztela uste du Goikoetxeak: «Adibidez, txirrindularitza probetako ihesaldietan, edo maratoietan. Argazkigintzan eta bideoan aukera handiak emango ditu etorkizunean».

Teknologiaren aukerak ikusita, telebistek errealizadoreei gero eta gehiago eskatuko diete droneak erabiltzea aireko irudiak hartzeko. Muga fisikoak badituzte, ordea. Bateriek airean hamabost minutu inguruan irauten dute. «Ekoizpen batean gehigarria eskaintzen dute, baina, adibidez, ez dute irauten estropada oso batean», dio Sardonek. «Gehigarri gisa, bai, sekulako aukera ematen dute, produktua aberasten dute, kostu txiki batekin».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Operak egokitu egin du bere mezua»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Opus Liricak sasoi berria aurkeztu du. Emakumeak jarri dituzte «erdian», eta indarkeria matxistari buruzko «eztabaida kritikoa» proposatu. «Bai noski: egin daiteke hori operaren bidez», ziurtatu du Garmendiak.
1 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Infusio tantak loratzeko

Olaia L. Garaialde

Josenea enpresak hogei urte daramatza lanean, eta infusioak eta teak egiten dituzte batez ere. Nafarroan egiten dute ekoizpena, hasieratik amaierara arte. Ekonomia zirkularraren Europako lehenengo parkea izateko bidean da.
Urtantan parte hartuko duten musikarietako batzuk, antolatzaileekin eta babesleekin batera. ©AMAIA JIMENEZ LARREA

Musika eta natura uztartuz

Amaia Jimenez Larrea

Uztailaren 22tik 24ra Urtanta jaialdia egingo dute, Urmugaren bertsio murriztua. Mendia eta itsasoa lotuko ditu ibilaldiak, eta Pasaiatik Azkainera sei musika emanaldi izango dira
Ehun urte igaro dira Howard Carter arkeologoak Tutankamonen hilobiaren sarrera aurkitu zuenetik. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Faraoiaren lehen bisitariak

Unai Etxenausia

Tutankamonen hilobia aurkitu zutenean hainbat lagun joan ziren Euskal Herritik hura bisitatzera. Gasteizko Bibat museoak bildu ditu haien ingurukoak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.