Noiz sortua: 2016-02-18 00:30:00

Itsasoari loturik dagoen komedia bat, «ukitu sozialarekin»

ETB1ek asteartean estreinatuko du 'Eskamak kentzen' telesaila.

ETBko zuzendaria baikor azaldu da bigarren denboraldia egiteari begira
JON URBE / ARGAZKI PRESS

Urtzi Urkizu -

2016ko otsailak 18
Mutrikun (Gipuzkoa) jaiotako gidoilari baten (Iñigo Lezertua) burutik sortutakoa Mutrikun grabatu zuten udazkenean —baita Donostiako Miramongo egoitzan ere—. Itsasoko kresalaren usaina nabaria da Eskamak kentzen telesailaren eszenetan. Joan dira sei aste ETB1ek Aitaren etxea-ren azkeneko atala eman zuenetik. Eta datorren astean estreinatuko du fikziozko ekoizpen berria. Asteartetan emango dute Eskamak kentzen, 22:00etan; eta igandetan errepikatuko dute, 21:30ean, Herri txiki infernu handi saioaren aurretik.

Lezertua hunkituta mintzatu zen atzo Donostian, aurkezpenean: «Nire familia itsasokoa da. Aitona patroia zen, eta gizonak itsasora joaten zirenean emakumeek eramaten zuten etxeko lema. Amona duela bi urte hil zen; bizitza gogorra izan zuen, baina ez nuen inoiz triste ikusi. Pentsatu nuen horrelako jendeak merezi zuela istorio hori kontatzea». Atzerrian ibilia da Lezertua, Ameriketako Estatu Batuetan, eta irakasle batek esan ziona gogoan du: «Norberak barruan daramanak elikatzen du istorio bat. Egiazkotasuna topatu behar da barruan duzun kontu horietan».

Lezertuaren bizipenetatik gertu dago Eskamak kentzen-eko istorioa: kontserba lantegi batek hondoa jo du. Langileek, emakumeak denak, pauso bat aurrera egitea erabakiko dute orduan: lantegia erosi eta kooperatiba bat sortuko dute. Zorpetu egingo dira horretarako. Lantegiaren kudeatzaile berria New Yorketik iritsitako herriko gazte bat izango da. Lezertuaren iritziz, «bihotz-bihotzetik» egin da istorioa, eta «mimo handiz» ekoitzi da.

La Competencia ekoizpen etxeko Cesar Rodriguez Blancok garatu du proiektua Lezertuarekin batera. «Denbora generaman istorio baten bila: istorioaren ardatza emakume talde bat izatea nahi genuen, eta komedia, drama eta gizartearen isla uztartzeko aukera ematea», azaldu zuen Rodriguez Blancok. «Erreferenteen artean Las mujeres de verdad tienen curvas filma genuen. Aurrera egiteko bat egiten duten emakume langileen istorio bat kontatu nahi genuen». Bilaketa horretan, Lezertuaren istorioa lantzea erabaki zuen ekoizpen etxeak. «Iraganean Doctor Mateo eta Mareas vivas telesailak ekoitzi ditugu, eta generoa maite dugu». ETBn proiektua aurkeztu aurretik, bidailagun bat aurkitu zuen La Competenciak: K2000 Bizkaiko ekoizpen etxea. Blanca Baena K2000ko fikzio zuzendariak «luxutzat» jo du La Competenciarekin elkarlanean aritu izana. «Telesaila dibertigarria da, eta ikusleen gustukoa izango dela uste dut», esan zuen Baenak.

Eskarmentuzko aktoreak

Olatz Beobide eta Pedro Fuentes dira telesailaren zuzendariak —biak Goenkale-n arituak—. Eskarmentu handiko aktore taldea zuzendu dute. Familia berean, amona da Itziar Aizpuru, alaba Loli Astoreka eta biloba Barbara Goenaga. Familia erdia, benetakoa, Mutrikukoa du Aizpuruk, eta pozik egin du han lan: «Amona txispaduna naiz istorioan, gazteei aholku onak ematen dizkiena». Kontserbagileak Elena Irureta, Karmele Larrinaga, Maria Urzelai, Ainara Ortega eta Amaia Irazabal dira. Telebistako lehen esperientziarekin «ezin hobeto» pasatu duela azaldu zuen Irazabalek. «Istorioa oso polita da, gurea», nabarmendu zuen Larrinagak. Joseba Apaolaza, Alberto Berzal eta Ramon Agirre dira gizonezko aktoreak. Baina hasieratik ikusiko da telesailean emakumeak direla hariaren ardatz.

ETBko zuzendari Edu Barinagak «erronka indartsutzat» jo zuen telesaila: «Itsasoarekin eta gure herriarekin zerikusia duen istorio bat izango da. Istorio horretan, emakumeek zer esana izan dute. Eta, bestalde, ukitu soziala izango du telesailak, ikusiko baitugu emakume batzuek bizimodua aurrera ateratzeko duten indarra».

Bigarren denboraldia grabatzeko erabakiari begira, Barinagak ez zuen adierazi saioak zer zenbaki beharko dituen. «Datuez harago, jendearen iritzi kualitatiboak hartuko ditugu aintzat». Haren ustez, ekoizpenak baditu osagaiak arrakasta lortzeko. Baikor mintzo da: «Igandetan ere emango dugu, eta erraza izango da katearen batez bestekoa [%2] gainditzea».

Eskamak kentzen marka ez da telebistara mugatuko. Hegaluze marka propioa sortu dute, eta 2.000 pote jarriko dituzte salgai datorren astetik aurrera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna