Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Hamar urte iruditan oparo

Publizitatea

Bizigiro

Hamar urte iruditan oparo

Gaur betetzen dira hamar urte Berria telebistak bere aurreneko bideoa Interneten jarri zuela. Ikus-entzunezkoen joera berrietara egokituz joan da urteotan.
Lara Madinabeitia, Garikoitz Goikoetxea eta Edurne Begiristain, Iñigo Urkullu elkarrizketatzen.
Argazkia: RAUL BOJAGO / ARGAZKI PRESS

2017-02-16 / Urtzi Urkizu

Testua eta hitza. Hitza eta testua dira oinarri euskarazko egunkarian. Paperean eta Interneten, baina, ez hori bakarrik. Ikus-entzunezko eskaintza egiten duen komunikabidea ere badelako BERRIA. Hamar urte dira gaur Berria telebistak lehen bideoa Interneten jarri zuela, eta, orduz geroztik, askotariko formatuak erabili ditu edukiak plazaratzeko. «Berria telebista, jaio zenetik, aurrera begira egon da», azaldu du Lara Madinabeitiak, Berria TBko bideogileak. 2007ko lehen bideoak egin eta gutxira hartu zuen telebistaren ardura Madinabeitiak. «2007 hartan, streaming teknologia ia-ia ez zen erabiltzen, eta BERRIAk berehala ekin zion zuzenekoak egiteari».

Hamar urteotan, dena den, aldaketa ugari gertatu dira Interneteko ikus-entzunezkoetan. Hori nabaritu da Berria TBren eskaintzan, Madinabeitiaren ustetan. «Hasi ginen bideogintza sinplea landuz. Hori garatuz joan ginen, erreportaje landuagoekin. Zuzeneko mahai inguruak egiten ere hasi ginen erredakzioan, baita bestelako saio batzuk ere, eta kazetarien bideo iruzkinak ere bai». Une esanguratsuetan zuzeneko solasaldiak egin ditu Berria TBk Andoaingo (Gipuzkoa) erredakzioan; esate baterako, ETAk 2011n su-etena iragarri zuen egunean bertan saio bat egin zuen, eta hurrengo goizean beste bat. Teknologia berrietara eta bideogintzako forma berrietara egokituz joan da Berria TB.

Programa bereziak

Egunerokotasuneko gaiekin bideoak egiteaz gain, Berria TBk saio bereziak egin izan ditu urteotan. 2010. eta 2011. urteetan Esan ahala elkarrizketa eta mahai inguru saioa egin zuen, Digitalak ekoizpen etxearen laguntzarekin, Lasarte-Orian (Gipuzkoa).

2012ko eta 2016ko Olinpiar Jokoetan Seigarren uztaia eguneroko saioa egin zuen. «Londresko jokoetan Unai Zubeldia eta Imanol Magro kazetariek telefono bidez egin zituzten zuzeneko konexioak. Riokoetan, Magrok eta Enekoitz Telleriak bideoak bidali zituzten». Berria telebistak beste komunikabide batzuekin elkarlaneko saioak ere ekoitzi ditu. 2012. urtean, Donostiako Zinemaldiari buruzko saioari ekin zion Hamaikarekin; orduz geroztik, goizero ematen dute Kursaaletik Zinemaldiko egunetan. Lagun berriak batu zaizkie elkarlanera: Irutxuloko Hitza, Gaztezulo eta Zinea.eus. Berria TBren beste elkarlan garrantzitsu bat 2015eko Korrika izan zen. Euskarazko komunikabide ugarik bat egin zuten —tartean, ETB—, elkarrekin Korrikaren hasiera eta amaiera egiteko.

Argazki Press agentziak grabatzen dituen bideoak ere BERRIAren webgunean garrantzitsuak direla esan du telebistako arduradunak. Nabarmendu du, halaber, BERRIAko kazetariek egun lehen baino gehiago dutela buruan bideogintza edukiak plazaratzerako orduan: «Kazetariek argi dute papera hor dagoela, baina horri bideo batek lagun diezaiokeela bai iruzkin baten bidez bai, eta lan bat iragartzeko edo gai bat hitz gutxirekin laburtzeko ere». Egun, esate baterako, Ekonomia saileko kazetariek Ekonominutua egiten dute astero. «Horrelako bideo laburrek ondo funtzionatzen dute sare sozialetan». Zuzenekoak egiteko, bestalde, joera berrietara egokitzen ari da Berria TB. «Zuzeneko luzeak egiteko, Youtube erabiltzen dugu. Zuzeneko laburrak egiteko, berriz, Facebook Livekin ari gara. Ukaezina da Facebookek alor horretan gorakada handia izan duela azken aldian».

Bide berriak sortzen direnean probatu egin behar direla uste du Madinabeitiak: «Esperimentatu egin behar da. Batzuetan funtzionatuko du, eta besteetan, ez. Baina gure esku badago, saiatuko gara». Aurrera begira, bideogileari iruditzen zaio erredakzioko kazetariak gero eta gehiago inplikatuko direla ikus-entzunezko edukietan. «Iruditzen zait gero eta uztartuago joango direla papera eta telebista».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea