Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro «Gazte askok uko egin diote telebistari, ez zaielako interesatzen»

Publizitatea

Bizigiro

Idoia Astigarraga. Ikertzailea

«Gazte askok uko egin diote telebistari, ez zaielako interesatzen»

Mondragon Unibertsitateko irakasleak 18 eta 24 urte arteko ikasleek pantailekin duten harremana aztertu du. Ondorioztatu duenez, oraindik asko dira telebista gurasoek bezala kontsumitzen dutenak.
Argazkia: MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

2017-07-15 / Edu Lartzanguren

Idoia Astigarraga (Durango, Bizkaia, 1967) hiru urtez aritu zen lanean ETBn, besteak beste Goenkale eta Wazemank saioetan. Gaur, irakasle dabil Mondragon Unibertsitatean. Doktore tesia aurkeztu berri du: Gazteen Interakzioa ikus-entzunezko edukiekin. Mondragon Unibertsitateko ikasleen kasua. 18 eta 24 urte artekoek pantailekin duten harremana ikertu du.

Zure ikerketak balio al du gurasoei ohartarazteko gazteak zertan ari diren pantailari begira ari direnean?

Gurasook hitz egiten dugu horren inguruan. Ikusi eta sumatzen dugu zertan ari diren. Agian guraso batzuei arrastoa emango die nire lanak, baina, batez ere, industriari begirako ikerketa da. Estrategia bilatzen ari dira kateak, eta telebista sozialaren ideiaren inguruan zein indar jarri aztertzen. Telebistaren inguruan komunitatea sortzen denean, fenomeno itzela izaten da, baina ikerketa askok esaten dute kateak, gaur, ikusleen zati txiki bati bakarrik begira ari direla. Esaterako, ikerketan parte hartu duten gazteen artean, neurketa enpresek ematen dietena baino askoz ikusle kopuru handiagoa du ETB1ek. Euskarazko kateari bakarrik audientzia potentziala neurtuko baliote, askoz emaitza hobeak izango lituzke.

Atera duzun ondorioetako bat honako hau da: familiarekin telebista ikusten ari diren bitartean sakelakoarekin lagunekin mezuka ari diren gazteak ez dira ikusten ari direnaren inguruan eztabaidatzen ari. Orduan, nola dira osagarriak bi pantailak?

Pantailak norberarenak dira, eta oso pertsonalizatuak, eta Internet izugarri zabala da. Gazteek Interneten telebistan ez dagoena bilatzen dute. Beraz, osagarriak dira telebista eta Internet, horientzat, behintzat. Interneteko kontsumoak zerikusia du gazteen zaletasunekin, kirolekin... Besteek nola egiten duten ikusi nahi izaten dute. Ikerketako gazte batek «Youtube da nire telebista» esan du. Gazteen %60k bideoak grabatzen dituzte, eta %80k sarean zabaltzen dituzte, baina, gehienetan modu pribatuan.

Fenomeno interesgarria islatu duzu: telebistarik ikusten ez duten gazteak. Gutxiengo bat da, baina telebistarik gabeko belaunaldi batera al goaz?

Aste barruan, %9,5 dira telebistari uko egiten diotenak, eta %12,5era heltzen da kopurua asteburuetan. Denetako kasuak daude, baina askok esaten dute uko egin diotela telebistari, ez zaielako interesatzen telebistan dagoena. Nahi dutena, nahi dutenean eta nahi duten lekuan ikusi nahi dute. Telebistak ez badie eskaintzen ikusi nahi dutena, paso egiten dute. Bada, edonola ere, gazte multzo handi bat, adin tarte horretan ere, telebista kontsumo tradizionala egiten duena. Tesian, etorkizunerako ildo posibleetan, hori neurtzen jarraitzea proposatu dut, ikusteko Interneten ohiko telebista kontsumoa gaindituko ote duen.

Telebistaren industria ez al dago harrapatuta? Alde batetik, saioak lausotu behar ditu ahalik eta ikusle gehiena erakartzeko, Youtubek gauzarik berezienarentzat ere lekua duenean?

Ez dago ukatzerik Youtubek leiho asko zabaltzen dituela. Aldaketarik handiena, dena den, Internetera konektaturiko telebista nagusitzen denean etorriko da. Edonola ere, ordutegi finkoko telebistak oraindik ere badu zentzua kirol emanaldiak direnean, Olinpiar Jokoak kasurako. Horretan ez dago Interneten lehiarik. Eta baita telebista sozialaren bidean: izan ere, horren zentzua ikusi ahala txiokatzea baita, esperientzia aldi berean partekatzeko, ez eta hurrengo egunean.

Zein ondorio erabilgarri atera daitezke zure ikerketatik ETB gaurko atakatik ateratzeko?

Kontraesana daukat hor. Alde batetik, garbi daukat ezin garela egon audientzia neurketen menpe. Baina, beste alde batetik, emisioak zentzua galtzen du ikuslerik ez badu. ETBk gaur daukan ikusle datu txikiekin, ez dauka asko galtzeko, eta, agian, bada garaia ausartak izateko, eta proba batzuk egiteko. Baina dagoen gutxi hori ez galtzeko, apurka-apurka egin beharko lirateke aldaketak.

Publizitatea

Sortu kontua
Edu Lartzanguren Edu Lartzanguren

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak